|
|
|
Jotakieren 'burrundaie'
Ihintza Agirretxe
.20 urte dira Jotakie musika taldeak bere lehen LPa atera zuela; 16 urte daramatzate isilik, baina, hala ere, oraindik entzuten da taldearen ‘burrundaie’
|
|
Martin, Aizbitarte, larrañaga eta Elorza, lehenengo astan, Azpeitian.
(Ihintza Agirretxe)
|
|
|
|
Jose Antonio Elorza, Manolo Aizbitarte, Pello Larrañaga, Luka Martin eta Fran Iturbe Jotakieko kideak —hau bukaeran egon zen—, azken diskoaren garaian.
(Pello Larrañagak utzitakoak)
|
|
|
|
Joxe Antonio Elorza, kantuan.
(Pello Larrañagak utzitakoak)
|
|
Kriston burrundaie, kriston burrundaie, kriston burrundaie... Beti, beti, beti, beti!” hasten da Jotakie taldearen kanturik ezagunena. Bere garaian, Hertzainak, Kortatu, Itoitz eta beste talde batzuekin batera burrundada edo zarata handia atera zuen Joatekiek. Duela 20 urte atera zuen lehen LPa. Baina ibilbideari agurra isilean eman zion; 1990ean izan zen, Bergarako plazan. Ordutik disko bilduma bat atera dute.
Luka Martin (baxua), Joxe Antonio Elorza (ahotsa), Pello Larrañaga (bateria) eta Manolo Aizbitartek (gitarra) izan ziren Jotakieko partaideak, baina tartean sartu-irten batzuk ere izan ziren. “Urtebete-bi urteren barruan aldaketa batzuk izan ziren taldean eta, azkenean, laurok gelditu ginen”, dio Elorzak, beraien musika ibilbidea gogoratzean. 1982 ingurua zen, eta taldea osatuta, Gipuzkoa Star 82 diskoan kanta bat grabatu zuten. Hor hasi zuten benetan ibilbidea.
“Orduko musika munduak ez du zerikusirik oraingoarekin. Guk ez genekien nola kantatu behar genuen; euskaraz, gazteleraz, inglesez, latinez ere egiten genuen...”, hasi da Elorza. Ez zuten helbururik, musika egitea gustatzen zitzaien lagun taldea ziren, eta ondo pasatzen zuten lan horretan. “Baina pixkanaka-pixkanaka gauzak sendotzen joan ziren, eta horrelaxe egin genuen aurrera”, dio Larrañagak.
Behin taldea osatu eta sendotuta, euskaraz kantatzeko erabakia hartu zuten. “Garai hartan ez zeuden euskaraz kantatzen zuten talde asko, eta guk euskaraz egitea erabaki genuen. Gero, gurekin batera samar Kortatu, Hertzainak, Zarama... hasi ziren euskaraz kantatzen. Baina ez zegoen beste talde askorik”, dio Elorzak.
Hasierak. 80ko hamarkada hasieran sortutako talde gehienak, berbena talde bezala hasitakoak ziren, eta Jotakiek ere hasieran horrelaxe funtzionatzen zuen. Gainera, kontzertuak taldeak berak antolatu behar izaten zituen. “Eskenatoki eta soinu ekipoa muntatu, taberna jarri eta lagunei esan han lan egiteko, publizitatea egin eta kalean jarri... Hasieran dena horrela izan zen, dena guk geuk egin behar izaten genuen. Bazkalondoan hasten ginen lanean eta goizeko ordu txikietan bukatzen genuen”, esan du Larrañagak.
Gero pixkanaka-pixkanaka taldea finkatzen joan zen eta, jendeak onak zirela esaten zieten heinean, beraiek nahi zuten horretan aurrera egin zezaketela sinesten hasi ziren. Musika serioago hartzen hasi ziren.
Une garrantzitsua. Urdiainen eman zuten kontzertua oso garrantzitsua izan zen Jotakierentzat. “Marino Goñi (gaur egun Gor disketxea du) etorri zen gure kontzertua ikustera, eta disko bat grabatzeko eskaintza egin zigun”, azaltzen du Elorzak. Orduan grabatu zuten Kortatu, Cicatriz eta Kontuz hi! taldeekin batera diskoa, 1985. urtea zen.
Disko horretan, lau abesti grabatu zituzten. Hor ere zorte ona izan zuten. “Beste taldeek hiru kanta grabatu zituzten disko horretarako, baina gureak motzak zirenez, guk lau grabatu genituen”, dio Elorzak, barrez. “Horiek, talde berriak promozionatzeko diskak izaten ziren. Zein taldek funtzionatzen zuen eta zeinek ez jakin nahi izaten zuten disketxeek”, dio Martinek.
Kontzertuak. Disko hori grabatu zuten urteko sanferminetan egundoko arrakasta izan zuten Iruñean. “Urte hartako sanferminetan Kortatu eta Jotakie izan ziren gehien entzun ziren taldeak”, bota du Martinek.
Sanferminetan, Bilboko Aste Nagusian... Euskal Herriko hiriburuetako festa nagusietan jotzeko aukera izan zuten. Baina horretaz gain, 1985ean Bilbon egin zen OTAN Ez kanpainaren bukaerako jaian ere jo zuten. “Gladys del Estal ekologista hil zutenean, Bilbon jai handi bat izan zen haren omenez, eta han jo genuen”, esan du Elorzak.
Martuteneko kartzelan ere jo zuten behin. “Kartzelan jo aurreko egunean, Iruñean aritu ginen. Egundoko elurra egin zuen egun hartan eta Iruñean bertan lo egin eta goizean abiatu ginen Donostiara. Abiatu aurretik abisatu genuen ez genekiela iritsiko ginen”, dio Aizbitartek. Martutenen eman zuten kontzertuarekin ondo gogoratzen dira, baita handik gutxira gertatu zenarekin ere. “Guk kontzertua eman eta handik bi astera-edo Imanolek eman zuen kontzertua. Orduan ihes egin zuten Joseba Sarrionandiak- eta kartzelatik”.
Kanpoan ere bai. Kanpoko esperientzia “hobea” izan zen, Euskal Herrikoa baino.
Kanpora egindako aurreneko bidaia Alemaniara egin zuten. “Hilabeterako-edo joan ginen. 18 kontzertu eman genituen
denera. Normalean, leku txikietan jotzen genuen. Unibertsitateren batean ere bai jende askoren aurrean, baina, bestela, 400-500 lagunen aurrean jotzen genuen”.
Komeriak
“Behin, herri koskor batera joan ginen kontzertua ematera, Acedora. Iritsi ginen eta eskenategia traktore baten atoia zela esan ziguten. Guk hantxe muntatu genituen gure instrumentuak, ez zitzagun gehiegi gustatu, baina beno. Iluntzean genuen kontzertua. Hasi zen kontzertua eta, gu jotzen ari ginen bitartean, traktorearen barruan ume batzuk jolasean hasi eta eskuko frenua kendu zuten. Han abiatu ginen aldapan behera instrumentu eta guzti!”, dio, barrez, Pello Larrañagak.
Baina lagun hoberik topatu dute bidean. “Atxubiagako txabolan entseatzen genuen. 1983an uholdeak izan zirenean, instrumentu denak gure txabolan genituen eta bizilagunek atera zizikiguten txabolatik”, dio Larrañagak.
Liburua egiten
Xabier Borda idazle azpeitiarra Jotakie musika taldeari buruzko liburua egiten ari da. Gaztelupeko Hotsak-ek aterako du liburua. Aurten, urte bukaera aldera-edo argitaratuko da.
Hiru disko
Jotakiek hiru disko propio atera zituen.
Zurt (1986an).
Piztu nazazu jauna (1987an).
Joxemai Beltza (1989an).
|