Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Uztaila » 

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

JULIAN BEREZIARTUA Medikua

"Nik dudan guztia lan eginez lortu dut, ez dago misteriorik"

Ihintza Agirretxe

  (Ihintza Agirretxe)
  (Ihintza Agirretxe)
  (Ihintza Agirretxe)
  (Ihintza Agirretxe)
  (Ihintza Agirretxe)

.11 urte zituela ikastera joan zen kanpora, ordutik ez da bizi Azpeitian baina azpeitiar peto-petoa izaten jarraitzen du Julian Bereziartua Zuriko-k. 70 urte ditu, eta Osakidetzan 44 urtean lanean aritu ondoren, erretiroa hartu du. Oraindik, ordea, Azpeitiko kontsultara astean hiru aldiz etortzen da, “azpeitiarrekin dudan zorra ordaintzera”. Bere istorioak biltzen dituen liburuxka idatzi du.

Orain gutxi hartu duzu erretiroa Osakidetzan.

Bai. Osakidetzan 65 urte betez gero, erretiroa har daiteke, nik 70 urte bete ditut eta erretiroa hartu berri dut. 65 urtetik orain arte urtero baimena eskatu izan dut lanean segitzeko, eta orain arte segitu dut, batik bat gustatu egiten zaidalako. 5 urtean luzatu izan didate, baina 70 urtetik aurrera ezin da kargu ofizial horietan jarraitu, eta erretiratu egin naiz. Orain Azpeitiko kontsultan baino ez dut egiten lan. Gustatu egiten zait-eta lan hau.

Beste asko 65 urtera noiz iritsiko egoten dira lanari uzteko. Zu, aldiz...

Nire afizioa eta ofizioa hauxe delako. Nik ezin dut gehiago eskatu, nahi dudan guztia dut, lan kontuari dagokionez behintzat.

.45 urte dira medikuntzan lanean hasi zinenetik. Lanean 45 urte egin ditut eta horietatik 44, Osakidetzan. Mediku titulua atera nuen, eta ondoren 7 urte ospitaletan interno egin nituen. Han nengoen bitartean kirurgiako titulua atera nuen. Interno nengoenean bizi, jan, lo eta lana bertan egiten nituen. Harrezkero, kirurgia egin dut eta egiten jarraitzen dut. 45 urte horietatik 40tan, Osakidetzako lana hemengo kontsultarekin uztartu izan dut.

Zer moduz interno?

Nirekin oso ondo portatu ziren interno egon nintzenean. Han txarrena, jana eskasa zela zen, eta gehienetan ez genuen denborarik hartzen bazkaldu eta afaldu mahaitik altxatu gabe egiteko; beti izaten zen larrialdiren bat kasu egiteko. Lotara ere ahal zela ordubatak-ordubiak aldera arte ez ginen joaten, gero seiak-zazpiak aldera arte lo lasai egiteko.

Beraz, gaztaroa lanean gogor pasatu zenuen.

Ez nuen sufritzen lana nuelako, ordea. Gaixoen arazoekin-eta pasatzen nuen gaizki. Oso gauza serioak, oso tristeak dira gaixoenak. Eta bihotzak buelta ematen du askotan. Askotan gertatu zait kirofanora joan eta emakume gazteek esatea: ‘Julian, ondo trata nazazu, eh! Kontuz ebakuntzarekin’. ‘Zergatik?’ galdetu eta erantzuna: ‘Etxean hiru ume txiki laga ditut eta’. Hori entzutean, bihotzean estutua sentitzen duzu.

Zer dela-eta hasi zinen medikuntza ikasten?

Dudan nengoen albaitaritza edo medikuntza ikasi, eta aitak behin esan zidan: ‘Julian, zuk nahi duzuna egin, baina uste dut hobe duzula medikuntza ikastea. Onenera jo eta, albaitari egiten bazara, baserrietan ukuiluan hartuko zaituzte. Txarrenera jo eta, mediku egiten bazara, sukaldean hartuko zaituzte’. Eta badago aldea, albaitariei errespetu osoa gordez.

Beti jakin izan duzu osasunarekin lotutako zerbaitetan egingo duzula lan, orduan.

Bai, bizia duen gauzekin egin nahi izan dut lan beti. Gero, segituan konbentzitu nintzen niretzat onena medikuntza zela. Lehen urteak gogorrak izan ziren, bigarren eta hirugarren urteak egunero hildakoak operatzen pasatu nituen, eta hori gogorra da. Horra profesional bezala joan behar da, sentimenduak alde batera utzita. Hortik aurrera bat egin egiten da, eta ja gaixoekin hasten zara lanean. Laneko hirugarren lerroan, baina gaixoekin behintzat.

Zure hartan ez zen jende asko joango unibertsitatera, ezta?

Orain, zorionez, hamarretik zazpik unibertsitatera joateko aukera eta ahalmena dute. Orduan ehunetik bik-edo izango genuen. Zaila zen garai hartan unibertsitatera joatea. Ni familia pobrekoa naiz, tabernarien semea. Nire gurasoek Landetan taberna zuten, eta lan asko egin behar izan zuten ni unibertsitatera bidaltzeko. Ezingo dut behin ere behar adina eskertu haiek nigatik egindakoa. Azpeitiar asko joaten ziren gure etxera; bai jatetxera eta baita tabernara ere zerbait hartzera. Beraz, norbaitekin zorra badut, Azpeitiko herriarekin da, eta Azpeitian kontsulta izatearen arrazoietako bat horixe da.

Nolakoa zen unibertsitate garaiko Julian?

Iruńera, lehen kolegiora joan nintzenean, han euskaldunei iseka egiten zigutela ikusi nuen. Pentsatu, Iruńean gu ‘los vascos’ ginen, eta beraiek ‘nafarrak’. Konturatu nintzen ez nekiela gazteleraz, eta segituan igarri nuen haiek harrapatzeko gehiago ikasi beharko nuela. Haiek hiru ordu egiten bazituzten, nik lau edo bost egin beharko nituen. Orduan, saiatu egin nintzen eta harrapatu egin nituen. Gero, behin pelotoian sartuz gero, hor joaten zara batzuetan bultzaka eta besteetan tiraka. Unibertsitatean ni ez nintzen inor baino azkarragoa baina lan asko egin nuen. Dudan guztia lan eginez lortu dut, ez dago beste misteriorik.

Unibertsitatea bukatu eta noiz arte egon zinen interno?

  1. urterekin sartu eta 32rekin irten nuen. 7 urtean egon nintzen ospitalean interno eta ospitaletik, ezkontza bezperan irten nuen.

Azpeitiko kontsulta noiz jarri zenuen?

Espezialitatea egiten 5 urte pasatu nituenean, orduan ireki nuen hemen kontsulta. Lehenengo urteetan ez, nik ere prestatuta egon nahi bainuen kontsulta irekitzerako. Pentsatu nuenean nire prestakuntzarekin kontsulta ireki nezakeela, ireki egin nuen. Baina 5 urte pasatu nituen ospitaletan bakarrik lana eginez.

Eta zer moduzko esperientzia hemengoa?

Hobetu ezinezkoa. Beti esan ohi dut niri mundu honek eskatu dudana baino hamar aldiz gehiago eman didala eta ezin dut gehiago ezer eskatu. Zoriontsu bizi bainaiz horrelaxe.

Hemen urte askoan jarraitzeko asmoa al duzu?

Ez. Nire asmoa, dohain fisikoak eta mentalak ondo ditudan bitartean segitzea da. Baina, hala ere, pixkanaka erretiratzen joateko asmoa dut. Hemen kontsulta izanda, ez diot inori kalterik egiten. Jendea datorren bitartean, seinale ona da, jendeak konfiantza duen seinale da, eta hori horrela den bitartean, segitu egingo dut. Baina dohainak jaisten ari direla ikusten badut, ez dut inongo izango lotsarik lana lagatzeko. Hau hirugarren etapa omen da, eta laugarrena hasiko dut orduan.

Orain arteko ibilbidean zailena, gaixoen arazoak, beraz.

Bai, dudarik gabe. Gure honetan, gauzak errazak direnean, oso errazak dira, baratzako belar batzuekin senda daiteke. Baina zailak direnean, oso zailak dira. Batzuena zer den asmatzea kostatu egiten da, tratamendua normalean erraza izaten da, liburuetan dena jartzen baitu. Gero garrantzitsua da pertsona horiek konfiantza izatea, nik esaten diedanarekin.

Zer ba?

Beti esan izan dut gaixo batek ez duela mediku onenarena joan behar, konfiantza duen medikuarena baizik, seguruenik honek sendatuko baitu. Gauzak ez doazenean ondo sufritu egiten dugu, nahiz eta disimulatzen saiatu. Niri ederki nabaritzen didate etxean. Behin edo behin malkoak ere irten izan zaizkit, baina ofizio hau horrelakoxea da.

Baina txanponak bi alde ditu.

Bai. Akordatzen naiz, kontsulta pasatzen ari nintzen batean, orain gutxi, emakume bat etorri zitzaidala ni agurtu nahian. Sartu zen eta zein zen azaldu zidan, eta esan zidan nik karrera bukatu eta artatu nuen lehen erditzea berea izan zela. Orain 42 urte izan zen hori eta poza ematen du jendea horrela hurbiltzeak. Beste batek esan zidan orain 32 urte nik operatu nuela, eta horiek poz handia ematen dute; ezin da diruarekin erosi.

Mediku batek zer behar du?

Lehenengo, pentsatu egin behar du lanbide honek zer duen alde eta zer kontra. Ni bost seme-alabaren aita naiz, lehen hirurak neskak dira eta beste biak mutilak. Inoiz ez diet esan zer ikasi, baina bi txikienek esan zidaten nik bezala ez zutela bizi nahi, gauez lo egin ezinda, eta biak aparejadore egin dira. Beraz, lehenego, pentsatu egin behar da. Hemen, unibertsitatean hildakoak operatzeko hesi hori pasatu behar da. Hori pasatuz gero, errazago egiten dira gauzak, baina horretarako gai ez bada, utzita hobe. Eta ez da perezarik izan behar bazkaltzetik edo ohetik jaikitzeko gaixo bat ikusteko. Pertsona horrek jaten baino gehiago disfrutatzen badu gaixoa ikusten, orduan mediku ona izango da. Alderantziz bada, behin ere ez da ona izango.

Alabek segitu dizute.

Alaba zaharrena internista da eta Gurutzetako ospitalean egiten du lan. Bigarrenak Azpeitiko nire etxean du kontsulta eta psikologoa da. Eta hirugarrena botikaria. Hiru neskek nire aldera egin dute, baina nik inoiz ezer esan gabe. Ez dakit geneetan joan den edo ikusiz gustatu zaien.

Hamaika pasadizo badituzu lanean gertatutakoak... Liburuxka atera duzu.

Bai, eta hor daude bilduta nik ditudan pasadizorik gehienak. Hementxe horietako bat. Behin laurogeitaka urte zituen gizon bat etorri zitzaidan kontsultara, ez nion ezer partikularrik topatu eta esan nionean ez zuela ezer, ‘ezer ez al didazu agindu behar?’, galdetu zidan. Nik, ongi zegoela eta ez zuela ezer behar. Hark berean segitzen zuen eta azkenean handik 10 urtera etortzeko agindu nion, eta hark: ‘Bale, ni etorriko naiz, baina zu hor egongo al zara?’. Azpeitian umore ederra dago, baina askotan gogorra, ankerra da. Geure buruari barre egiten diogu, hori ulertuz gero primeran, baina kanpokoentzako askotan gogorra da. Guk geure buruarenak ederki ulertzen ditugu, baina gertatu izan zait kanpoan kontatu hemengo pasadizoren bat eta haiek ez ulertzea.

Liburua, beti buruan izan duzun zerbait izan al da?

Batzutan lana bukatu eta paper zaharretan idazten nituen anekdotak. Egunen batean beste gauzak idazteko aukerarik ez banuen, anekdota horiek hor izatea nahi nuen. Nik, neuk bakarrik, liburu bat idatzi dut, baina beste seitan-edo lagundu izan dut. Lan gehien eman didan liburua, neuk ateratako hau izan da. 300en bat orrialde ditu, eta horiek ez dira bakarrik betetzen. Gehienbat janariari buruz idatzi dut, baina beti ere medikuaren ikuspegitik. Jendeak interes handia du janariaren inguruan, ondo jaten al dugun jakin nahi du. Jendeak doministikua-eta... zerk sortzen dituen ere jakin nahi izaten du. Azken batean, ikusten duenari eta sentitzen duenari buruz jakin nahi du.

Euskadi Irratian urte askoan zaude kolaboratzen.

Bai, hor lata handi samarra eman izan dut. Hiru hilabeterako sartu nintzen proba egite aldera eta 24 urte daramatzat bertan. Orain igandeetan dut saioa, baina oso goiz. Gehienak lotan harrapatzen ditut.

Baina zuri ere gustatzen zaizu jendearekin harremana izatea, hitzaldiak ere ematen dituzu...

Begira, esango dizut zergatik hasi nintzen komunikabideetan kolaboratzen: ez dakit igarriko zaidan, baina nahiko pertsona itxia naiz, ez naiz segituan hitz egiten hasten den horietakoa. Hortxe izan dut borrokorik handiena, mediku bezala jendearen aurrean hitz egitea tokatzen zait eta ezin hasi, eta mikrofono bat ikusi orduko atzeraka hasten nintzen. Horma hori puskatu behar nuela uste nuen. Baina oraindik horma bat ikusten dut. Astero 20 bat minutuz hitz egiten dut, baina, hala ere, gutxienez bi orduko lana prestatuta izaten dut. Nahiz eta hemezortzi aldiz errepasatuta izan, eskuan paperak izan behar ditut.

Azpeitira astean hiru aldiz etortzen zara oraindik.

Bai, astearte, ostegun eta zapatutan etortzen naiz. Azpeititik 11 urterekin alde egin nuen. Urtean zortzi bat hilabete pasatzen nituen kanpoan ikasten, baina sustraiak hemen ditut oraindik.

Grafologia

Pixka bat saltseroa” ere bada Bereziartua, eta hori dela-eta lan berezi samar bat du eskuartean. “Euskal Herrian izan genuen toreatzaile on bat: Luis Mazzantini Egia elgoibartarra. Toreatzaile ona izan zen baina zezen-hiltzaile hobea. Madrilgo zinegotzi izatera eta bi edo hiru probintzitako gobernadore izatera ere iritsi zen. Haren gutun bat topatu omen dute, orain dela 150 bat urte inguru idatzitakoa, eta nik haren sinadura eta letrak grafologikoki irakurtzea eta aztertzea nahi dute”, dio. Afizio ezohikoa Bereziartuak duena, baina berak urte asko daramatza arlo horretan gauzak aztertzen. “Liburuetatik ikasi dut eta denbora-pasa aritzen naiz. Beti jarduten dut jendeak nola idazten duen begira. Niretzat asko esan nahi du norberaren sinadurak, pertsona asko inguratzen delako bakoitza den horretara. Kargu publikoren bat hartu duen norbaiten sinadura nire eskuetara iristen bada, beti fijatzen naiz. Beti begiratzen dut ea fidatzekoa den edo ez”, dio, barrezka.

Zezenak

Azpeitiko zezen-plazako kirurgia arduradun ere izan da 35 urtean Bereziartua. Hor ardura handia izan du. “Ilusio handiarekin hasi nintzen, baina uzteko garaia ere ailegatu egiten da”. Orain 2 urte utzi zuen lan hori. “Ni beti laguntzaile onekin etorri izan naiz, lagun eta laguntzaile onak izan ditut, eta hori oso garrantzitsua da. Baina lan horretan izan beharreko ardura handia da”. Arriskua edozein unetan ager daiteke. “Bi ordu inongo sustorik gabe pasa daitezke, baina minutu batean dena alda daiteke, adarkada txiki batekin. Niri, zorionez, gauzak ondo joan zaizkit eta behin ere ez da ezer handirik gertatu. Gustura egin izan dut lana”. Lan hori egitearen arrazoi bat, “arrazoi nagusia”, bera azpeitiarra izatea dela dio. Baina zezen-plazako zirujau izateaz gain, zezenzale amorratua da Bereziartua. “Zezenketak asko gustatzen zaizkit, baina kallejoian nengoenean, zezen adar makurrak eta harrapatzen ez zutenak nahi nituen. Orain goian nagoenean, berriz, grazia handiagoa egiten didate adar luzedunek eta arriskua dutenek”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak