Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Uztaila »  Bizitzaren aldeak ezagutuz

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bizitzaren aldeak ezagutuz

Enekoitz Esnaola

Gregorio Azpiazu. Urrestildarra. 1949an monasterioan sartu zen. 1970ean irten. 1996an sartu. Irailean monje izendatuko dute, bigarrenez

XI. mendeko eraikina
XI. mendeko eraikina.  Oliba monasterioa XI. mendeko eraikin zistertarra da, handia. Eliza eta kapera, erromanikoak ditu, trantsizio garaikoak; klaustroak-eta, berriz, gotikoak, XIV. eta XV. mende artean egindakoak. Argazkian, Gregorio Azpiazu, orain bi hilabete, hantxe.  (Jose Antonio Esnaola)

Irailean berriz ere monje izendatuko naitek, behin betiko monje. Orain dela 49 urte ere izendatu ninditean. Bigarren aldiz orain, hortaz. Izan ere, lehen monje izateari utzi egin nioan eta orain dela 10 urte atzera sartu ninduan mundu honetan.

Nafarroan nagok orain, Oliba monasterioan, Zarrakaztelutik bi kilometrora.

.18 lagun gaudek; zaharrak ia denak. Neuk 70 urte zauzkaat; azaroan egingo ditiat 71. Hemen 2 urtean nagok, eta bigarren aro honetako aurreko 8 urteetan Palentzian (Espainia) pasatu nitian, San Isidro de Dueñasen.

.1996ko irailaren 15ean joan ninduan hara, ondo hartuko nindutelakoan. Izan ere, lehen ere, 21 urtean, han egon ninduan, monje. Orduan, pentsatzen duk gustura hartua izango haizela, baina ez nitian gauzak erraz eduki. Monasteriokoek Erromara galdera ere bidali zitean baimenari buruz, nik zerbait ba ote nuen, urteetan monjetzatik aparte ibili nintzela eta.

Balekoa eman zidatean, baina 3 urtean nobiziadoa pasatu beharra nuela, halakoak direlako arauak. Azken batean, gogoeta fasea duk.

Gero beste 3 urtez behin-behineko prozesua egin beharra nuela esan zidatean. Bazakiat Azpeitian ere galdezka ibili zirela, neu Urrestillakoa izanda. Jakin bazekitean monjetza utzita ibili nintzen garaian ez nintzela elizara askorik joaten eta, zergatik ez, igual pentsatzen zitean hor izango nituela neure umeren batzuk ‘galduta’, garai horretan izan nintzakeen harremanen ondoren. Baina ulertzen diat informe hori jaso nahi izatea.

Halako batean, ordea, esan zidatean behin-behineko prozesu hori 5 urtera luzatuko zutela. Ez zitzaidaan erabakia gustatu eta banindoala. Hala etorri ninduan Oliba monasteriora, orain 2 urte.

Hemen ere 3 urtean behin-behineko prozesua bete behar duk, baina urtebete moztu zidatek, San Isidro de Dueñasetik ezagutzen nauelako orain hemen obispo egiten duenak. Monje izendatzeko idatzia aurten, maiatzean egin diat Erromara, eta balekoa eman zidatek. Orain zain nagok. Hau da, betiko hemen gelditzeko. Enpresatan nola egiten duten jendea fijo? Ba halaxe egingo naitek ni ere, eskubide guztiekin: meza eman, diru kontuez botoa emateko eskubidea izan, nagusia hautatzeko eskubidea... 1996ko irailaren 15ean sartu ninduan berriro eta, seguruenez, 2006ko irailean 15ean izendatuko naitek monje berriro.

Gustura bizi nauk. Bakean. Gogoeta egiten. Goizeko lauretan jotzen ditek txirrina eta gaueko bederatziak arte okupatuta izaten nauk. Lorazain jarduten diat. Organista eta koruan ere bai. Gauez, atsedena. Irratia entzuten diat orduan, hemengo nagusiari guk irratia izatea gustatzen ez zaion arren. Nik badiat, ordea; eta Euskadi Irratian Txetxu Urbieta herritarra entzuten diat askotan.

Izugarriko material pila diagu hemen leitzeko: liburuak, berrehunen bat aldizkari, baina ez diat denbora askorik.

Teologia berriari buruzkoak interesatzen zaizkidak gehien. Iruditzen zaidak Elizaren parte batek —parte garrantzitsu batek— mentalitate itxia duela, gaur egungo errealitatera ez dela egokitu, eta ni saiatzen nauk mentalitate aurreratuarekin irakurtzen gauzak.

Elizak teologia dogmatikoa erabili izan dik, ‘hau horrela da eta kito’ esanez. Bai, asko leitu, asko idatzi, baina? Eta? Egokitu zer?

Batere ez. Eta neurriak hartu nahi, gainera, zenbait errealitateren aurrean. Homosexualen aurrean, adibidez. Edo norbait ezkondu, umeak izan, gero bikotetik bereizi eta beste batekin elkartzen direnen kasuak ere ez ditik ondo ikusten; halakoei ez ziek komunioa ematen, eta neuk ezagutzen diat kasu bat. Elizak ez ditik-eta onartzen haiek. Eta ez duk bide egokia hori, neure ustez. Gainera, kontraesanik ere badik Elizak. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuak (AEB) zer da? Irak-eko kasuan, zanpatzaile bat, baina Elizak ez dik hori kritikatzen eta AEBetako buruei emango ziek komunioa. Lehen aipatutako gaietan bai, hor sartzen duk Eliza, baina gizarteari horrelako kontuetan zergatik eman behar dizkio lezioak? Eboluzio biologikoaz-eta irekitasuna behar dik Elizak.

Baina, bueno, ez nauk ni hemen gauza horietan sartzen. Bakean bizi nauk, bakean bizi nahi diat eta hemen segituko diat.

.1970ean, ordea, ez nian halakorik pentsatu eta Elizatik irten egin nian. Garai haietan Teilhard de Chardin jesuitaren lanak asko irakurtzen nitian, oso interesgarria zelako, kritikoa Elizaren mentalitatearekin. Cosmosaren eboluzioaz hitz egiten zian, sormenaz, heure burua ez txikitzeaz, begiratzeko neskei, bizitza berritzeaz... Txinara desterratu zitean, pentsa.

.1968an Angolan nengoela monje, kontu horiez gogoetan hasi ninduan. Handik Frantziara joan ninduan (Tolosara) eta hartu nian erabakia: utzi egingo nuela. Etxekoei esan niean baina haiei ez gustatu; ez nindutela hartuko etxean.

.1970ean Ingalaterra joan ninduan, Leicesterko monasteriora, baina segituan utzi nian dena eta Bilbora, pastelero. 5 urtean egon ninduan Bilbon lan horretan, eta bukaera aldera behintzat, etxekoek barkatu zidatean egindakoa eta Azpeitira, 1976an.

Bizimodu berria ezagutu nahi nian. De Chardini segituz, ahal den askatasun, formakuntza, kontzientzia eta nortasunik handiena lortu nahi nian. 1949tik 1970 arte lau hormen artean bizi izan ninduan ni —izan ere, 1949an, 14 urte egitear nengoela, neu ia ohartu gabe, San Isidro de Dueñasera eraman ninditean Allozko monasteriokoen bidez; Allozen pasatzen nitian udarak, gaztelera ikasten— eta ez nekian zer zen ahal den askatasun, formakuntza, kontzientzia eta nortasunik handiena izatea. Ezagutza teorikoa bai, asko leitutakoa nintzelako, baina praktika ez. Ez zagok erabateko utopiarik, ez zagok erabateko askatasunik, baina probatu egin nahi nian.

.1976an etorri Azpeitira eta 20 urtean egon ninduan hemen. Afari ederrak egin, atzerrira bidaiak Nuarbe sokatirakoekin —haien itzultzaile ninduan—... Dena ez nian probatu —drogak, esaterako—, ez zagok-eta dena probatu beharrik. Bizimodua aurrera ateratzeko, hizkuntza akademia sortu nian 1977an; latina, ingelesa eta frantsesa ematen nitian.

Esperientzia ederra izan zuan. Berriro bizimoduz aldatu behar nuela erabaki nuen arte. 61 urterekin atzera monasteriora, lehen esan bezala.

Lorategikoak ez ezik, neure lantxoak egiten ditiat. Ida de Lovaina XII. mendeko liburua itzuli diat latinetik gaztelerara eta ingelesera, baita Cipriano Tansi beatoari buruzko liburu bat ere ingelesetik gaztelerara. Monasteriorako dituk, ez argitaratzekoak, baina bete egiten naitek halako lanek.

Osasuna ere ona diat, gainera; 1996an izango ninduan ia 90 kilo eta orain 66. Jate kontuan zaindu egiten naizelako: bazkaldu ondo, baina gosaldu hiru sagar eta kafesnea baino ez, eta afaltzen letxuga platera, bi sagar, ardo basoa eta kito, ogirik batere gabe.

Pozik nagok Oliban. Lehengoan batek esan zidaan: ‘Gregorio, beti barrez ikusten zaitut’. Gustura bizi nauk eta”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak