Bat hirutara
Euzkadi S.L
Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin
Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin gazteak
Euskal Herriak gaur egun bizi duen egoeraz, bake prozesuaz, herritarrek hartu beharreko konpromisoez... ariko dira oraingoan.
Haizkurgi. Jakingo duzue gaur dela hilabete honetako azkeneko ostirala, ezta? Presoak herriratzearen aldeko maindire ilararen eguna, alegia. Zazpiak laurden gutxi dituk eta mugitzen hastea onena, garaiz iristeko.
Mikel. Gaur ezin diat, moteil! Erosketak egin beharrean nauk, etxeko hozkailua hutsa diat eta.
Haizkurgi. Maindire ilara bukatu ondoren ere egiterik badituk erosketak; izan ere, Maxi Eroski gaueko bederatziak arte irekita egoten duk. Anima hadi moteil, denon beharra diagu eta.
Mikel. Baina Vanessarekin geldituta nagok bederatzie-
tan eta presaka ibili beharko diat.
Haizkurgi. Hi beti aitzaki merkeekin, edozein ekimen egiten den bakoitzean.Bake prozesuari bultzada eraginkorra emateko denok jarri behar diagu zerbait gure partetik. Hi behintzat, Xabier, etorriko haiz, ezta?
Xabier. Sentitzen diat, baina oraingoan nik ere kale egingo diat. Oraintxe bertan horrenbeste denboran amestutako Mundialeko partida jokatuko duk eta horixe ikusteko gogo biziz nagok. Elkartean afaltzeko asmoa diagu partida ikusiz, Espainia-Frantzia, final zortzirenak, alajaina!
Haizkurgi. Hi niri potroak ukitzen ari al haiz? Espainiako ereserkia entzutean, Xabi Alonsok bezala, begirada zerura luzatu behar al duk legionarioen moduan, gorputz osoan oilo ipurdia jartzen zaian bitartean? Nahiago nikek bere atean bi gol sartuko balitu sasi eusk... Dios!
Mikel. Ollagorra elkartean afaltzekoak al zarete, Xabier?
Xabier. Buxi Beltza eta Donosti juniorrekin gelditu nauk afari mokadutxoa egiteko ehiztarien zuloan, nahiz eta gaurkoan futbola eta zalaparta izango diren nagusi bertan. Izan ere, badakik nola jartzen diren bi horiek Espainiak jokatzen duen bakoitzean...
Haizkurgi. Ulergaitza iruditzen zaidak zuen jarrera, gure herriak bizi duen une historiko honen aurrean. Gure herriak pairatu duen gatazkari irtenbidea emateko prozesua martxan duk eta herritarrok ezin diagu pasibitate osoz jokatu, ezer ez balitz gertatuko bezala jokatu, politikoek egingo duten esperoan. Herriak mobilizatu egin behar dik, ekimenetan parte hartu eta interesa jarri. Herritar guztion erantzukizuna duk konponbidearen bidea jorratzea.
Xabier. Arrazoi duk, Haizkurgi, baina egiten diren mobilizazio eta ekimen horien eraginkortasunaren inguruan zalantza handia diat. Abertzale guztiok elkarturik mobilizatuko bagina, izugarrizko bultzada izango hukek konponbidearen bidean, baina hori pentsaezina duk,
boterean dagoen alderdi ‘erregionalistaren’ joera ikusita.
Politikari profesionalez dagoen alderdi honek, bere eskuetan dagoen guztia egingo dik boterean jarraitzeko eta, bide batez, denona den ‘Euzkadi’, enpresa propioa balitz bezala kudeatzeko aprobetxatu. Bost axola zaiek erabakitzeko eskubidea, presoen egoera edo lurraldetasuna, ‘Euzkadiko bakailao ekonomikoa’ mozteko aiztoa eskuetan duten bitartean.
Haizkurgi. Baduk garaia aurrerapauso bat emateko konponbideren bila! Alderdi ‘erregionalista’ horretako zuzendaritzak, JotaJota buru dutela, aspaldi galdu zian abertzaletasunaren iparra, boterearen preso bilakatuta. Hala ere, alderdi horretako oinarri soziala eta herrietako alderdikideak bereziki, abertzaleak direlakoan nagok. Analfabeto politikoak izan ezean, alderdiko oinarri sozialak berak oldartu beharko likek beraien zuzendaritzak daraman norabidea ikusita. Zentzu honetan, beharrezkoa duk herritarron parte-hartze masiboa ekimen eta mobilizazioetan, abertzale pasibo eta konformista horiek, beraien buruzagiei garbi esan diezaioten une historiko hau ez dela alderdikerietan ibiltzeko, herriaren nahia eta sufrimendua merkealdietan Madrilen salduz.
Mikel. Konponbidearen trenak, geldialdi bakarra egingo dik geltoki bakar batean. Baina geldialdi hori gauzatzeko nahitaezkoa duk geltokia bidaiariz betea egotea. Izan ere, konponbidearen trena gelditu gabe pasa zitekek, eramateko bidaiaririk ikusi ez duelako.
Haizkurgi. Nik esan diat esan beharrekoa. Orain Xabier, joan hadi nahi baduk Espainiaren partida hori ikustera, baina esaiek elkartean hirekin afaldu behar duten horiei, Maider etxean dela. Espainiako ereserkia entzun beharrean hobe zenukete harengatik topa egitea, merezia dik eta.
|