Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Uztaila »  Iritzia »  Parrandako kronika

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Parrandako kronika

Olatz Prat

Ekainaren 3tik 4rako gaua (larunbata), goizeko 5:30ak. Azkoitiko Dean taberna ixtera doaz jada, musika aspaldi kendu dute eta argiak piztu dituzte. Gustura geunden, baina zer egingo diogu ba! Egunsentiak garagardo usainarekin harrapatu gaitu gaurkoan ere. “Itxoin, poltsa hartu behar dut”. Hortxe zegoen eta! Ez gara-eta hemendik mugitu! Kaka! Poltsa lapurtu didate. Kartera, mugikorra, argazki makina, giltzak... puf! Mekauenka ari naizela ezagun batek mugikorra eskaini dit. “Patxadaz hartu!”, esan diot neure buruari. Txartelak ezeztatu eta mugikorreko linea blokeatu dut. Bale. Mugikorra jabeari bueltatu, eskerrak eman eta merixuena. Salaketarik han ezin jarri, baina behintzat, lapurtu didatenaren lista egin eta abisua pasatu beharko. Bihar joango naiz Ertzainetara. Bale.

Eta orain zer? Halakoxe ondo nengoen eta! Ez du merezi orain haserretzerik, ondo hasi duguna ondo bukatuko dugu. Erreflexionatuko dugu bihar (geroxeago) gertatutakoari buruz. Kafetegiak ireki zain egon gara croissant mamitsuaren eta kafesne epelaren arteko sinbiosiaz gozatzeko eta plazerezko momentu sakratu horretan... Aiba! “Ehm... norbaitek ordainduko nirea, mesedez?”. Mekauen! Kafe bat ordaintzeko ere ez didate utzi eta! Enfin! Mozkorra eta ajearen arteko minutu kritiko horietan etxerantz abiatu gara. Goizeko 7:30ak inguru izango dira. Ate parera heldu eta, noski, txirrina jo behar. Bueno, pertsiana jaitsi eta ohera.

Hurrengo egunean. Ekainak 4, igandea, eguerdiko 12:30ak. Ez dut begirik itxi. Dutxa eder bat hartu eta normalean gosaltzen ez dudan arren, egun berean bigarren aldiz gosaltzera noa. Pertsona naiz berriro.

Pentsa dezagun. Egia esan, pixka bat inuzentea banaiz ni. Baina geure ondoan zegoen poltsa, hantxe, leiho azpiko txokoan utzita. Nola pentsatuko nuen bada Azkoitian, Deanen, norbaitek poltsa lapurtuko zidala? Amorratu egiten naiz! Ez poltsa lapurtu zidatelako, norbaitek lapurtzeko aurpegia izan zuelako baizik. Zer aurkituko zuen ba ikasle baten poltsan goizeko bostetan? Dirutan ezer gutxi, bost euro zehatz-mehatz. Kamera eta mugikorra salduta aterako zuen ziurrenik hurrengo astebururako dosi extra bat. “Ba, on egin! Baina putada bat egin zenidan, txikit@!”. Dirua zen azkenean gutxien inporta zitzaidana. Neukan gutxia emango nion behartu banindu. Argazki kameran nituen argazkiak galdu izana, berriro lortzeko zailak diren zenbait telefono zenbaki galtzea, txartel berriak atera beharra, etxeko sarraila aldatu beharra... Horretan datza putadak.

Eskerrak eman behar dizkiot, hala ere, NAN kale bazterrean bota izanagatik. Egia esan, Amarako bulegoetan orduetako esperoa jasan beharretiklibratu ninduen. Ez, ordea, Ertzainetako itxaron gela hotz hartan ordu eta laurden zain egotetik, zertarako eta salaketa jarri gabe etxera mala letxean bueltatzeko. Eskerrak arrandegiak berandu ixten duen, bestela, bazkaria ere inprobisatu egin behar.

Susmo txarrak. Lapurretez pentsatzen dugunean, askotan, etorkinak etortzen zaizkigu burura lehenengo; pentsatzeko gogorik ez dagoenean hori da errazena. Utzi beharko diogu ba gure kaosaren errua beti haiei botatzeari? Zergatik ez zen ba kakaz lepahezurreraino jartzeko adina diru ez zuen Azkoitiko (edo beste edozein tokiko) gazte bat izango? Penagarria iruditzen zait dagoen panorama, tristea.

Gurasoen belaunaldian euliak bezala erori baziren, ez da leunagoa gurean datorrena. Eta benetan, nahiago nuke etorkin batek lapurtu izan balu nire poltsa; handik ateratakoarekin zerbait probetxuzkoa egingo zuen ziurrenik.

Egin beharreko gauzak. Ikusitakoak ikusita, emakumeok —eta orain zenbait gizonezkok ere bai— ikasi beharko dugu poltsan behar-beharrezkoa soilik eramaten. Askotan ez gara galdu ditugun arte ohartzen bertan daramatzagun gauza txiki horien garrantziaz. Parrandara irteterako ahaztu behar ez direnak: mugikorreko zenbakiak beste nonbaiten idatzi; kamerarik atera behar baduzue, erosi erabili eta botatzeko horietako bat; giltzak eraman poltsiko batean eta dirua bestean.

Lelo aurpegiarekin oheratzea baino hobe izango da beti.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak