Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Uztaila »  Iritzia »  Ikasle txarrak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Ikasle txarrak

Koldo Aldadur

Beste artikulu gehienak bezala honoko honek ere ezer gutxirako balio du: ikasle txarrak zaretenak, edo izan zaretenak, badakizue zertaz ari naizen, eta gainontzekook ez duzue inoiz urrutitik ere susmatuko zer sentitzen duen ikasteari alergia dionak.

Hiru gauza dira batere aldatu ez direnak azkeneko urteetan; Artiach gailletak, Azpeitiko saninazioetako programaren edukia, eta ikasle txarraren ohiturak eta bizitza.

Urte guztia egun horien beldur, eta iritsitakoan barneko hutsune eta, era berean, betekada ikaragarriak. Baina niri gehien gustatzen zaidana, irudimena azken mugaraino daramalako, ez ikasteko balekoak diren aitzakien zerrenda luzea da. Gaur ez, oraindik fotokopiak pasatu ez dizkidatelako, neureak itzuli ez dizkidatelako, fotokopiadora izorratu delako. Orain ez, bero honekin paperak izerdiz blai geratuko liratekeelako, eta hotz honekin ere ez, hotza, ikasteko ez ezik, lotarako ere lagun txarra delako. Geroxeago, agian, telebistan sekulako partida dagoelako (Sanse-Las Palmas, esate baterako) edo espinete, edo telediarioa, edo herri-kirol emanaldia, edo meza; berdin da, dena galduezina. Biharko utziko dut, amonari bisitatxoa egin behar diodalako, aspaldian ikusi gabeko lagun bat etorri delako edo halakori halako gaiari buruz galdetu behar diodalako. Datorren astean, seguru, bestela azterketarako dena ahaztuko zaidalako. Bihar goizean bertan, azterketa aurretik, goizetan buruak errazago hartzen dituelako kontzeptuak; hitz ematen dut. Eta hurrengo goizean, kasualitatea, bi txori leihoan, hegan borrokan, nire ikasteko gogoa uxatzeko asmotan; edo bi euli, edo bi elefante; berdin da, horrela ezinda.

Eta ondo kostatuta fotokopiak etxeratutakoan, ezin kontzentratu. Dena ezingo dut ikasi eta gai batzuk kenduko ditut. Total, badakit zer galdetuko duten... Kalera joan eta hiru koloreko azpimarratzekoak erosi eta gero, berriro gero eta gorrotagarriagoak diruditen paperak etsai. Azpimarratu: gorriz garrantzitsuena, berdez igual galdetuko dutena eta arkatzez entresaka egin eta gero geratu dena. Nahikoa gaurkoz, bizi ere egin behar da eta!

Biharamunean, jakina, ikasten hasi behar. Baina ez al da hobe izango gai batzuk ikastea eta besteekin txuletak egitea? Kalera, punta fineko boligrafoak erostera. Etxeko eskailerak, patibulukoak bailiren, banaka igo, ailegatzeko beldurrez. Oso-osorik kopiatu edo azpimarratutakoa soilik? Azterketa gainean, eta mundua behera datorren sentsazioa. Urterokoa.

Beste aldea. Gauza positiborik ere badu egoerak. Amona gustura da, bilobak inoiz baino bisita gehiago egin dizkiolako. Inprentakoa zoratzen, azpimarratzekoak ia agortu zaizkiolako eta punta fineko boliak txurroak bezala saldu dituelako. Telebistakoak ere zoratzen, audientziak igo direlako.

Eta gero? Notak hartu eta kaka dariola. Azkar-azkar begiratu edo patxada ederrean begiratu, emaitza berdin. Kolore gorria ugari eta hurrengo estrategia pentsatu beharra: aste bukaera baino lehen gurasoei erakustea komeni ez, eta gehiegi luzatzea ere ez, emaitza on samarrak lortu dituztenek azkar erakutsiko dituztelako euren notak, eta jakina da gurasoen artean txibato asko dagoela.

Urtero errepikatzen den istorio honen azken atala zuen esku: bronka, bronka eta etxetik irten gabe, udaran klase berezietara, paga kendu, lanera bidali bizitza gogorra dela ikus dezan, edo bi asteko oporraldia Burgosen, edo *ze koņo*, denak batera! Zuek zeuok.

Azterketa garaia bukatu da eta bakoitza bere lekuan dago. Ikasle finak udara gozatzen –moralina puntua igarri, mesedez–, aipatutako txarrak bizitzarekin muturka eta artikulu honetan tokirik izan ez duten beste ikasle horiek, fotokopiez, azpimarratzekoez, azterketez eta gurasoez pasatzen duten horiek, nire gogoetatik urrun; zenbat eta urrutiago hobe. Guk ere bizi beharra dugu.

Hauxe duk hauxe, destinu petrala! Eta oraingoan, behingoz bederen, badakit zertan ari naizen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak