Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 12,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Ekaina » 

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

IÑAKI MARTINEZ Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea

"Manifestazioarekin herritarren iritzia bildu nahi dugu"

Ihintza Agirretxe

  (Ihintza Agirretxe)

Euskaldun orori Euskal Herriko leku guztietan hizkuntz eskubideak errespetatzeko borrokan jarraitzen dute Euskal Herrrian Euskaraz (EHE) taldekoek. Orain bi urte hasi ziren Azpeitiko anbulatorioaren egoera salatzen. Ekainaren 23an (ostirala) beste pauso bat emango du Azpeitiko EHEk, manifestazioa eginda.

Zein da Azpeitian manifestazioa antolatzearen helburua?

2004an hasi ginen herrian sinadura bilketa batekin herriko osasun zentroan euskararen erabilera erabat larria dela salatzen. Gure planteamendua Euskal Herri osoan euskara ofiziala izatea da, eta ikusten dugu administrazioan eta publikoak diren lekuetan eraldaketa segituan behar dela. Aldarrikapena ez da bi mediku euskalduntzea, baizik eta azpeitiarrok, gainontzeko euskaldun guztiek bezala, zerbitzu publiko guztietan —eta kasu honetan, osasun zentroan— dena euskaraz egiteko eskubidea eduki behar dugula aldarrikatzea. Azken batean, hizkuntz eskubide hori hor dago eta badagokigu.

Noiz hasi zineten lan horretan?

2004an bi pediatren egoera salatzen hasi ginen. Gazteleraz komunikatzera behartuak gaude eta umeekin duten komunikazio falta izugarria da. Herrian 500 sinaduratik gora bildu genituen pediatrak euskalduntzeko aldarrikapenarekin. Horiek bildu eta egoera horren ardunadunei bidali genizkien: Eusko Jaurlaritza eta Osakidetzari. Azpeitiko Udalari ere bidali genizkion. Izan ere, Udalak, euskararen normalkuntza planean azaldutako asmo eder horien ondoren, konpromisoak hartzeko ordua ere badu.

Eta erantzunik jaso al duzue?

Osakidetzatik jasotako erantzuna izan zen gaur egun ez dutela normalkuntza planik. Urteen poderioz zerbait sartzen joango direla dioen dekretu bat atera dutela... Baina, oraingoz, oposaketetan euskara jarritea ez da beharrezkoa. Bestetik, inkesta batzuk egin zituzten langileen artean, hauen euskara maila baloratzeko.

Eta orain, beste pauso bat emango duzue...

Bai, hori guztia ikusita, beste pauso bat ematekoa erabaki dugue ta osasun zentroa osotasunean hartuta egingo dugu lan hemendik aurrera. Gainera, uste dugu guri ere tokatzen zaigula herritarrekin egon eta iritziak-eta jasotzea, gauzak nola egin daitezkeen partekatzea... Pauso edo aldaketa bat egin nahi dugu. Hau da, manifestazio zabala egin eta ahal den herritar guztiak eta ahal den adin denetakoak bertan bildu.

Nola egin behar duzue iritzi bilketa hori?

Manifestazio hori hor dagoela kontuan izanda, herriko ikastetxeekin eta hainbat herri eragilerekin biltzen ari gara; batik bat, hezkuntza, euskalgintza, euskalduntze eta normalkuntzarekin lotuta dauden sindikatu eta eragileekin. Orain arte gauzak egin eta atxikimendua eskatu izan dugu, baina oraingoan gure asmoa beste bat da. Jende hori hor dago eta hezkuntzan, euskararen inguruan ari da lanean, eta ardura dutenez, jende horren iritzia jaso nahi izan dugu. 20 bat eragile aukeratu ditugu eta horiekin ari gara lanean. Gero, beste 30 bat eragile zerrendatu ditugu, euren eguneroko jardunean anbulatorio eta euskara helburu ez dutenak, eta horiei atxikimendua eskatuko diegu.

Hori nola islatuko da manifestazio ondorengo ekitaldian?

Azken batean, hizkuntz eskubideez ari gara, anbulatorioaz ere ari gara, baina adibide bat besterik ez da hori, epaitegia edo beste edozer izan daitekeen bezala. Adibide hori, zerbaiten ondorioa dela azalduko dugu. Askotan gauzak aldarrikatzen ditugu, baina proposamenak egin ditzakegula ez dugu kontuan izaten. Euskararen normalkuntzari dagokionez, euskalduntzea egoera larrian dagoela azalduko dugu. Etorkinak hor daude, Euskal Herrian bizi gara baina herrialdeen artean euskarak ezberdintasun handiak ditu... Gizartea euskalduntzeko, euskara ofiziala izatea bide bat da. Baina euskal hiztunik ez badago, alferrik izango da euskara ofiziala. Eta dudarik gabe, euskara ofiziala den lurraldean, euskaraz ikasteak dohakoa izan behar du. Hizkuntz eskubideen urraketak ere salatuko ditugu.

Nola egingo duzue hori?

Euskal Herria bi estatutan banatuta dago, eta euskara, berriz, hiru hizkuntz politika ezberdinetan. Ez da Azpeitiko kontua bakarrik, eta hori ere aldarrikatu nahi dugu. Hiru hizkuntz politika horien markoa bukatuta dago; aldaketa eman beharra dago. Hizkuntz politikek izugarrizko hutsuneak dituzte, epe faltak, orokorrean ez dago ofizialtasunik... Hala, hizkuntz eskubideak errespetatzeko, hizkuntz politika bakarra eta berria behar dugu. Eta hori ere aldarrikatuko dugu.

Zer dira?

Euskal herritarrei zein hizkuntz eskubide dagozkie? Zer egin daiteke hizkuntz eskubideak bermazteko? Zer dira hizkuntz eskubideak? Hizkuntz eskubideen inguruan, oraindik ere zalantza asko sortzen dira. Hizkuntz eskubideak euskal herritarrei, berez, naturalki eta naziorteko hainbat adierazpenetan aitortzen diren eskubideak dira. Baina, gaur egun oraindik espainiar eta frantziar legediek eskubide horiek aitortu edo ukatzen dituzten eskubide batzuk daude.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak