Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Ekaina »  Hariaren bestaldean

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hariaren bestaldean

Miren Garate

Urteetan emakume askoren lantokia izan zen Telefonica eta bertan lan egindakoek istorio politak kontatzen dituzte

  (Ihintza Agirretxe)

Mari Pilar Errazkin, Juanita Urdanpilleta, Maria Jesus Oiartzabal... asko dira Telefonican lan egin izan duten emakume azpeitiarrak. Sasoirik onenetan 120 langiletik gora izatera iritsi ziren. Begoña Elias, Loli Bikendi, Arantxa Berasategi eta Anttoni Oteiza, adibidez, bertan aritu ziren. Gazte-gazteak zirela hasi ziren Telefonican lanean, eta erretiratu artean, hantxe. Garai onak eta txarrak ezagutu dituzte, baina, oro har, oroitzapen onak gordetzen dituzte laurek.

1Eraikin txikia. Plazan izan zuen lehen eraikina Telefonicak, gaur egun Kutxa dagoen lekuan. Handik Perez Arregi plazara pasatu ziren, 1956an. Lasaoko markesarena zen baina hark herriari eman zion, ekintza kulturalak egin zitezen. Familia-zentro moduan ireki zuten. Eta Ramon Enparanen alargun Felisa Odria egin zen zentroaren kargu. Haren lau alabek egiten zuten lan han, eguneko 24 orduetan, eta handik gutxira hasi ziren herriko emakumeak kontratatzen. Bi koadro eta mahai txiki bat zituen. Dei zuzenak egiten ziren handik, konferentziak jarri, eta telegrafo eta giroak banatu. 1965ean, ondoko eraikina ireki zutenean, lokutorio modura geratu zen. Handik urte batzuetara, 1968an, fakturak kobratu, inguruko auzo guztietako kontabilitatea eman eta ondoko eraikineko langileen soldatak ordaintzen zituzten han. 2003. urtean itxi zuten. (Gaur egun, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak hor bertan ematen ditu eskolak, eta Uztarriak eta Hitza-k ere dagoeneko bertan daukate egoitza).

2Eraikin handia. 1965ean, Perez Arregi plazan bertan, beste eraikin bat ireki zuen Telefonicak, Eliz kale aldera dagoena. Telefono-operadoreak eta mezulariak egon ziren han hasierako urteetan. Handik aurrera, automatizazio prozesuari ekin zioten. Hau da, lehen deiren bat egin nahi izanez gero, Telefonicara joan beharra zegoen derrigorrez. Baina, automatizatu ostean, etxetik zuzenean egiteko modua zegoen. Pixkanaka egin zuten prozesu hori, eta pixkanaka lanpostuak murriztuz joan ziren. Azpeitian kezka handia eragin zuen horrek. Izan ere, jende askok kolokan ikusi zuen bere lanpostua, Telefonicak Azpeitiko lantokia itxiko zuela esan baitzuen. Baina langileek elkar hartu zuten eta presio handia egin. Besteak beste, itxialdia egin zuten eraikin txikian eta baita manifestazioak ere. “Guardia zibilak eta dena etorri zitzaizkigun. Egun horietan etxera ez ginen azaldu ere egiten, umeei eta familiari ez genien kasu handirik egin”, dio Oteizak. “Herria alde genuen, hainbeste lanpostu kenduz gero, herriko ekonomiari kalte handia eragingo ziolako”, azaldu du Bikendik. Azkenean, lortu egin zuten euren postuak mantentzea, eta 1976an Proceso de Datos saila ireki zuten. Mekanografia eta beste hainbat gauza ikasi behar izan zituzten horretarako.

Eta lokala egokitu artean Jesuitinetan egon ziren. “Udara zen eta sekulako beroa pasatu behar izan genuen”, gogoratzen dute. Baina, Proceso de Datos-eko lana ere bukatu egin zen eta beste zeregin berri bat agindu zieten Azpeitiko emakumeei. “Azkeneko urteak inkestak egiten pasatu genituen. Egin ditugun lanen artean, txarrena hura izan zen”, uste du Eliasek. 1999-an aurretiko erretiroak ematen hasi ziren, eta gaur egun, langile bakarra geratzen da Azpeitiko Telefonican: Maria Jesus Agirre. Datorren urtean jubilatu egingo da hura ere, eta itxura guztien arabera, itxi egingo dute eraikina.

3Emakumeen lantokia. Orain urte gutxira arte, emakumeek etxetik kanpora lan egiteko aukera gutxi izaten zuten. Neskame edota hotelen batean, horiexek ziren bi aukera nagusiak. Telefonicaren irekierak herriko emakumeentzat lanpostu ugari sortu zuen. Izan ere, han lan egiten zuten ia guztiak ziren emakumeak. “Operadore guztiak emakumeak ginen, Azpeitian emakume gehien zegoen enpresa zen Telefonica”, dio Eliasek.

4Lan neketsua. Gogor egin behar izaten zuten lan Telefonicako langileek. “Gogorra baino gehiago, tentsio handikoa zen. Psikologikoki ondo prestatuta egotea eskatzen zuen, bestela nerbioetatik jota bukatzeko arriskua zegoelako. Diziplina zorrotza geneukan eta Proceso de Datos-en, esaterako, pultsazioak eta guzti kontrolatzen zizkiguten”. Hala ere, lan polita zela diote. “Jende asko ezagutzeko aukera izan genuen Telefonicaren bidez”, dio Berasategik.

5Lantoki buruak. Euskal Herrikoa izan zen Azpeitiko Telefonicako lehen arduraduna, nafarra, eta Cadizekoa (Espainia) azkena. Oraindik ere ondo gogoan dute espainiar emakume hura: Maria Africa Gutierrez Muñoz. “Benetan maltzurra zen”, gogoratzen du Eliasek. “Ez zen egon negarrik egin ez zuen langilerik”, berretsi dute besteek. Behin eta berriz egiten zien langileei espedientea irekiko zien “mehatxua”. Azkenean, ordea, langileak elkartu egin ziren eta eurek ireki zioten espedientea Maria Africa Gutierrez Muñozi. Hala ere, bere alde onak ere bazituen hark. Mesederen bat eskatuz gero, behintzat, normalean ondo portatzen zen. “Umea medikuarengana-edo eman behar genuenean, ez zuen inolako trabarik jartzen”, dio Oteizak. “Gurasook erosotasun handiak izan ditugu Telefonican, beste inon baino handiagoak. Bajan geundenean, esaterako, berdin-berdin kobratzen genuen”, nabarmendu du.

6Obserbazioa. Goiko pisuan gela bat zegoen, obserbazioko gela deitzen zitzaiona. Han emakume bat egoten zen eta bere zeregina jendea zelatatzea zen. Ordu erdi baino gehiagoan egoten zen norbaiti begira, langilea bera konturatu gabe. Bateren batek betiko hitzetatik kanpo zerbait esaten bazuen edo norbaitekin elkarrizketan hasten bazen, falta jartzen zion. Familiako norbaitek edota lagunen batek deituz gero, oso egoera deserosoa izaten zen, haiei hitz egitea ere debekatuta zutelako. “Behin lagun batek deitu zidan, ‘kaixo guapa’ esanez. Neu ere hizketan hasi nintzaion eta harrapatu egin ninduen goiko zelatariak. Gero, sekulako errieta egin zidan”, kontatu du Oteizak.

7Euskaraz hitz eginez gero, zigorra. Telefonican, batik bat, gaztelaniaz egin behar izaten zuten lan. Beharko, gainera! Izan ere, euskaraz hitz eginez gero, zigorra jartzen zieten. “Euskaraz aritzeagatik espedientea irekitzen ziguten”, dio Eliasek. Operadore garaietan bereziki gogorrak izan ziren hizkuntzaren kontrolarekin. Hori bai, langileek euren artean euskaraz hitz egitea baimenduta zuten.

8Askotariko konexioa. 1976. urtera arte, herri txikiren batekin konferentzia nahi izanez gero, ez zegoen zuzenean egiteko aukerarik. “Aratz-Errekako bat Cadizera joaten bazen eta handik konferentzia bat eskatu, konexioak pasatu behar izaten zituen. Lehendabizi, Sevillak Donostiari eskatzen zion; gero, Donostiak Azpeitiari; eta, azkenik, Azpeitiak jartzen zuen harremanetan Aratz-Errekarekin”, azaldu dute. “Noizko iritsi hara! Behin azkenengo abonatua lortutakoan, konferentzia eskatu zuenari deitu eta sarri komunikatzen ematen zuen, zain egoten aspertu eta erreklamazioa eskatzen ari zelako. Agian, ordubete pasatzen zen azkenengo abonatuarekin kontaktuan jarri artean”, kontatu du Bikendik. “Gainera, baziren leku batzuk kontaktazeko zeharo zailak zirenak. Tolosako papelera zen horietako bat. Beti okupatuta egoten zen eta egunak behar izaten ziren hangoekin harremanetan jartzeko”.

9Baldintzak. Hasiera batean, ikasketa orokorrak edukitzea eta Falange Españolaren Zerbitzu Soziala egitea soilik ziren beharrezko Telefonican lan egin ahal izateko. Bi baldintza horiek betez gero, azterketa bat egiten zen udaletxean, eta sei hilabeteko ikastaroa ondoren. Behin hori bukatutakoan, beste azterketa bat egin behar izaten zuten. Eta hura gainditutakoan hasten ziren lanean (gerora, batxilerra eskatzen hasi ziren). Eskatzen zuten zerbait, bai, lanerako...

Operadore lanetan hasteko, berriz, 18-27 urte eduki behar ziren, eta ikastaroa bukatu artean ezin izaten zuten ezkondu. Medikuaren azterketa ere gainditu behar izaten zuten; eta, besteak beste, besoak neurtzen zizkieten. Izan ere, gutxieneko luzera bat eduki behar izaten zuten besoek. “Batzuetan aldameneko kabinako botoiren bat sakatu behar izaten genuen. Baina besoak motzegiak edukiz gero, ez ginen iristen. Horregatik, jende bat kanpoan geratu zen”.

10Ezkondu eta lana utzi. Ezkondu ondoren, emakume askok Telefonicako lana utzi egiten zuen. Gainera, aurrez bi urtean baino gehiagoan aritua izanez gero, diru laguntza ematen zuten horretarako. “Telefono-operadore ginenean, jai eta aste egiten genuen lan; gainera, batzuetan gaueko txandan. Askorentzat ez ziren bateragarriak lana eta familia, eta uztea erabakitzen zuten”.

11Leku izenak. Leku izenekin pasadizo ugari gertatu da Telefonican. Behin abonatu batek Almunia de Doña Godanararekin konferentzia eskatu zuen. Telefonistak, ordea, ez zekien herriaren izena horrela zenik eta honakoa erantzun zion: “Nik Almuniarekin jarriko zaitut eta galdetu zeuk Doña Godanagatik”. Beste behin, berriz, bisitari garrantzitsu batzuk joan ziren Telefonicara. Azpeitiko auzo bakoitzaren lineak izen propioa zuen eta Urrestillakoa URS zen. Bisitari horiek guztiz harritu ziren. “Begira zeinen leku garrantzitsura etorri garen, Errusiarekin eta dena dituzte konexioak...”, esan zuten txundituta.

Espainiako Estatuko ia herri guztien izenak ikasi behar izaten zituzten Telefonicako langileek. “Orain oporretara joan eta herrien izenak irakurtzen ditudanean, izen guztiak egiten zaizkit ezagunak. Sarri pentsatzen dut: ‘Nik zenbat konferentzia bidali ote ditut hona’...”, dio Bikendik.

12Que poblacion de-sea. "¿Que poblacion desea? ¿Que numero desea en..? ¿Que numero tiene su telefono? Al habla". Horiexek ziren operadoreek egunean zehar behin eta berriz errepikatzen zituzten hitz magikoak. Hori bai, guztien atzetik, ‘por favor’ esan behar izaten zuten. “Makinak ematen genuen, beti hitz horietara mugatu beharra genuelako”: Hainbeste aldiz errepikatzeak nahasteren bat edo beste ere eragin zien langileei. “Nik behin arrandegira deitu nuen —dio Eliasek—. Inkestak egiten nituen sasoi hartan eta neuri telefonoa hartu zidatenean, honako hau esan nien: ‘Hola buenos dias, le llamo de Telefonica, era para...’. Arrandegikoak ezagutu egin ninduen eta zer arraiotan ari nintzen galdetu zidan”.

13Ileapaindegia. Kasko moduko batzuekin egiten zuten lan Telefonican. Bakoitzak berea zuen, bere buruaren neurrira egokituta. Ileapaindegira joan ondoren, ordea, orrazkera guztia nahasten zuten kaskoek, estuak ziren eta. Horregatik, horrelako egunetan, ordu erdi lehenago joaten ziren lantokira; kaskoak hartu eta ahal ziren lasaien jartzen zituzten.

14Sariak. Konferentzirik gehien ateratzen zituen zentroak saria eskuratzen zuen, eta azpeitiarrak behin baino gehiagotan nagusitu ziren. “Makina bat aldiz irabazi genion Donostiari”, diote harro. Gabonetan ere abonatuak ondo portatzen ziren Telefonicako langileekin. “Txokolateak, kontserba latak eta beste gauza asko oparitzen zizkiguten”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak