|
|
|
JOXE LUIS AIZPURU Euskal Irratiak federazioko programazio arduraduna
"Nik beti izan dut irratiaren har hori barruan"
Ihintza Agirretxe
|
|
(Jose Luis Aizpuruk utzita.)
|
|
|
|
(Jose Luis Aizpuruk utzita)
|
|
2002an dena utzi eta Ipar Euskal Herrira joan zen bizitzera eta lanera Joxe Luis Aizpuru Pepe azpeitiar kazetaria. Orduan Urnietan bizi zen, eta Egunkaria-n egiten zuen lan. Orain, berriz, Baionan eta Uztaritzen bizi ondoren, Hendaian bizi da. Lana, Iparraldeko lau euskal irratiak (Gure Irratia, Xiberoko Botza, Irulegi Irratia eta Antxeta Irratia) biltzen dituen Euskal Irratiak Federazioan egiten du. Lau irratiek duten programazioa koordinatzeaz arduratzen da. Tarteka etortzen da Azpeitira, eta bisita horietako batean hitz egin du
Uztarriak harekin.
2002an zergatik joan zinen Ipar Euskal Herrira?
Lanagatik. Aukera sortu zitzaidan eta hara joan nintzen. Nik orduan Egunkaria-n egiten nuen lan eta Urnietan bizi nintzen. Lan berriaren kontua atera zitzaidanean, hara joatea erabaki nuen. Hara
lanera joanda, bertan bizi behar duzu, bertako errealitatea ezagutu, frantsesa ikasi —orduan ez nekien—, hango komunikabideak entzun eta ezagutu... Hara moldatu behar duzu, azken batean.
Eta erraza izan al zen?
Nik hori guztia erronka bezala planteatu nuen. Neu beti izan naiz euskarazko komunikabideetan lan egin duena, eta euskarazko irratiak egitea ere hor sartzen zen. Lehenengo Baionara joan nintzen, hango familia batekin bizitzera, frantsesa ikasteko; egia esan, ez dut izugarri ikasi... Lehenik, beraz, Baionan bizi izan nintzen, gero Uztaritzen eta orain dela 2 urte eta erditik Hendaian bizi naiz. Hendaia, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko erdibidea da; Uztaritzen bizitzea ezberdina da, Baionan ere bai, eta aldaketa handia izan zen hasieran.
Zer egin zitzaizun zailena?
Iparraldea ez dugula ezagutzen da gure arazorik handiena.
Pirinioetara joaten gara Aste Santuan, maskarada bat ikustera ere bai... baina ez gara nahasten bertako jendearekin. Bilbora lasai joaten gara, baina Baionara ez. Elkar ez dugula ezagutzen da arazoa, eta ez ezagutze horretan betiko topikoak sartzen dira. Harremanik ez daukagunez, ez dugu Iparraldeko errealitaterik ezagutzen eta hori izugarrizko arazoa da, nire ustez. Horretan hizkuntzak ere asko egiten du; Iparraldean euskara oso egoera kaskarrean dago eta komunikatu ezin horrek —guk frantsesik ez baitakigu—, asko mugatzen du elkarren arteko komunikazioa.
*Irratian lanean hasi aurretik, Argia-n eta Egunkaria-n ibili zinen.*
Bai. Argia-n unibertsitate garaian hasi nintzen, bigarren mailan-edo, Karmelo Landa irakaslearen bidez. Hura Argia inguruan ibiltzen zen eta haren bidez kolaborazioak egiten hasi ginen. Bilbon Argia-ko talde bat sortu zuten, gaur egun Berria-n dabilen jendeak batik bat, Imanol Murua Uriak, Lorea Agirrek, Xabier Letonak –gaur egun Argia-ko zuzendaria da–, Asier Arangurenek —ETBn dabilena—... eta horrelaxe hasi ginen praktikak egiten. Hura izan zen kazetaritza munduarekin lehenengo kontaktuetakoa. Argia-tik egunkari baten proiektuak irten zuen eta 1990eko udaran ikastaroa egin genuen, prentsan euskaraz nola egin behar den ikasteko. Ikastaroa egin eta azaroan Egunkaria-n lanean hasteko abisatu ninduten; horrelaxe hasi nintzen. 1990eko abenduan sortu genuen Egunkaria. Lehenengo Lasarten aritu ginen lanean, gero Andoainen. 2002 arte egon nintzen lan horretan.
Ordura arte, prentsa idatzian ibili zinen eta egun batetik bestera, aldaketa. Zergatik?
Niri beti gustatu izan zait irratia, beti eduki izan dut har hori. Irratian lehen pausoak Azpeitian eman nituen, Kaka Flash irrati librean. Ni Sanjuandegikoa naiz, han zegoen Kaka Flash, eta zapatu arratsaldeetan han ikusten nituen nola joaten ziren gure etxe ondora bilerak egitera eta. Horrelaxe, behin joan egin nintzen, eta programak egiten eta irratia zer den ezagutzen hasi nintzen. Lagunekin irratsaio bat egiten nuen.
Lehendik duzula, beraz, irratia gustukoa...
Nik etxean beti entzuten nuen irratia; gauetan beti Herri Irratiko musika. Nire barruan beti egon da irratia. Komunikabide bezala asko gustatzen zait; azkarra da, zuzena, freskoa. Eta aukera tokatu zitzaidanean, “zergatik ez?” pentsatu eta hala hasi zen dena.
Gaur egun, Euskal Irratien Federazioko programazio arduraduna zara.
Bai. Gure Irratiak, Xiberoko Botzak, Irulegi Irratiak eta Antxeta Irratiak sarean elkarrekin 12-14 ordu dituzte. Gero bakoitzak saio lokalak egiten ditu, eta hor beste lau bat ordu egiten dituzte. Nire lana, elkarren arteko programazio hori koordinatzea da; hau da, zer sartu behar dugun, nola, aste bukaeratan zer...
Dena euskaraz egiten al duzue?
Gure Irratian gehiena, dena ez esatearren, euskaraz da. Antxeta Irratian ere bai. Irulegi Irratian eta Xiberoko Botzan %80 da euskaraz eta bestea frantsesez, gehienbat informazio lokala ematean; frantsesez elkarrizketak ere sartzen dituzte. Baina katean lotzen garenean, frantsesik ez dugu sartzen edo ahal den gutxien sartzen saiatzen gara, euskaraz egitea delako helburua.
Zein da lau irrati horien egoera?
Guztiak elkarte irratiak dira. Frantziako Estatuan, lege baten bidez, elkarte bat sortzen baduzu, estatuak diru bat ematen dizu. Horregatik, 80ko hamarkadan, irrati libreak sortzen hasi zirenean, asko sortu ziren Ipar Euskal Herrian. Baina, azken batean, garai horretatik iraun duten bakarrak lau euskal irrati horiek dira.
Zergatik?
Inguruan badutelako elkarte bat; langileak badaude, baina baita boluntarioak ere. Inguruko laguntza askorekin, irrati horiek iraun egin dute. Oso lokalak dira, euren inguruan ondo sustraituak, laguntzaile asko dituzte, lekuko nortasuna ondo mantendu dute, eta oso irrati probintzialak dira: Lapurdin Gure Irratia, Antxeta Irratia Lapurdin Bidasoa aldean, Nafarroa Beherean eta Lapurdin Irulegi Irratia, eta Zuberoan Xiberoko Botza.
Zein da zuen federazioaren lana?
Azkeneko urteetan lau irratien lan hori lotu eta energia bilketa egin nahi izan dugu. Irratiak beraien artean pixka bat uztartu egin nahi izan ditugu, bakoitzak bere nortasuna mantenduz, baina denon
arteko lana egin nahi izan dugu Iparralde osoa biltzeko.
Zein da arriskurik handiena?
Audientziaren aldetik dugu arriskua guk. Azterketa sozio-linguistikoek diote Iparraldean euskaldunen kopurua beheraka doala.
Jende zahar euskalduna hiltzen ari da, 20-40 urte bitartekoek euskara ez zuten ikasi, eta 15-18tik beherako belaunaldikoek, berriz, badakite —ez denek, jakina—, ikastolen bidez eta. Baina guk (ere) hor 15 urteko galera handia dugu. Esaten dugu desertuko ibilera dela, euskaldun
berriak sortu arte gaizki pasatu beharko dugula.
Eta aurrera begira?
Une honetan bidegurutze handi eta larrian gaude. Orokorrean, komunikabideen eta Iparraldearen beraren etorkizunak oso garai garrantzitsuan daude. Azken 10 urteetan, erabakitzeko ahalmen txikia duten instituzio batzuk sortu dira, propioak. Orain 10 urte inguru mugimendu indartsuak izan ziren departamendua eskatzeko, euskararen ofizialtasuna eskatzeko...; eskaera indartsua izan zen, mugimendu asko izan ziren, oso dinamikoa izan zen.
Orain nolakoa da mugimendua?
Batera bilguneak, hizkuntzaren ofizialtasuna, departamendua, unibertsitate propioa eta Laborantza Ganbara eskatzen ditu. Lau aldarrikapen horien inguruan dinamika sortzen ari da eta orain pultsua dator; batik bat, mugimendu abertzalearen eta botere publikoaren artean izango da, baina ez horien artean bakarrik, hori baino zabalagoa baita.
Orduan, zuek ere bidegurutzean al zaudete?
Bai. Euskararen egoera txarra dela ikusten dugu eta ez dago kazetari formaturik. Eta guk, formazio lan baten beharra ikusten dugu. Horrek guztiak eskatzen du erabaki egin behar dela zein bide hartu, eta ez dago argi. Ekonomikoki ere ez da erraza irautea.
Eta Azpeitira etorrita, nola ikusten dituzu hemengo komunikabideak?
Urola Kostako Hitza egunero izate horrek izugarrizko bultzada eta indarra ematen dio euskarazko komunikabideei. El Diario Vasco denok dakigu zenbat saltzen den oraindik, eta hori ere aztertzeko kontua da. Uztarriaren lana ere aipatzekoa da [aldizkariaren sorreran zutabegilea izan zen Aizpuru]. Azpeitian euskaraz leitzeko ohitura zabaltzen ari da eta hori egundoko aurrerapausoa da etorkizuneko belaunaldiei begira. orain 15 urte ziurrenik pentsaezina zen. Gero, egia da telebista integral bat falta dela, Kaito badago, baina beste era bateko telebista behar da. Bailara mailako telebista proiektua interesgarria izango litzateke.
Iparraldeko eta hemen inguruko egoera, ezin konparatu?
Ez. Iparraldean bertako euskarazko prentsarik ez dago. Telebistan, berriz, Frantziako telebista publikoak bost minutuko deskonexioa egiten du. Eta gero, ETB1ek egiten duena dago —Iparraldearen Orena—; ordu txarrean eta denbora gutxikoa izaten da, ordea.
Azkar-azkar
Egunkari bat. Berria, baina nik oraindik Egunkaria deitzen diot.
Irrati bat. Euskadi Irratia eta Radio3 entzuten ditut.
Kazetari bat. Mariano Ferrer.
Prentsa idatzia edo ikusentzutekoa. Ikus-entzunezkoa, baina entzutekoa, batik bat.
Iparraldea. Ezagutu beharreko lekua.
Irratsaio bat. Gure bazterrak, Mezularia, Llevando anclas...
Jendarmeak
Orain dela asko ez, Urruñan jendarmeek kontrol batean geldiarazi ninduten. Eta nora nindoan-eta galdetu. Nik frantsesez azaldu nien Gure Irratira nindoala, Uztaritzera, eta haietako batek, ‘ah, Gure Irratira...’, eta nik baietz. Jendarmeak, ezagutzen zuela irratia eta... Orduan euskaraz hasi nintzaion eta bera ere bai, halaxe. Hark ea gure lankide Martin Larzabal ezagutzen al nuen galdetu zidan eta nik baietz jakina, eta goraintziak emateko enkargua eman zidan. Esan zidan bere lankide bat ere euskalduna zela,
eta gugana ekarri zuen. Azkenerako, egundoko elkarrizketa izan nuen bi jendarme haiekin. Agurtzean, eskua eman zidaten eta ezer gehiago galdetu gabe alde egiten utzi. Orduan ohartzen zara zein ezberdina den jendarmeen figura hori. Ikustekoa da haiek askotan gazteekin-eta euskaraz nola soltatzen diren. Haientzat familia txikiko hizkuntza da euskara.
|