Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Ekaina »  Denerako denbora

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Denerako denbora

Enekoitz Esnaola

A zer bizitza Juli Olaizolarena! 14 seme-alaba izan zituen 20 urtean eta, gainera, baserriko lanak zeuzkan

Erdian
Erdian.  19 urte zituenetik bizi da Gerrantzurin Juli Olaizola. Gaur egun bi baserri daude han: zaharra eta berritua —duela hilabete batzuetatik—. Orain berrituan bizi dira Juli eta gizona. Argazkian, Juli bera, bi baserrien erdiko atarian, atzean eraikin zaharra duela.  (Enekoitz Esnaola)

.78 urte dauzkat eta 14 seme-alaba izan ditut; zortzi neska eta sei mutil (bat hil zen, neska, 2 urte zituela). 14 horiek, 20 urtean izan nituen; Inazio da zaharrena, Josu gazteena. Eta 20 urte horietan, lau abortu ere eduki nituen. Hortaz, 20 urtean, 18 erditze; nik neuk 20 urte nituenetik, 40 arte. Horrela ikusita, asko da, baina 19 urterekin ezkondu nintzen, Ońatz aldera, Gerrantzuri baserrira (neu han ingurukoa naiz, Etxaiz Zaharrekoa). Gizon hartu nuenak, Pedro Arregik, 38 zeuzkan orduan, ezkontzeko garaia ere bai, eta apaizak garai haietan umeak edukitzeko eskatzen zuenez, gu umeak ekarri eta ekarri. Eragin handia zeukan orduan erlijioak. Konfesatzera joan eta bekaturik handiena, apaizari umerik ez zenuela ekarri esatea zen. Nik ez nuen halako trantzerik pasatu, ez. 14 ume. Bekatu hori egin gabekoa naiz.

Ez lanik egin gabekoa. Etxean hainbeste ume izanda... Eta baserrian bizi, gainera...

Goizeko bostetan jaikitzen nintzen. Ukuilura joan, behiak jetzi, zelaian ardiak bildu... Hori egiten nuen, lehendabizi. Gizona seietan jaikitzen zen, eta labeko sua prestatzen nuen, ogia egiteko, artoa... Umeak altxatzen ziren ondoren, eta denentzat gosaria prestatu behar: orduantxe egindako txokolatea, zopekin. Gero, eskolara joan behar zutenez, denak jantzi. Gureak ez dira izan kexaka aritu direnak. Nik uste ikusten zutela etxean zer zegoen, ama tratua pasatzen ibiltzen zela, eta horregatik ez ziren ausartuko kexatzen; izaera kontua ere bada, ordea, halakoak direlako, ez kexatzekoak. Errieta egin beharrik ez dut izan.

Zortzi eta laurden aldera, eskolara txikiak; batzuetan oinez jaisten ziren, besteetan Inazita Azkuneren automobilean, eta Lope taxista ere hasi zen txikiak herrira jaisten, haiek kotxean pilan sartuta —ez denak, eh—.

Hori bai, bazkariarekin bidaltzen nituen, eskolan bazkaltzen zuten eta. Fianbreran sartu janaria eta behera. Eskolak ematen zuen bazkaltzeko zerbitzua, baina gu beti kontuak ateratzen ibiltzen ginen hainbeste ume izanda, eta ez, ez zegoen modurik zerbitzu hura ordaintzeko. Jatekoa etxetik, beraz. Ez nien aurreko egunean prestatzen, goizean bertan baizik; potajea beti, gainekoa eta gailletak.

Ez zen han bukatzen goizetan txikiekin egin beharrekoa. Neskei 2-3 urtean trentzak egiten ere jardun nuen. Baina ateratzen nuen denbora. Nola? Ba neure kalkuluak eginda: honetarako horrenbeste behar dinat, beste horretarako hainbeste, hau di-da egingo dinat... Beharko kalkulatu!

Goizeko zortzi eta erdiak aldera, arnas pixka bat. Baserrian bakarrik. Baina bazen beste lanik. Esnearekin Azpeitira, bezeroengana —ez beti ere—. Esnezalea nintzen. Hartu astoa, otarretan sartu marmitakoak eta oinez behera. Guretik plazara hiru bat kilometro daude hortxe-hortxe. Astotegian utzi astoa eta esnea banatzera. Gero bestelako enkarguak egin, gehienetan Jacanean, eta hamaikak aldera atzera Gerrantzurira. Ez zegoen orduan lagunekin kafesnea hartzeko astirik.

Ailegatu baserrira eta gizonari laguntzera. Pedrok beti hemen egin izan du lana: belarra ebaki, ondu, lehortu...; artoa egin, jorratu, zuritu...; garia ebaki; zorua prestatu idikien; txahalak saldu, oilaskoak eta abar; txerriak ere bagenituen.

Astean behin azokan gelditzen nintzen neu. Patata izaten nuen, baba, oilaskoak, arrautzak, ardi esnea, gazta (neuk egindakoa)... Familia atera behar zen aurrera.

Umeak eskola garaian zirela, etxean ez ginen hainbeste ere izaten bazkaltzen eta, beraz, alde horretatik ez nuen lan handirik edukitzen eguerdian. Afaltzen handiagoa, izaten ginelako hamalau bat. Porru-patatak, baina-patatak edo baratzuri-zopa beti gurean. Gero txorizo mutur bat, edo arrautzak, urdaia eta bale. Hori bai, esnea egunero, bukatzeko.

Ontziak garbitu —umeei gauez ematen nien lanik, bat edo bestea egiteko—, arropa ondoren, eskuz, lehen 10 urteetan ez genuelako urik izan eta, beraz, garbigailurik ez geneukan —egunero hiru bat aldiz hemendik kilometro erdi batera joaten nintzen 20-24 litro ekartzera, askotan tripan umea nuela, haurdun nengoelako—, eta gaueko bederatziak aldera, ohera. Egunez botatzen nuen lo-kuluxkarik, bazkalondoren, hamar minutukoa; denborarik ez ohera sartzeko ere. Eta gauez, bai, goiz ohera, orduan ez genuen-eta telebistarik eta irratirik. Zenbat aldiz hartu errosarioa, ukuilura joan umeekin eta errezatzen...; irratia-eta sartu zirenean bukatu zen errosarioaren istorioa gurean.

Umeak kozkortzen hasi zirenean, dirua ere behar haiek. Baina ez zioten amari eskatzen. Ikusiko zuten etxean zenbat ginen, ez zela denentzat iristen, eta lanean hasiak zirenek —orduan gazterik hasten ziren— besteei ematen zieten eskupekorik. Baina niri ez zidaten hori. Gure umeek, bestela, ez dute gastu handirik izan.

Eta, jakina, gerora hasi ziren baserritik alde egiten. Bat monja sartu zen, beste bat fraide.

Orduantxe sufritzen nuen gehien, baten batek baserritik alde egiteko unean. Asko ginen hemen baina inor ez zegoen sobran.

Orain aste bukaeratan izaten da hemen tropela; zapaturo ogia egiten diet.

Bestela, ez dut lan handirik; ardiak seme batek hartu zituen, 6 bat urte badira ganadurik ez dugula, azokan neguan baino ez naiz izaten sagarrak saltzen... Gizona zaintzera mugatzen naiz; 97 urte egin behar ditu. Biok bakarrik bizi gara baserrian.

Eta hemen nago, 78 urterekin, ondo. Lanak ez du pertsona izorratzen. Lana, osasuna da. Gaixotasuna etortzen bada, ba etorri egiten da eta kito. Nik ez dut gaixotasunik izan, baina igual hor zerikusirik izan du beti etxekoa jan izanak, janari sanoak. Gainera, lana, osasuntsua izateaz gain,entretenimendua ere bada, ezta? Bestela, izaten dira depresioak, estresak. Nik ez dut astirik izan estresik-eta harrapatzeko...

Baina, bueno, zera ere aitortu behar dut: orduan tarteka gizonak eta biok umeak baserrian utzi eta egiten genuen eskapadarik. Kanpora irtenzalea zen Pedro, eta joanda gaude zezenetara Madrilera, Iruńera, Azpeitira ere bai jakina, Donostiara estropadak ikustera, Parisen izanda gaude seme fraidea bisitatzen...

Lehengo kontuak dira horiek. Gaur bestelako bizimodua daukat. Eta, bai: orain, neure automobil txikian azokara jaisten naizenean, izaten dut kafesnea hartzeko betarik”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak