|
|
|
Eta beste
Afrikako egoera larria
Kepa Susperregi
Aurreko batean, Parrokiako Misio Taldekoekin bilduta, egun haietako egunkari batean agertutako datu batzuk gure arreta bereganatu zuten. Entzun ahal izan nuenez, eta oker ez banaiz, Etiopian egun bizi duten eta epe motzera biziko duten gosete larria aipatzen zen. Inguru haietan bizi direnek dituzten bizi baldintza txarrak kezka ere eragiten zuten taldeko hainbat kideren artean. Ez al da honen guztiaren berri kaleratzea komeni? Horrela jaso nuen artikulu hau idazteko enbidoa.
Lagunek aipatutako datuak aurkitu ezinik ibili naiz. Hala ere, hilean behin jaso ohi dugun Mundo Negro aldizkariak, azken zenbakiko editorialean, hainbat datu eskaintzen ditu: 2005eko Giza Garapenaren Indizeak dioenez, giza garapen eskasena duten munduko 25 herrietatik 24 Afrikakoak dira. Azken 25 urteetan, pobretu den kontinente bakarra Afrika omen da. Afrikarren bizi maila eskastu egin da. Sahara azpiko Afrikako biztanleen erdiek, dolar bat baino gutxiago dute eguneko gastuei aurre egiteko. Gosea ezaguna dute. Ur potablea, edangarria ere falta dute: 450 milioi lagunek ez omen dute, hain erraz, eskuratzen.
10etik 4 umek ez omen du oinarrizko heziketarik jasotzeko aukerarik.
“Itxaropenerako arrazoiak ez dira agortu” esaten bada ere, Afrikako populazioari eskainitako artikulu batean esango zaigu, datu horiek guztiek erakusten dutenez, Afrika eta Hirugarren Mundua behar egoeratik ateratzeko asmoak erdi bidean geratu direla. Davoseko Foroak, 2004. urtean, beste hainbeste zioen: “2003. urtean gutxi aurreratu da pobrezia eta goseteen aurkako borrokan. Gosetea zabaldu egingo da Ekialde Hurbilean, Asiako Hegoaldean, Sahara azpiko Afrikan”.
Nola liteke Afrikak dituen ondasun naturalak eta giza aberastasuna izanik, horrelako behar egoera larria ezagutzea?
|