Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Ekaina »  Iritzia »  Zapiaren proba

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

Zapiaren proba

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

*Muxugorri* lagunaren ezkontzan izan da Haizkurgi Uzin, eta oraingoan, lagunaren ezkontzaz eta herrian ezkontzeko dagoen tradizioaz ariko dira hiru gazteak.

Xabier. Azkenean joan al hintzen Muxugorri-ren ezkontzara, Haizkurgi?

Haizkurgi. Horixe joan nintzela, eta ez diat uste pixka bateanean ahaztuko dudanik, gainera.

Mikel. Irribarre maltzur hori ikusita, hango emakumeak biluzik ibili zirela esango nikek.

Haizkurgi. Beste konturik ez daukak hik, moteil! Inoiz ikusi dudan ezkontzarik politena izan zuan Muxugorri eta Elu-rena. Zelatuneko belardietan, naturarekin kontaktuan eta euskal giroan ospatu genian.

Xabier. Bazkaldu ere bertan egin al zenuten?

Haizkurgi. Bai, eta ondo, gainera. Goizean jaiki eta Kaxpi, Buxi Beltza eta hirurok oinez abiatu gintuan Zelatuneraino. Denok bildu ginenean ezkontza ospakizuneko zeremonia hasi zuan; hori bai, sotana kiratsik gabe.

Mikel. Trajea eta gorbata motxilan eramango zenituzten behintzat, ezta?

Haizkurgi. Pare bat aste lehenagotik epaitegitik pasatuta zeudean Muxugorri eta Elu. Guk, Zelatunen, lagun giroan, elkarren arteko eguneroko maitasunaren lotura ospatu baino ez genian egin. Gaur egun modan dauden handiusteko ospakizunetatik ihes egin eta euskal ezkontza abanguardista islatu genian Erniopeko zelaietan.

Mikel. Zer da ‘euskal ezkontza abanguardista’ delako hori? Hi erotuta hago, moteil! Ezkontzak tradizioa esan nahi dik eta, ezkongaiak azpeitiarrak badira, ez zagok leku hoberik Loiolako basilika zoragarria baino, elkarri bizi osorako maitasuna zin egiteko.Ondoren, bikote maiteminduaren lotura ospatzeko, Kiruri jatetxera, zigalez eta pertzebeez leporaino egitera.

Xabier. Hik aipatu duan ezkontza mota Azpeitian guztiz errotuta dagoen tradizioa duk, baina garestiegia eta itxurakeriz betetakoa aukeran, ezta? Ezkontzak alai ospatzeko izaten dituk eta ez buruko mina jasateko gonbidatzen hauten bakoitzean. Batetik, ezkongaiei eman behar zaien sobrea zagok; bestetik, Luxionean neurrira eginiko trajea erosi beharra; azkenik, neska-lagunaren orrazkera ‘berezia’ ordaindu beharra. Urtean horrelako hiru ezkontza izanez gero, adio udako oporretako bidaiari, Cofidis edo Credialera deitxo bat egin ezean, behintzat.

Mikel. Ezkontza Jainkoarekin egiten den sakramentua dela ez ezazue ahaztu, bizi osorako bi pertsona lotuko dituen maitasunezko zina. Nola pentsatu dezakek diruarekin, bizitzan behin gertatzen den une zoragarri batean?

Haizkurgi. Bizi osorako? Ingalaterrako dibortzio festara gerturatzen ari gaituk eta! Ez hadi ‘xanoa’ izan, Rouco Varela ematen duk hire pentsakera atzerakoi bezain itsuarekin.

Mikel. Egia duk azkenaldian dibortzioak ugaritzen ari direla baina dena epaitegietan ezkontzen diren ‘sasi’-bikoteen errua duk. Sinesmena eta fedea duen bikotea elizaz ezkontzen duk; emakumea zuriz jantzita, bere birjintasunaren isla eta...

Haizkurgi. Orain, gainera, esango didak zuriz jantzitako ‘birjin’ horri ‘zapiaren proba’ egiten diotela Kiruriko komunean. Utikan!

Mikel. Ez azpeitiarren lege zaharrak eta ijitoen tradizio narratsak nahastu.

Xabier. Nahi duana esango duk Mikel, baina azkeneko urteotan Azpeitian egiten ari diren ezkontza ospakizunek tradiziotik gutxi ditek. Dena itxurakerian oinarritutako ospakizun ‘kapritxoso’ batetan bilakatu duk. Batetik, emakumeen arteko ika-mika, soineko garestiena nork eraman duen edo soineko bera errepikatu duen erabakitzeko; bestetik, gonbidatuen komentario zitalak menua dela eta ez dela; eta, azkenik, jendeak egiten dituen gehiegikeriak janariarekin nahiz edariarekin, ordaindu duena enpazte aldera.

Haizkurgi. Arrazoi guztia duk, Xabier. Horregatik aldarrikatzen diat berriz ere ‘euskal ezkontza abanguardista’, ospakizun arrunt bezain aberatsa izan zelako Zelatunen egin genuena. Lagun giro jatorrean bildu gintuan indaba jan ederra egiteko, trikitixak alaitzen zuela otordua. Gero, postrean, Buxi Beltzaren eta Kaxpiren bertso emanaldi bikainaz gozatzeko aukera izan genian; hori bai, badakik nola jartzen diren patxaranari ematen diotenean, eta bertso lizunak ere izan hituan... Azkenik, egun zoragarriari bukaera emateko, ‘Jazbanarekin’ dantza aspertu batzuk egin eta etxera aldera, Antton Porru-ri erositako erroskila zorroa besapean hartuta.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak