Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Ekaina »  Iritzia »  Haize eza

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Haize eza

Xabi Borda

Garaiei lotuta sortzen dira kantuak. Nola ulertu John Lennonen Imagine abestia Vietnam gabe, nola Kortaturen Hotel Monbar GALen mamua berpiztu gabe. Gure gaztaroak ere izan ditu bereak; Haize eza, adibidez.

Hasteko, akorde latz-latzak; espartzuaren igurtziak azal biluzian. Bateriaren gainean gero, kolpeak lehor. Belarri zuloko mintzak erre arte, soketatik melodia hondarrak sutan; kristal zatiak.

Eta hitzak, enblematikoak bezain enigmatikoak: “Konbikzio handirik gabe galdezka ari naiz, oihukatzeak ala entzuteak zerk egiten gaituen libre (...) Harroegi ulertzeko, harroegi onartzeko askatasun desiratuak ez gaituela askatuko”. Aurrerago, bukaeran, eztarriko kordez zerbait hautsi guran: “Bandera trapu bat da haizerik ez badabil!”.

Dut taldea, At diskoa. Haize eza, zerrendako hirugarren abestia. Gogor jo zuen orain dela 10 urte, Franco hil ondoren jaio ginenon artean. Banderak gehiegi maite ez ditugunontzat ereserkia.

Amua. Uztarriarako artikulu hauek idazteko, neure nekea hartu ohi dut. Txanda datorrenean, pentsatzen hasten naiz zeri egin kolpe, zeini egin hozka. Ez pentsa edozertaz eta edozer modutan idatz daitekeenik hemen. Koldok iladan ipini zituen gaiak datozkit akordura.

Ikurrinaz idazteaz ere paso egingo nuke, aukera izatera. Baina, aurreko zenbakian, alboko plazan Maria Jesus Aranburuk ezpainetan utzitako amua gozoegia izan, eta ezin antzueloa eztarriko zulora sartu arte lasai geratu. Aberri Egunean ikurrina gutxitxo balkoietan, nonbait. Normalizazioa edo epelkeria?

Ez naiz oroitzen Aberri Egunean haizerik bazenentz. Oroitzen naiz, ordea, trapurik ez nuela zintzilikatu nire gelako leihotik. Ez ahaztu egin zitzaidalako, ezta eskueran ez nuelako ere. Nahi ez nuelako, baizik.

Franco eta gero jaiotakoa naiz. Beraz, ikurrinaren aro mitiko hura ezagutu gabea. Ez dut dudan jarri nahi debekatua eta pertsegitua izan zen aldian, herri eta borroka baten ikur izan ez zenik. Denok entzun ditugu, orduko gazteek, oztopo guztien gainetik eta euren lepoa jokatuz, ikurrinak tokirik ezinezkoenetan margotzen edo zintzilikatzen zituzteneko istorioak. Baina kontu horiek, amonaren gerra aurrekoak bezain urruneko egiten zaizkit. Jaio naizenetik, ikurrina lasai haizatzen da udaletxeko balkoian festak heltzen direnero.

Aldi berean badakit, urte haietan ikurrinaren atzean gordetzen zen borroka oraindik ez dela bukatu. Ikurrinaren legeztatzeak ez zuela gure arazoaren gainditzea ekarri. Ez garela oraindik burujabe, ez garela oraindik aske. Baina badakit udaletxe eta balkoietatik zintzilikatzen diren egungo trapuek ez dutela ordukoen antzik ere; kolorea eta forma baino ez dituztela berdinak. Haizea falta dela.

Egungo ikurrinak. Egun ikurrinak, eta ikurrinak baitaude. Makila adina ikurrin. Nork esango luke guztiak berdinak direla? Begiratu, esate baterako, Batzokitik zintzilik dagoen ikurrinari; Nafarroako banderaren eta arrano beltzaren ondoan ipini dutenari; Espainiako banderaren ondoan eta Maria San Gilen atzean ikus daitekeenari; mendizaleak, han goian, pioletetik eskegi duenari; Hispanitatearen egunean, Madrilen beste autonomietako banderen ondoan altxatu dutenari; presoak kartzelako leihotik ateratakoari; edo bertako zerbeza marka baten izena apaintzeko etiketan margotu dutenari. Ikurrina, Andy Warholen Marilyn edo Campbell sopa-lata bezain hutsa geratu dela sinetsita nago.

Inoiz izan zuen errebeldia hura galduta, Aberri Egunean hiru koloreko banderak balkoietan zabal-zabal ikusteak ez dit oiloipurdirik ateratzen. Ez dizkit ileak harrotzen. Areago, halako abertzaletasun merke baten traza hartzen diot kontu horri. Epelkeria bat, azken batean. Eta nabarmenkeria hori, urtean zehar hemengo arazoari benetan heldu nahi ez diotenek, euren burua zuritzeko bidea ez ote duten, zalantza egiten dut.

Ezin nezake esan, Euskal Herri burujabe eta aske (eta buru-aske) baten alde ez nagoenik, baina ezta Euskal Herri patriota baten kontra ez nagoenik ere.

Bandera trapu bat da haizerik...”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak