|
|
|
Enbido
Zatiketa telebista
Koldo Aldadur
Zatituta, beti zatituta. Agian, herria bera ere barianteak zatituta daukagulako izango da, baina beti bi zati eginda gaude. Azpeitian, urteak dira preso politikoei diru laguntzatxoa emateko festetan bi txosna muntatu behar izaten direla. Abiapuntu eta helburuak ahaztuta bideari garrantzia emanez eta, hemen ere, sarritan handiak txikia janez.
Ikastolak ere bi, beste hainbat herritan bezala, nahiz, azken batean, hain sakonak ziruditen aldeak gaindiezinak ez zirela garbi geratu den. Hemen handiak ez du txikia jan, hemen elkar jan dute biek.
Kirola egiteko eraikinak ere herrian bi. “Halabeharrez”, diote. Baina honek dakartzan kalteak nabariak dira kirolariarentzat. Hemendik norbaitek jango zuen.
Dantza taldeak ere ez al ziren bi?
Eta bi telebista. Eta, beste hamaika kasutan bezala, herri telebistak ere bakarra ez.
Ez dut uste tokia denik kateok egiten duten lana sakon aztertzeko. Bai, ordea, dituzten baliabideak eta mugak azaltzeko. Material teknikoaren aldetik oso justukoak, normala den bezala. Zaharkitutako kamera analogikoak, editaje gela prehistorikoak, mila aldiz erabilitako zintak, masterrak aidean, eta, sareak eta antenak, ahal den modukoak. Personal mailan, antzera. Borondatea bai, baina aurrekontuak ikusita logikak agintzen duena: sozioak, etxekoak eta lagunak; publizitatea topatzeko, grabaketak egiteko, grabatutakoari musika sartzeko, emititzeko... Enfin, nahi eta ezina.
Eta programazioa, egoera kaotiko honen ondorioa: partidaren bat, sokamuturra, danborrada, prentsaurrekoak, kontzertuak, dantza-saioak, antzerkiren bat, udal ordezkariak egindako lan eskerga azalduz, eta abar. Emisio ordu piloa betetzeko, grabazio luze eta landu gabeak, plano luzeak, emankizun luzeak. Aurkezlerik gabe. Eta, jakina, programaziorik gabe. Errepikapenak errepikapenen gainean... Huts-hutsean. Nire lagun nafarrak esango lukeen bezala: ‘Con dos pelotas, un palo y la bandera de Tafalla’. Matxista eta historikoki
kokaezina da azkeneko esaldi hori, baina burura
ez zait besterik etorri; sorry.
Debagoiena adibide. Beste hainbat herri eta bailaratan ere izan zuten antzeko arazorik, baina, itxuraz, gainditu dituzte. Begira Goiena Telebistak, esate baterako, Bergara, Antzuola, Elgeta, Arrasate, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, Gatzaga eta Aramaiorako gaur bertan duen programazioari dagokion hainbat detaile:
Eguena, maiatzak 4. Eguerdi partean hasita eta marrazki bizidunen ostean, ordu biak laurden gutxitan, Gaurkoak informatiboa. Gero, erreportajea makilagileei buruz. Geroxeago, Zera dio elkarrizketa saioa; bailarako film laburrak erakusteko aukera; magazin koskor bat; bideoklip interesgarrienei buruzko programa, eta Elkartasun Bideak, beste norbaiti prezio onean erositako nazioarteko erreportajeak.
Iparorratza, gaur Palestinari dagokiona. Ilunabar aldera, bailarako albiste garrantzitsuenak biltzen dituen albistegia, eta, atzetik, kirolak. Kulturarekin lotutako programatxo bat azkenik, eta ‘alolo’. Bihar arte.
Dozena bat lagun fijo samar ari dira lanean, eta, kolaboratzaileak, beste hainbeste. Aurrekontuaren erdia, gutxi gora-behera, diru publikoari esker; beste erdia, publizitatetik. Soldata, hilero. Goienkaria, web orria, herrian presentzia eta izen ona, azaltzeko aukera handirik ez dutenen aukera bakarra, ilusioa gainezka eta proiektu duina. Gutxi al da?
Eta etxeko lanen barruan, galdera. Eta hemen, zergatik ez? Arrazoi ekonomikoak edo politikoak badira tartean, ameto emango dut. Baina ez dezatela esan behintzat, oso maila polita duen kazetaririk ez dagoela. Ilusioa eta duintasuna ere gainezka, seguruenik.
Norbaitek baldin badaki zergatik gauden gauden bezala... Zain gauzka. Jarri tente antenak, gaia ez da hemen geratuko eta!
|