|
|
|
Burutik beherakoa
Internazionala
Jose Luis Otamendi
Sarritan gogoa gauza batetik bestera saltoka doakigu, behin halako tokitan ikusitakoa, hurrena beste bati entzundakoa... eta beti holatsu. Orain hurrengoan irakurri nuen Txekian Bigarren Mundu Gerran bildutako milaka soldadu alemaniarren hilotzak daudela oraindik nork eskatuko, hangar handietako bakardade izoztuan. Maite dituztenik ez dira faltako, baina hango aranzadikoek ez daukate erraza. Frantzian, 2004ko udan bero boladak eragin hildako zurtz pilak ere trailer-hozkailuetan gorde behar izan zituzten etxekoen zain.
Nasar Dzigita labankadaz hil dute Donostian apirilaren 17an. Ukrainan jaiotako 23 urteko mutilaren gorpua, epaitegiko hozkailuan zegoen artean hilaren 26an. Azpeitiko ikasle batzuek epaitegia bisitatzera joanda ikusi zuten bere arropa odoldua hozkailuko zuloaren ondoan. Prentsak dio Ivano Frankivsk hiriko semea zela, uztailean zuela etxerako ideia. Urtebete omen zen Azkoitian bizi zela, eta Azpeitian egiten zuen lan, baina Nasarren lagunak ez du adierazi nahi izan zein enpresatan, paperik gabe ari zelako. Internazionala gogotsu abestu dugu Sanagustinpean maiatzaren aurrenean. Nasar ez da aipatua izan, ez haren hotza, ez sorterriratzeko zailtasunak. Enpresak kalte ordainik helaraziko ote die gertukoei? Inor akordatuko al da berriz mutil horrekin? Akaso bai. Akaso inor paperik gabe egon ez dadin egunean... Baina batzuek beti begiak beteta amaitzen dute kanta: “...bihar izan dadin/ Internazionala/ pertsonaren adin!”.
|