Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Maiatza »  Loiolan Alec Reid

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Loiolan Alec Reid

Enekoitz Esnaola

Reid irlandar apaiza ezagun egin da Euskal Herrian, gatazkari konponbidea eman nahian dabilelako. Loiolan izan zen azaroan, bisita pribatuan

Alec Reid irlandar apaiz katolikoa. 

Ez da ETAren su-etenean bitartekari izan, baina bai pertsona garrantzitsua”. Horixe diote eragile askok. Azkena, PSE-EEk. Alec Reid irlandar apaiz katolikoa da pertsona garrantzitsu hori, eta azaroaren 4an Azpeitian izan zen, Loiolako Santutegian, hitzaldi bat ematen.

Loiolako josulagunek deituta etorri zen Reid, Joseba Segura, Bilboko Elizbarrutiko kidearekin, Uztarriak jakin duenez. Bi ordurako etorri zen, arratsaldez, bakeari buruz hitz egitera. Ekimena pribatua izan zen, eta 60 bat lagun bildu ziren. Euskal Herriaz hitz egin duen Reidek, Irlandako bake prozesuaz ere bai.

Euskal Herriko hamaika leku bisitatu ditu azkeneko urteetan Reidek. Segurak berak deitu zion orain dela zazpi urte etortzeko, gatazka politikoa ezagutu zezan. Irlandako bake prozesuan zeregin garrantzitsua izana zen Reid, “baina ez nuen sekula pentsatuko Euskal Herrian horrenbeste inplikatuko zenik”, esan du Segurak.

Reid Euskal Herrian egoten denean, Bilbon hartzen du ostatu, Begoñan. Handik, batera eta bestera mugitzen da. Haren ezagunek diotenez, motxila txiki batekin, autobusez edo trenez bidaiatuz, hirietan eta herrietan asko ibiliz, “hemen betaurrekoak ahaztuz, han paperak utziz, kafe txiki bat hartuz, eta ‘kaleko ikasgaiak’ idazten segituz”. Hala, oraintxe dela urte erdi bat, Loiolara egin zuen bisita. Hitzaldi interesgarria eman zuen bertan, josulagunek Uztarriari esan diotenez, eta Reid “baikor” ikusi zuten orduan.

Denek aitortzen dute haren lana. Joseba Segurak, kasu: “Reidek lan garrantzitsua egin du, komunikazio bideak irekitzen elkarte eta pertsonen artean, konfiantza giroa sortuz, giroa baretuz eta elkarrizketaren beharra azpimarratuz. Ezinezkoa da Reid desanimatzea”.

Bere kasa. Bere kasa ari da lanean, ez Elizaren aginduetara. Dena dela, eta bera irlandarra izanik, Irlandako bere nagusi probintziala jakinaren gainean dago, badaki zertan ari den. Eta Euskal Herriko Elizakoek ere garbi diote: Reid hemen ez dago hemengo Elizaren erabakiagatik edo estrategiagatik. Joseba Segurak ekarri zuen duela zazpi urte Euskal Herrira. Bion iritzien berri izan zuten azaroan Loiolan bildutakoek.

“Dena da eztabaidagai —dio Segurak—, baina zaila da apaiz bat ezbaian jartzea, apaiz hori Irlandan lasai asko egon zitekeenean ondo irabazitako prestigioarekin. Bere adinarekin (70 urtetik gora ditu Reidek), oraindik pasio handia du hau bezalako saltsa batean sartzeko”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak