Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Maiatza »  Maider Egituren

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

MAIDER EGIGUREN presoa

"Askatasunaren balioa eta esanahia ikasi ditut kartzelan"

Uztarria

Maiatzean bi urte eta erdi bete dira Maider Egiguren atxilotu zutenetik. Gaur egun Texeiron (Galizia) dago preso, herritik 665 kilometrora. Uztarriak ETAren su-etenaren aurretik galderak pasatu zizkion, idatziz; Egigurenen erantzunak su-etenaren ondorengoak dira

 
SOTO KARTZELAN EGON ZENEAN. Maider Egigurenek Meco, Soto eta Texeiro kartzelak ezagutu ditu preso bezala. Goiko argazkia, Soto del Realeko kartzelan zegoenekoa da.  

2003ko azaroaren 19 Arrasaten atxilotu zintuen Espainiako Poliziak. Nola gogoratzen duzu une hura?

Atxiloketa unea torturarekin eta zulo beltz baten hasierarekin lotzen dut. Kotxean mendira paseo bat ematera eramango nindutela esan zidaten, eta polizia plakak ikusi arte atxiloketa ote zen zalantzak izan nituen. Burua, egundoko abiaduran, hainbestetan entzun eta irakurri dituzun torturen kontrako harresi eta borroka estrategiak prestatzen hasi zen. Komisaldegiko inkomunikazio egunetan gertatzen dena ez dago hitzekin azaltzerik; han ikusi eta bizitakoak zure ordu arteko mundu ikuskeran eragiten du, nolabait.

Atxiloketatik bi urte eta erdi pasatu dira eta oraindik ez dizute epaiketarik egin. Ba al dakizu zer leporatzen dizuten?

Azkar pasatu zait denbora. [ETA] Erakundeko kide izatea leporatuta nago prozesatua. Epaiketara arteko beste tramite batzuk falta dira eta, gehienez, lau urte bete arte eduki ahal gaituztenez epaitugabe, auskalo. Europatik ere salatu dute Espainiako Estatua epaitu gabeko espetxealdi epe hain luzeengatik, salbuespena behar lukeena orokorra baita hemen.

Denbora honetan kartzela bat baino gehiago ezagutu dituzu.

Bi urte eta erdi hauetan Soto del Real, Madrid I (Meco) eta Texeiroko (Galizia) kartzelak, hain zuzen. Kartzelak, kartzelak dira bazter guztietan; batek ‘hobea’ duena besteak faltan du eta alderantziz. Desberdintasuna Mecon bigarren graduko bizitza erregimenean egon nintzenekoa da, lehen gradua ezarri zidaten arte. Lehen graduan ziegan askoz ordu gehiago egiten dira; patioko lau orduan ez beste guztiak. Espainiako espetxeetan euskal preso politikoen %80tik gora lehen graduan daude eta hala bete ohi dugu zigor osoa. Preso politiko bezala onartzen ez bagaituzte ere, bizitza erregimen berezia daukagu. Gainerantzean, esandakoa, bakoitzak bere alde txarrak edo okerragoak ditu.

Orain Galizian zaude. Zein da zure egoera hor?

Orain Texeiron (Galizia) nago. Guztira 15 kide gaude hemen, hiru neska modulo batean eta mutilak beste hiru modulotan banatuta, horietatik hiru isolamenduan. Kartzela berean eta teorian bizitza erregimen berarekin gaude, baina modulo bakoitzean oso errealitate ezberdinak bizi ditugu. Modulotik modulora hilabete irauten duten gutunez komunika gaitezke elkarrekin.

Presoen sakabanaketa gertutik ezagutu duzu. Nola bizi du preso batek egoera hori?

Kartzela barrutik, ‘sakabanaketa’ hitzak atzetik daukan guztiaz ohartzen joan naiz. Sakabanaketa politikoa, herriarekiko, beste euskal preso politikoekiko, espetxe barnekoa, bidaiengatik bisita bakoitzeko tentsioa, maite dituzunak zu ikusteagatik sakrifikatu beharreko ordu eta egun guztiak... Urteetan martxan dago sakabanaketa estrategia eta bere porrotak, gure herriaren indarra erakusten du. Halako errepresio gordin eta gogorraren gainetik, politikoki kolektibo bezala aritzen gara eta herriarekiko lotura estua mantentzen dugu. Sakabanaketak espetxealdia bi dimentsiotan biziarazten du: zuk barrutik eta senide eta lagunek kaletik. Kanpoko lokarri horregatik ez balitz, sakabanaketak aspaldi gainditu gintuen. Guk txapela kentzen dugu lokarri horren bestaldean dauden senide eta lagun guztien aurrean.

Senideek behin eta berriz esan ohi dute beraiek animoak eman beharrean zuek ematen dizkiezuela. Nola da hori?

Guk alderantziz esaten dugu: bisitetako minutu gutxi horiek, ordu eta egunetako bizipoza ematen digute guri hemen.

Zer da kartzelan ikasi duzun garrantzitsuena?

Askatasunaren balioa eta esanahia.

Kartzela asko emakumeak hartzeko prestatu gabe daude, baina bertan bizi behar...

Madrid I emakumeentzako kartzela da, baina Soto eta Texeiro mistoak dira. Texeiron gure kasuan ezin garenez modulotik ezertarako atera, ez da hainbeste nabaritzen, baina beste emakume presoek astean behin ordubeteko kiroldegia soilik dute, mutilek astean hirutan duten bitartean. Ikastaro eta formakuntza tailerrekin ere mutilek tornugintza, elektrizitate ikastaroak dituzten bitartean, neskentzat ez dago eskaintzarik. Hemen moduloa dago haurdun daudenentzat eta amak euren umeekin egon daitezen, baina ez dago ginekologia zerbitzurik eta kanpora atera behar da zerbitzu hori jasotzeko, kanpora atera beharrak esan nahi duen guztiarekin.

Nolakoa da zure eguneroko bizitza kartzela barruan?

Goizeko zortzietan rekuentoa pasatzen dute, bederatzietan irteten gara ziegatik. Bederatzietatik ordubatak arte daukagu patioa. Bitarte horretan gosaldu, kirol pixka bat egin, telefonoz deitu... egiten ditugu. Ordubatean ziegara, eta bazkaria ekartzen digute. Astegunetan (eta pribazio zigorrik ez badut betetzeko), arratsaldeko bostetatik zazpiretara gela txiki itxi batean egoten gara eskulanak egiten. Zazpietan berriro ziegara, eta zazpi eta erdiak zortziak bitartean afaria ekartzen digute. Bederatzi eta erdietan azken rekuentoa izaten da. Ziegako ordu horiek irakurtzen, idazten... pasatzen ditut. Bisita eta aurrez aurrekoek markatzen dituzte inflexio puntuak egutegian.

Zein izan da kartzelan bizi izan duzun egoerarik gogorrena?

Oihane Errazkinen eta orain gutxi Igor Angulo eta Roberto Sainz Baru-ren inguruko gertakariak izan dira egoerarik gogorrenak. Gehiengoak oso ondo eraman arren, oso gogorra eta ankerra da. Amorrua, ezintasuna, sentimendu pila bat nahasten dira. Martxoaren 11ko gertakariak ere oso gogoan ditut; kartzelak bultzatuta, presoen eskutik kideok jipoitu, iraindu gintuzten. Kartzelan guztiz etsaiaren esku zauden eta edozer egin dezaketen sentsazioa, M-11koan bezala ez dut inoiz hain garbi sentitu.

Aspaldian asko hitz egin da bake prozesuaz... Egoera politikoari dagokionez, oso baikor nago, su-etenaren bezperan bezalaxe. Urteetako marko zatituaren sakoneko lana eta estrategia errepresiboaren areagotzea eta zorroztearen gainetik, Euskal Herriak bere etorkizuna kontestu demokratiko batean erabakitzearen atarian gaude. Bide luzea daukagu aurretik eta helmugarako ez dago formula magikorik, borroka besterik.

Prozesuan zein paper jokatu behar duzue presook?

Presook parte hartu nahi dugu. Preso gauden bitartean, parte-hartze hori ahalbideratuko duen bitartekoak behar ditugu, estatus politikoak eskainiko dizkigunak. Baina, batez ere, kalean herria eraikitzen egin nahi dugu lan. Orain, inoiz baino gehiago, preso gaudenon borroka eta lanerako gogoarekin herriak bere indarrak bikoiztuko ditu. Gutaz hainbeste hitz egin baino gehiago, gure hitza entzunarazi behar dugu. Ez dugu beste iruzurrik onartuko. Guztion esku dago.

Besteak

Azpeitiar presoak, deportatuaK eta iheslaria

Juan Karlos Arruti Paterra.
Puerto Santa Marian (Espainia) daukate preso, Azpeititik 1.132 kilometrora.
Xabier Etxeberria Txapi.
Mureten (Frantzia) preso, herritik 349 kilometrora.
Jabi Agirre.
Moliensen (Frantzian) preso, herritik 715 kilometrora.
Gotzon Aranburu.
Villenan (Herrialde Katalanak) preso, herritik 760 kilometrora.
Joseba Segurola Xegu.
Cuincyn (Frantzia) preso, herritik 1.100 kilometrora.
**Iñaki Etxarte**.
Kuban daukate deportatua.
Juan Manuel Bereziartua Pakea.
Venezuelan deportatua.
Maria Angeles Artola.
Venezuelan deportatua.
Iker Iparragirre.
Sasian dago.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak