Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 18,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Maiatza »  Soziedadeen herria

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Soziedadeen herria

Miren Garate eta Ihintza Agirretxe

Bat, bi, hiru, lau... Azpeitia soziedadez josita dago. Maiatzean irekiko dute beste bat. Eta udaran, 32.a. Bada zerbait. Tradizio handia dago, ezbairik gabe

Izarraitz Txoko soziedadean, zapatu iluntze batean jendea afaltzen.  (Ihintza Agirretxe)

Azken uneko okerrik ezean, maiatzean irekiko dute Loiolabide Zahar elkartea Sanjuandegin, Salbe auzoan. Iberotarren plazan ere beste bat egiten ari dira (Ziripot), eta udara ingururako ireki nahi dute.

Loiolabide Zahar, herriko 31.a soziedadea izango da. Bistan da: ohitura handia dago soziedadeetan elkartzeko. Herrian elkarte asko daude, zergatik ote? Non daude? Nolakoak dira?... “Soziedade bat irekitzen dutenean, zeu ere animatu egiten zara, egia esan. Hori gertatu zen lehen eta hori gertatzen da orain. Bestela, ezin esan Azpeitian elkarren artean-eta biltzean desberdinak garenik. Horixe, soziedadeen ohitura, tradizio horixe dagoela”, diote gehienek, laburbilduz.

Asko lagunartean sortutakoak dira. Soziedade horiek antzekoa dute sorrera: bi-hiru mutil gazte kuadrila elkartu eta lagunarte bila sortuak dira. Gehienetan, aurretik ere ezagutzen zirenak elkartu izan dira, baina gero urteak aurrera egin ahala, zaharrak irteten joan diren heinean, gazteak sartu dira edo, bestela, bazkide kopurua handituz ere joan da. Gehienetan, gainera, bazkide izate hori herentzian jaso daitekeen zerbait da. Hau da, gurasoak bazkide izateari uzten badiote haren seme edo alabek izango dute lehenik aukera bazkide izateko.

Auzo txikietakoak, familia giroan edo auzokoen artean sortutakoak dira. Adibidez, Loiolatxoko bazkide izateko “bailarakoa” izan behar da; hau da, loiolatarra, loiolatarren ondorengoa edo bazkide egitean bertan bizi behar da.

Auzoetakoek, kalekoekin zerikusi txikia dute, hauen funtzionamendua oso bestelako baita. Goi Kabi eta Urki Gain Urrakiko soziedadeak eta Oñatz Gain soziedadea, familia giroan egoteko dira, batik bat. Kalekoek, berriz, aste bukaeratan izaten dute martxa; ostegunetik hasi eta igandera bitartean izaten dira egun fuerteak.

Gazteak. Azkeneko urteetan gazteak elkarte berriak irekitzen ari dira, baina, era berean, lehengo soziedade zaharretan gazte asko sartu dira; baita bertako martxa aurrera atera ere, soziedade askotako batzordeak gazteen esku gelditu direlako.

Martxan direnetatik behintzat,1933an sortu zen lehendabiziko soziedadea: Bustinzuriko Errebalean, Izarraitz Txoko —oraindik ere irekita dago—. Ondoren, 70. hamarkadan, ireki ziren soziedade gehienak Azpeitian. Eta azkeneko urteotan berriro gora egiten ari da elkarteen kopurua.

Sorrera denek dute, baina, berezitasuna. Izarraitz Txoko sortzeko, adibidez, Artetxe hoteleko nagusia elkarteko bazkide zen eta hark utzi zizkien metro koadro batzuk, bil zitezen. Egunkaria irakurri eta horrelakoak egiten zituzten bertan. Hasierako urteetan, jauntxotzat hartuak ziren Izarraitz Txokoko bazkideak. Lekuz aldatu zirenean ere, etxeko sala zirudien elkarteak: kristalera handia zuen kanpoaldean eta barruan sofak eta liburuz betetako apalategia. Urteen poderioz elkarte gastronomiko bihurtu da.

Gertaerak. Soziedadeetan gertaerak, hamaika. 1983ko abuztuaren 26a ondo gogoan izango du oraindik herritar askok. Egun horretan, sekulako euriteak izan ziren herrian eta uholdeak eragin zituen.Taberna, etxebizitza eta dendek ez ezik, elkarteek ere kalte handiak jasan zituzten. Harkaitza, Txalintxo, Ardozaleak eta Izarraizpe elkarteetan, behinik behin, urak arazo ugari eragin zuen. “Uholdeen ondorioz, ur asko sartu zen elkartera, eta denbora asko behar izan genuen guztia bere onera ekartzeko”, gogoratzen du Iñigo Agirre Izarraitz Txokoko bazkideak. Ardozaleetan, ura leporaino iristen zen. Harkaitzan, berriz, sabaia ere ukitu zuen...; elkartea ibai ondoan dago eta kalteak konpontzeko obra handia egin behar izan zuten. “Uholdeak pasatu ondoren, elkarte osoa goitik behera berritzea beste erremediorik ez zitzaigun geratu”.

Baina izan dira beste era batetako uholdeak ere. Zokoakoei, adibidez, kafetera gaineko sabai osoa erori zitzaien, goiko etxean garbigailua izorratu eta ura goitik behera pasatzen hasi zenean. Horren ondorioz, kafea hartzen ari zirenek lasterka irten behar izan zuten elkartetik.

Bizilagunak. Zarataren ondorioz, tabernariek eta auzokoek maiz dituzte liskarrak. Baina elkarteetan ere pasatzen dira horrelakoak. Zelai Luzekoek, esaterako, bi aldiz intsonorizatu behar izan dute elkartea. Duela urte batzuk, bizilagunak kexaka ari zirela eta, Udalak zarataren kontrako neurriak hartzera derrigortu zituen. Hala, intsonorizazio sistema jarri zuen lehen elkartea izan zen. Baina, gutxira, legea aldatu zen, baimendutako zarata kopurua jaitsi egin zen eta Zelai Luzekoek muga pasatzen zutenez, obra egin behar izan zuten. “Diru asko gastatu dugu intsonorizazioa dela eta”, dio Miguel Angel Iriarte elkarteko lehendakariak.

Emakumeak bazkide. Herriko elkarte guztiak gizon kuadriletatik sortuak dira. Loiolatxo izan zen emakumeak bazkide izaten lehena. Inoiz ez omen da eztabaidarik izan gainera gai horren inguruan. hasieratik erabaki zen emakumeak bazkide izatea.

Baina ez da gauza bera gertatzen beste elkarte denetan. Batzuetan bada emakume bakarren bat. Galdezka hasiz gero, “ez dago, baina hori eztabaidatuz gero, auskalo zer irtengo lukeen”, azaltzen dute batzuek.

Soziedade berri askotan ez dago emakumerik, “baina ez delako tokatu”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak