Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Maiatza »  Jendearen txoferra

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Jendearen txoferra

Enekoitz Esnaola

Manolo Etxanizek 40 urte egingo ditu 2007an taxista. 1967an hasi zen. Zenbat istorio harrezkero, zenbaterainoko tratua jendearekin...

Leku hobea
Leku hobea.  Taxien gunea urteetan herriko plazan izan zen. Azkeneko urteetan, ordea, Jose Artetxe kalean dago. Manolo Etxanizen ustez, plaza baino leku hobea da. Argazkian, Etxaniz bera, Jose Artetxen, bere kotxean.  (Ihintza Agirretxe)

Taxista lana, lan publikoa duk azken batean, kalean gaudek, jendea batetik bestera eramaten diagu. Hala ere, garai batean herritarrentzat erreferentzialagoak gintuan, gizarteko hainbat zeregin betetzen genituelako. Gaur egun, berriz, gizarteak baliabide gehiago ditik, oinarrizko zerbitzu gehiago, eta gure funtzioa mugatuagoa zagok. Nola esan...; lehen jendearentzat ezinbestekoagoak gintuan.

Esate baterako, anbulantziko txofer lana egiten genian. Orain urte asko ez zegoan horietarako txoferrik, diru faltagatik, DYA-eta ez zeudean, eta herrian zerbait pasatzen zenean, taxiston artean lerroan aurrena zegoenari tokatzen zitzaioan anbulantzia hartzea. Neu ere orduan gazteagoa ninduan, beste txoferrak edadetuagoak ni baino, eta haiei baino gutxiago kostatzen zitzaidaan anbulantzia hartzea, 1.500 hura. Hala ere, horrek ez dik esan nahi egoera gogorrek eragiten ez zidatenik. Gogoratzen nauk Izaronean hiru guardia zibil hil zituztenean, nola joan ninduan neu anbulantziarekin. Hartu ‘neure’ hildakoa eta ospital militarrera.

Beste behin, Bergarako gazte bat hil zenean Azpeitian, hartu gorpua eta Bergarara. Uste diat bagenuela haren helbidea, baina gurasoek ez zekitean semea hil zitzaienik eta, beraz, ez nian eramango gorpua zuzenean etxera, ezta? Udaltzaingora eraman nian, beraiek enkarga zitezen hildakoarekin.

Beste batzuetan Extremadurara-eta joan behar izaten genian. Urtean pare bat aldiz edo. Hemen bizi ziren extremeño batzuei han familikoren bat hil zitzaiela eta, orduan garraioa ona ez zenez, taxisean hara. Presaka ibili behar, hileta elizkizunera garaiz iristeko.

Erditzeak ere tokatzen zitzaizkiguan orduan. Emakumeak ume-egitean zeudenean, guri deitzen zigutean halako ospitalera eramateko. Zenbat buelta... Behin, goizeko ordu txikietan, beste askotan bezala, Donostiara gindoazela komadrona, haurduna eta hirurok, Meagasen geratzeko esan zidaan komadronak, azkar geratzeko. Orduan ez zegoan autopistarik eta Meagasetik buelta joan behar Donostiara. Kotxetik kanpo irten nian, goizeko ordubiak zituan, fresko egiten zian, eta zigarroa piztu nian. Haiek orroak haurdunarenak. Baina ez zian umerik izan, eta komadronak azkar sartzeko taxisera eta azkar joateko Donostiara.

Horrelako egoera asko tokatu zaizkidak. Han egoten ninduan Arronanean kafe konpletoa hartzen, lasai, eta serenoa etortzen zitzaidaan bila, istripuren bat-edo gertatu zela eta joateko.

Maitasun kontuak ere tokatu zaizkiguk, harremanak nola gauzatu diren ikustea, nola hautsi diren... Baina kontu onei helduko zieat, ezta? Garai batean Urretxutik mutil gazte asko etortzen zituan, andregaia Azpeitian zute-la eta. Ostegunean etortzen zituan, eta neuk ekarri eta eramaten nitian. Azkoitiarrak ere bai. Bikoteen garapenen berri izaten nian. Eta gero haietako asko ezkondu egin zirenez, neuk eramaten nitian ezkontza egunean Loiolara edo Olatzera. Oraindik esaten zidatek igual: ‘Hi, gaur 38 urte dituk ezkondu nintzela eta akordatzen al haiz heuk eraman ninduala Loiolara taxisean?’. Jakina, haientzat egun berezia zuan —niretzat arrunta— eta asko akordatzen dituk nitaz. Hori bai, horrenbeste boda izan nitian horrela, batetik, azkenean kotxean plastikozko loreak jarri nituela eta ez, aldiko, lore berriak (bestela, ederra gastua nirea...), eta, bestetik, taxista eta argazkilaria bodako bazkarira gonbidatzen gintuztenez, zaindu egin behar, gero gauez ezkonberriak aireportura eraman behar izaten nituelako...

Egoera graziosoak ere asko. Hahor bat. Feri egun batean azkoitiar batek deitu nindian, Pastorkuanean bazkaltzen zegoela eta baserrira eramateko. Hartu nian eta Azkoitiko baserrira. Bitartean, ordea, Azkoitian geratu behar zuela, harategian, eta zain egoteko. Ordu erdia pasatu nian, hartu nian berriro eta baserrira. Ailegatu gintuan eta 1.500 pezeta zirela. Hark: ‘1.500?! Besteak mila pezetan egiten zidak!’. Nik esan nioan bidaian geldirik egotea ere kobratu egiten dugula eta ordu erdia pasatu zuela Azkoitian. Eta baserritarrak: ‘Jakin izan banu, bueltaka ibiltzeko eskatuko nian...’.

.39 urtean ari nauk taxista eta begira zenbat jenderekin ibili naizen, baina nik neuk ez diat sustorik pasatu. Behin Bilbora eraman nian bikote bateko gizonezkoak labana atera zidaan, eman nizkiean mila duro eta bale; hori bai, eskerrak artean nahikoa gasoil nuen... Beste batean, berriz, ni ez beste denak kezkatu zituan. Karnabal batzuetan. Bazituan bi lagun, Remo eta Remulo, goizez egunero Azpeititik Urretxuko eskolara eramaten nituenak eta arratsaldez ekarri. Igu delako bat ere bai tarteka. Hala, astelehen karnabal batean, Igu hark behintzat, pistolero-edo mozorrotu behar zuela, jostailuzko pistola bat taxisean zian eta Urretxutik gentozela erakutsi egin zidaan. Ekarri nitian haiek Azpeitira, eta neu Realeko gazteak hartu eta Zubietara joan ninduan. Zubietan nintzela ertzainen deia, ea non nengoen. Zubietan. Ea noiz pasatu nintzen Aizpurutxotik. Bostak eta laurden aldera, nik. Ea ondo al nengoen. Baietz, zergatik ba. Aizpurutxoko batek, taxisean atzean zihoan bat pistolarekin mehatxu eginez ikusi ninduela, matrikula hartu zuela eta Ertzaintzara deitu zuela. Azaldu niean dena eta han geratu zituan.

Alde horretatik ez diat beldurrik pasatu izan. Ezta lehen Azpeitiko kuarteletik guardia zibilak familiarekin taxisean Zumarragarako tren geltokira eraman izan nituenean ere. 60 hamarkada bukaera eta 70eko hasiera zituan eta artean behintzat, ez zeudean horrenbeste atentatu.

Gaur egun gutxiago mugitzen nauk. Orain gehiago ibiltzen nauk hemen inguruan. Taxista ‘rural’ naizela esaten diat. Gainera, dagoeneko ez diat gauez lanik egiten. Eragozpen handia duk gauez lan egite hori, beti deiaren zain... Askotan horrela. Eta lehen, gainera, egunero goizeko lauretan Arroara Deia egunkarien bila ere joan behar izaten genian, Zestoatik Azkoitira bitartean banatzeko kioskoetan eta. ‘Periodista’ lana egiten genuela, alegia. Bestela, asteburuetan ere lan gutxiago zagok. Lehen, batik bat, aste bukaeratan egiten genian lana: gazteak dantzalekuetara eraman Arroara, Zumarragara, Tolosara...

Hala ere, badiagu lana, eh. Azpeitian bederatzi taxista gaudek. Ni hasi nintzenean, 1967an, sei. Bagaituk batzuk, bai. Eta jendeak esaten dik taxistok adina informazio gutxik dutela, guk ederki asko dakigula zer pasatzen den herrian. Normala ere baduk, lan publikoa delako. Baina gero bakoitzaren izaera zagok hor. Ni neu behintzat, ez nauk ‘neska zaharra’. Bai, jendea hartzen dugunean, haien kontuak entzuten ditiagu, irekitasun hori behar duk lan honetan, kotxetik ere ikusten ditiagu egoera batzuk, baina nik lana egiten diat eta hortik aparte ezer ez, ez nauk dedikatzen neska zaharkerira”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak