Eta beste
Normalizazioa? Epeltasuna?
Maria Jesus Aranburu
Aberri Eguna, su-eten iraunkorraren egoeran ospatu dugun lehena izan da eta egoera pozgarri horrek lasaitasuna ekarri digu, nahiz eta oraindik herri bezala ditugun helburu nagusiak lortzeko bide luzea izan.
Eguneroko prentsa eta irratiek, telebista eta gainontzeko berri-emaileek, politikariek zer egin behar duten, noiz, nola eta zertarako bildu behar duten aipatzen dizkigute. Politikariek, aldiz, herritarrok prozesuan izan behar dugun inplikazioa, eta iritziak eta hitzak duen eta izango duen erabakitzeko ahalmena aldarrikatzen dute.
Aste Santuan, beste asko bezala, Azpeititik kanpo nintzen baina ez urruti, kilometro gutxira baizik, eta dudarik ez nuen izan goizean etxera etorri eta ikurrina ipintzeko. Leihora atera nintzenean, inguruko beste lau etxetan besterik ez nituen ikurrinak ikusi.
Azpeitian pentsamendu eta ideologi desberdinetako jendea bizi gara baina hauteskundetako emaitzak ikustea besterik ez dago herri abertzalea dela esateko, eta dudarik ez dut egiten gehiengoak bere erara ospatu duela egun hori: batzuek alderdiak deitutako ospakizunetara hurbilduz, besteek etxean bazkari berezia eginez edo opor egun horiek pasatzen ari ziren tokietan brindis bat eginez... Ikurrina kaleratzeak eta gure ikur bezala onartua izateak makina bat istilu, arrisku, borroka eta atxiloketa suposatu izan zituen, gure nortasunaren adierazle garbienetakoa izanik azkenean; futbol zelaietan, manifestazioetan, festetan... ondo astintzen dugu, nongoak garen bere bitartez adieraziz.
Nafarroako Gobernuak erakunde publikoetan ipintzea debekatzen duenean haserrea azaltzen dugu, eta guk, gutako bakoitzak, zergatik utzi diogu gure etxean ipintzeari? Nola uler daiteke jarrera hori? Zer da, normalizazioa edo epeltasuna?
|