Hau
Urte bat zaharrago
Jokin Uranga
Urte bat zaharrago eta helduago da Erniarraitz Bertsozale Elkartea. Beste urtebete egin du Azpeitia, Azkoitia, Errezil eta inguruan bertsolaritza eta bertsozaletasuna garatzeko bideak eraikiz. Aurten ere asko izan dira herritarrentzat antolatutako ekitaldiak; nagusia, Erniarraitz Txapelketa. Maila oneko txapelketa dudarik gabe, eta berriz ere garbi erakutsi diguna Euskal Herrian, zorionez, zortzi bertsolari baino askoz gehiago daudela.
Baina herriarekin zuzenean harremanetan jarri gabe ere lan asko pilatzen zaigu urtean zehar, hamabostean behin talde eragilea biltzen da egin beharreko lanak zehazteko, hortik antolatzen dira hainbat bertsoeskola, irailetik maiatzera, edozein herriatarrek har dezakena parte, eta ez dira gutxi astero hutsik egin gabe etortzen direnak, batzuk gaztetxoak, besteak helduagoak, bakoitza helburu ezberdinekin baina denak elkarte batean lanean.
Helduen taldean bertsolaritzarekin, bertsoak eginez gozatzea da
helburua. Hori izango litzateke gaztetxoen helburu nagusia ere, baina ahaztu gabe maiatzean izaten den eskolarteko txapelketa. Hemen ingurutik bederatzi lagun joango dira bat-batean bertsoak kantatzera, 18 urtez azpikoak denak ere, eta bat baino gehiago finalera sartzeko aukera garbiekin; hala ere, horretaz ahaztu eta goza dezatela egiten dutenaz.
Azkenik, eta oporrak hartu aurretik, benetako bertsozaleak garela erakusteko edo, afari batekin emango diogu bukaera aurtengo ikasturteari.
Eta ahaztu gabe, udazkenerako hasiak gara prestatzen Bertso
Parranda sonatua ere. Animatzen?
|