Bat hirutara
Heroi berezia
Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin
Sexu berdintasuna aldarrikatzearen eta benetako berdintasuna lortzearen artean badago alderik oraindik. Begira, bestela, zer gertatuko zaion Poliri, gure lagunari; lana utzi eta bere umea zaintzen hasi da
Mikel. Zorioneko gaudek, mutilak! Bat-batean denok osaba
bilakatu gaituk, gure lagu Poli aita izan berri duk eta.
Haizkurgi. Ederra zirudik aita izatearen kontu horrek, baina buruhauste galantak ere ematen ditik. Poliren semeak aitaren aldeko joera hartzen badu, akabo! Egunez, beti goseak eta pardela kakaz goraino betez. Gauetan, aldiz, kantuan, isildu ere egin gabe, gau-txori baten moduan.
Mikel. Hori normala duk ume batengan, moteil! Txarrena, ordea, bai Polik eta bai bere neskalagunak lana egiten dutela etxetik kanpo. Nondik atera behar dute umea behar bezala zaintzeko denbora, umezain bat hartu ezean?
Xabier. Dirudienez, ez zarete enteratu azkeneko berriaz. Polik bere lanpostuari uko egin ziok eta aurrerantzean bere betebeharra umearen zaintzara eta etxeko lanetara mugatuko duk. Azpeitiko zezen-plazan herenegun atera zituzten ahariek baino potro handiagoak zeuzkak mutil honek!
Mikel. Egañanean arratsaldero kafea hartzeko bildu ohi diren emakumeek ez ditek hizketagairik faltako pixka batean.
Haizkurgi. Pentsatzen diat, bere neskalagunari legez tokatzen zaion lau hilabeteko amatasun baja bukatu ondoren utziko duela bere lanpostua Polik, ezta?
Xabier. Horretan ere hanka sartu duk, moteil! Polik aurreko astean utzi zian lana. Nonbait, bere neskalaguna berehala hastekoa duk lanean, amatasun bajari uko eginda.
Haizkurgi. Burutik eginda al dago, ala? Nola egin diezaioke uko horrenbeste kostatuta lortutako eskubide bati? Ezin
diat sinetsi entzuten ari nai-zena!
Xabier. Poliren neskalagunak lan egiten duen enpresan, zuzendaritza batzordean lanpostu bat libre gelditu duk. Enpresa buruak lanpostu hori berari eskaini zioan, baina ‘baldintza txiki’ batekin; amatasun bajari uko egin ezean, lanpostu berririk ez! Ulertuko duzue orain hartu duten erabakiaren nondik norakoa.
Haizkurgi. Jabetzen nauk, bai, egoera ez dela batere erraza, baina nola egin behar dio aurre familia horrek ordaindu beharreko hipotekari eta gainerantzeko gastu guztiei soldata bati uko eginda? Poliren neskalagunak lan berrian soldata izugarria kobratu ezean, larri ibili behar ditek hil bukaerara iristeko. Pentsatu al dute umea zaintzeko eta etxeko lanak egiteko norbait hartzearen aukeran, Polik bere lana utzi beharrean?
Xabier. Gaur egun ez duk erraza konfiantzako neskame bat aurkitzea, eta prezio onean, gainera. Horregatik, Polik lanean segituta ere, soldata ia osotasunean neskame horren zerbitzuak ordaintzeko erabili beharko zian, eta okerrena duk umea gertutasunean hezitzearen bizipoza galduko lukeela.
Mikel. Ez ahaztu, ordea, badela Azpeitian etorkinik, neskame lanetan gustura ariko liratekeenak erdia kobratuta.
Xabier. Norberaren semearen heziketa ez duk txantxetan hartzeko kontua, eta ez duk, beraz, edozeinen eskuetan uzteko moduko zerbait.
Haizkurgi. Ausardia faltarik behintzat, ez ditek erakutsi hartu duten erabakia ikusita. Izan ere, Azpeitia bezalako herri txiki batean horrelako notiziak bolbora bezala zabaltzen dituk eta laster hasiko dituk putreak beraien inguruan gira-bueltan haragi ustelaren usainak erakarrita.
Mikel. Zer esan nahi duk horrekin, Egañanean egin ohi diren txutxumutxu orgien beldurrez bizi behar duela Polik?
Haizkurgi. Gai hau errespetuz eramaten ez bada, gaizki pasatzera kondenatuta zeudek bai Poli eta baita bere familia ere. Gaur arte ezagunak eta lagunak zirenen begirada mingarriek eta aipamen zitalek, beraien bizitza infernu bilakatu zezaketek.
Xabier. Alferrontziaren labela jarri ziotek jada Poli gaixoari. Haren lankideak ziren Porlan eta Bortxen-en ahotik entzun nian atzo bertan. Poliren etxean ‘prakak’ nork eramaten dituen ere galdezka ari zituan barre algaraka. Etsairik lazgarriena ere aingerua duk horrelako lagunen ondoan.
Haizkurgi. Heroiak ahalmen sinestezinak dituzten komikietako pertsonaia hilezkorrak zirela uste nian gaur arte, baina konturatu nauk hezur eta haragizko pertsona arrunt bat ere heroi izatera irits daitekeela. Gure Polik hegan ezin dik egin, paretarik zeharkatzeko edo ikustezin bihurtzeko ahalmenik ere ez zeukak, baina bere semearen heziketan parte hartzeko gogoa eta indarra zeukak, beste askok ez bezala. Bejondaiala, Poli! Benetako aita haiz!
|