|
|
|
Libre
Gauza txikien jainkoa
Olatz Prat
Azken boladan antzeman dut eta benetan kontziente izaten hasi naiz munduaren egoera tamalgarriaz. Gauzak ez doaz batere ondo. Bakeaz horrenbeste hitz egiten bada bakerik ez dugulako da, tolerantziaz hitz egiten bada tolerante ez garelako da eta solidaritateaz hitz egiten bada solidario ez garelako da. Oraindik barneratu ez ditugun baloreak dira aipatutako horiek guztiak; ahora horrenbestetan ekartzen dugun frantsesen *Liberté, Egalité, Fraternité* esaldia non gelditu da ba gurean? Pasotismoa eta egoismoa imajinatu ezineko neurrietara helduak dira jada. Komenientziak, interesek eta bizirauteko beharrak gidatzen dute gure gizartea gaur egun, nahiz eta jakin luzera geure kalterako direla eta, nire ezjakintasun umilenetik, ez dut uste gauzak horrela konpontzerik dagoenik. Horrek gerra baitakar, bakartasuna, injustizia dakar, eta suntsipena, existitzeko arrazoien suntsipena,
hain zuzen ere.
Politikoei eskatzen diegu behin eta berriz egoera aldatzeko; saiatzen ez badira, gainera, haiekin haserretzen gara. Super-heroiengan-eta sinesteari ez al genion ba nerabezaroan utzi? Kontxo! Agian, horixe da arazoa, gizakia nerabe betiereko bihurtu dela; aknedun, bizargabe, ‘mariangustias’ batean bihurtu dugula gure gizartea. “Neure problema da munduko larriena, nire egoera beti besteena baino okerragoa izaten da, inork ez nau ulertzen...”. Bakoitzak geurearekin nahikoa izaten dugu, ezta? “Joe baietz, tio!”(ahotsa grabe jarri hori irakurtzean).
Aldatu beharra. Mundua aldatzeko dudan gogoa ez zait gorputzean kabitzen. Zenbat amorrazio, zenbat buruhauste! Errazegi konformatzen garela iruditzen zait dugunarekin, orokorrean, (gauzak pentsatu eta egitera ausartzen direnei nire admiraziorik sakonena zor diet). Pentsatzen jartzen naiz zer egin genezakeen bakoitzak gauzak pixka bat hobeto joan ahal izateko. Ezinean dabilen amonari maleta autobusera igotzen laguntzeagatik ez didate pisu eder bat oparituko Loiolabiden, Groseko anbulatorioarengatik galdezka dabilen etorkinari laguntzeagatik ez didate gerente postua emango Kutxan. Eta? Gauzak ez al lirateke hobeto joango beharrean dagoenari laguntzen
hasiko bagina? Eta ez naiz ari Nigeriako, Sudango, Boliviako, Marokoko edo Sri-Lankako behartsuei buruz (ondo legoke haiei ere lagundu ahal izatea, noski); eskean dagoenari sagar bat emateaz ari naiz, jipoitzen ari diren umea defendatzeaz ere bai, erosketen poltsekin zamaturik dioanari laguntzeaz, itsuari kalea zeharkatzen laguntzeaz... Zer kostatzen zaigu ba hori egitea? Ezer ere ez. Eta zenbat pozten garen, aldiz, galdu dugun diru-zorroa bihotz oneko norbaitek munizipaletan entregatu duela ikusten dugunean? Eta kalean jertsea erori, konturatu ez eta norbait makurtu eta bueltatzen digunean? Zergatik dirudi orduan
kobratu egiten dutela jendeari laguntzearren? Gure denbora preziatuaren minutu bat beste norbaiti eskaintzearren?
Bizimodua erraztea. Uste dut guztion bizitzetan egon direla bizimodua, pentsatzeko modua edo izaera aldatu diguten gauzak, momentuak, pertsonak. Amelie filma izan da niretzako gauza horietako bat. “*Cambiará tu vida*” zioen esloganak, gainera; bizitza ez dakit baina bizitza ikusteko modua aldatu dit, behinik behin. Film horrekin ikusi nuen bizimodu zail eta astun hau arindu daitekeela, eta arazoei aurre egiteko modu desberdinak daudela. Uste baino errazagoa da askotan albokoari bizitza pixka bat zoriontsuagoa egitea. Egia da, ezingo duzu beharrean dagoen haren arazo ekonomikoa erabat konpondu edo gaixo dagoena sendatu, baina seguru egon irribarre bat ateraraziz gero eskertua egongo zaizula. Faboreak txikiak izaten dira ematean; handiak, ordea, hartzean.
Gauza txikien jainkoa. Kalkutako Ama Teresak "gauza txikien Jainkoaren gain" sinesten omen zuen bizi zen bitartean. Eta ez zuen arrazoirik falta horretarako. Jainko handiengan sinesteari
utzi badiogu Jainko txikiak beharko ditugu orain, agian, dugun hutsunea betetzeko. Etxea zimenduetatik hasi behar da eraikitzen, ekintza handiak ekintza txikietatik eta pertsona, ezinbestez, etikatik.
|