|
|
|
Enbido
Tendinitis mentala
Koldo Aldadur
Orain hurrena kontatu nizuen Iraetan gora eta haizearen kontra, edozein tokitan pasatu ohi dudan kalbarioa bizikletan ateratzen naizenean. Ezer gutxi orain lesionatu naizenean pasatzen ari naizenarekin. Tendinitisa.
Kasualitatea, lesioa sendatzeko zer egin erabakitzen ari nintzela errenta aitorpena egiteko paperak nebilzkien eskutan eta Gizarte Segurantzari zenbat diru ematen diogun, edo zuzen izanda, zenbat kentzen diguten ikusita deliberatu dut anbulategira joan eta prakak jaitsita jarriko naizela sendagilearen aurrean nire belauna erakutsiz. Zerbait konponduko zidatelakoan. Inuxentea.
Prakak berriro jantzi eta etxera: hotza eta kirola, fuera.
Sendaleak. Egiari zor, ulertzen ez da zaila gogo pixka bat jarriz gero. Pertsona berak nola kontrola dezake ‘gaixo’ izena, ondo irabazita duen gaixoaren otitisa, tripako mina, sukarraren zergatia, arrazoirik gabeko urduritasuna, hezur pitzatua, hilekoa, depresioa, menopausia, beherakoa, begiak okerrak, hankaxabalak, tortikulisa eta beste mila konturekin batera. Ea nire belaunak duena zer den. Euren nominatik ordainduko balute bezala, plakak akaso aterako dizkidate kristorenak jota eta umoretsu badago. Erresonantzia bat; ezta belauna poltsatxo batean erakutsiz gero ere. Irribarre bat eta animo hitzak entzuteko, bi belaunak eta ukalondoa formoletan sartuta ere nahikoa lan. Bakoitzarentzat hamar minutu eskas. Eta nik, aurten ordaindu diedanaren fotokopia, poltsikoan.
Handik aurrera aldaparik gogorrenak. Fisioterapeutak, osteopatak, kiropraktikoak, kiromasailariak, petrikiloak, sasi-medikuak, kuranderoak... eta lesio bera izan zutenak. Lehendabiziko multzokoak, ia denak, trokel berarekin egindako piezak, klonak. Irribarra bost euro, bostekoa ematea beste bost, belaunari bi igurtzi hogei, antinflamatorioa hamar, kirolik ez egiteko aginduak beste bost eta hurrengo astean itzultzeko zita debalde. Hurrengo astean kobratzeko itxaropenean, itxuraz. Beraz, lepoko ederra geldirik egoteko entzuteko. Hormatan eginiko ikastaroen ziurtagiriak zintzilikatu
gabekook ere jakingo ez bagenu bezala geldirik egon beharra izango dugula.
Eskerrak bisitaldiak ez diren gauez izaten, bestela edozein zitatan hor azalduko zaigu Drakula kondea; berak zuzenean lepora saltoa jo eta odola xurgatuko digu. Itxura kontua.
Bereziartua. Besteek, lesio bera izan zutenek, bost urteko karrera eta kirol traumatologian espezializazioa konbalidatuta pasatutakoaren ordainetan.
Eta horretan nintzela jo dut Julian Bereziartuarengana. Hasteko, gurasoak zer moduz eta bere aurpegiaren nahiz eskuaren epela. Gero, hizketa gozoa, luzea, sakona. Azido urikoak ere batzuetan eragina izaten duela lesiotan, belaunak honela egiten du bere lana, begiratu, plantillak ondo daude, pilota txapelketa, mugimendu bera askotan egiteagatik sortu da seguruenik, zaindu ondoko giharrak ere, ahotik har daitezkeen antinfalamatorioak ere badirela, hotza bai baina beroa ere bai kontrasteak eginez, belarrak, jatekoa zaintzea ere agian komenigarri, erne pisuarekin belauna da eta... Honek ere hainbeste urtean ez zuen denekin asmatuko baina orain esaten den bezala, gizon legala da, eta lehen esaten zen bezala, gizon jatorra ere bai. Bere denbora oparitu dit eta barrutik eskertzen diot, benetan. Eta urtetan egin didan mesede txikiena hauxe izan da. Gainontzekoak, garrantzitsuak, nire etxekoen memoria txikian gordeta daude.
Zezen zalea, edo zuzen esanda, zezenketa zalea ez balitz... Beno, nabarmendu naiz.
Artikulu hau irakurri duzuenon artean norbaitek baldin badakizue lesio klase hau nola gainditu kirolean jarraituz, eskertuko nizueke zuen sekretutxoa niri erakustea. Gero neuk kontsulta bat jarriko dut...
|