Eta publizitatean euskara?
Miren Garate
1921ean ‘Argia’ sortu zen eta iragarkiak euskaraz zeuden. 1923an ‘Urola’ sortu zen Azpeitian, baina iragarki denak, erdaraz. Aurrera egin da, ordea
'Vamos al por mayor y menor. żUsted desea un buen vino? Visite el establecimiento sucursal de la Cepa Riojana”, zioen batek. “Articulos de sport Gregorio Segurola. Bicicletas y accesorios a precios de fabrica”', berriz, beste batek. Horrelakoak ziren XX. mende hasieran Azpeitian Urola aldizkarian ageri ziren iragarkiak. Zer non saltzen zen. Horixe zen topa zitekeen informazio bakarra. Eta informazioa oso sinplea bazen ere, gaztelaniaz idazten zituzten, ingurua euskalduna zen arren. 1923an sortu zen Urola eta 1. zenbaki hura ikusi besterik
ez dago: iragarki denak gazteleraz (artikuluen %95 inguru ere bai).
Publizitatea erdal munduari lotuta egon da. Eta Azpeitiko komunikabideetan ez da salbuespenik izan. Are gehiago, hainbat aldizkarirekin alderatuz, gurean beranduago hasi dira euskarazko iragarkiak argitaratzen.
Argia aldizkaria izan zen euskarazko publizitatea plazaratzen aitzindaria. 1921ean sortu zen Argia euskarazko aldizkaria eta hainbat iragarle laster konturatu ziren euskararen erabilerak hainbat abantaila zekartzala, Lander Garrok argitaratu berri duen Ez Merkeenak! Bai onenak! liburuan ikus daitekeen bezala.
Orduan Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia Julian Elorza azpeitiarra zen, eta Argia-ren 1. zenbakian (1921, ‘Jorrailak’ 24), euskararen aldeko iritzi artikulua idatzi zuen. Hona hemen: “Euskararen zelaira argi berri bat omen datorkigu. żArgi berri bat? Datorrela zorionez.
Ez dedilla, ordea, illargiarena bezalako argi otz ta indar gutxikoa izan. Mundu guzia argituta bera betetzen duan eguzkiarena bezelakoa izan dedilla.
Ori, ori; eguzkia bezalakoa: iraunkorra, itzaliko ez dana, garbi-garbia, ta baztar guztietan sartuko dana.
Ta batez ere, beroa... Euskaldunen buruak berotzeko, ta euskaldunen biotzak sututzeko.
Su onen inguruan, euskaldun guziok berotu bear degu. Etorri gaitezen bada, gure indarrez su oni indar ematera. Gure etxietako atea zabal-zabal eginda, maitasunez beterik artu zagun Argia au”.
Eta hasi zen Argia euskaraz, eta iragarkiak ere bai.
Publizitateak helburu batzuk ditu: salmentak handitzea, norberaren enpresaren izen onari eustea, ezagutzera ematea... Hala, Argia-n euskara erabiliz, bezero euskaltzaleak erakar zitzaketela ohartu ziren iragarleak, eta euskararen aldeko apustua egin zuten.
Garai berekoa da Azpeitian argitaratzen zuten Urola aldizkaria ere; Argia sortu eta bi urtera kaleratu zuten 1. zenbakia. Publizitateari tarte zabala eskaintzen zioten Urola-n, baina guztiak gaztelaniazkoak ziren. Antza, Azpeitiko iragarleek ez zuten hain argi ikusten euskararen eraginkortasuna.
1930eko hamarkadan, San Inazio jaietako esku programetan publizitatea sartzen hasi zen Udala. Baina hiru urte pasatu ziren euskarazko lehen iragarkia argitaratu arte. 'Esparsitegia. Odriozola’tar Joseba. Arzubi Etxeta.' Horixe zioen. Euskararen erabilerak, ordea, ez zuen jarraipenik izan gerora, eta hurrengo urteetako programetan gaztelania hutsa izan zen berriro jaun eta jabe.
Gaur egun bai. Gaur egun, Azpeitian, ohikoa da publizitatea euskaraz ikustea. Urola Kostako Hitza-n egunero, eta Uztarria herri aldizkarian hilabetero agertzen da publizitaea euskaraz, baina horra iritsi aurretik, liburuetan pixkanaka-pixkanaka egin izan da aurrera, baita festetako iragarkietan ere.
Adibidez, 1994an Lagun Onak Futbol Elkarteak, 50. urteurrena zuela-eta, liburua atera zuen, eta publizitatean iragarleek gehiena gazteleraz egin zuten; baina bazen bere berri euskaraz azaldu nahi zuenik ere. 1996an, berriz, Lagun Onak Mendi Bazkunak egin zituen 50 urte, eta haiek ere liburua atera zuten: publizitate gehiena euskara hutsez ageri da, baina gazteleraz eta euskaraz ere badago, bietara. Beste adibide bat: 2002.urtean Iraurgi Saskibaloi klubak atera zuen liburua, 25. urteurrena zuela-eta, eta bertan ere bi hizkuntzetan agertzen dira iragarkiak.
Hor ere aurrera egin da, beraz. Baina gehiago egin behar da. Izan ere, irudiak eta marketinak horrenbesteko garrantzia duten gizarte honetan publizitatea euskaraz izateak, azken batean mesede egingo dio euskararen normalizazioari.
Etorkizuna du
Publizitatea erakartzeko lan asko egin behar izan du euskarazko prentsak. “Hasieran jendeak errezeloa izaten zuen publizitatea euskaraz jartzeko”, dio Mikel Azkune Berria-ko komertzial azpeitiarrak. “Gero, iragarle gehiagok egin du euskararen aldeko apustua”. Iragarleak egunkarian publizitatea jarri nahi duenean, irakurle kopuruari begiratzen diola dio Azkunek, eta, horretan, erdarazkoak dira nagusi. Publizitatea euskaraz egiteak lan gehiago eskatzen du: “Agentzietan publizitatea erdaraz egiten da eta gero itzuli. Oraindik ez dago publizitatea euskaratzeko agentziarik”. Hala ere, itxaropentsu dago. “Belaunaldi berriak euskaraz alfabetatuta daude, eta euskarazko prentsak etorkizuna du; beraz, publizitateak ere bai”.
|