Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 19,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Apirila »  Erretoreen erretorika

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Erretoreen erretorika

Ihintza Agirretxe

Kepa Susperregik 13 urte daramatza Azpeitian erretore, Jose Luis Lekuonak 20 urte pasatu zituen; biek ere elizako kontuez gain, herrian gauza asko bizi izan dituzte

Jose Luis Lekuona –ezkerrean– eta Kepa Susperregi, Azpeitiko parrokian.   (Ihintza Agirretxe)
Kepa Susperregi eta Jose Luis Lekuona, parrokian.  (Ihintza Agirretxe)
Aizpitarte eta Susperregi lagunekin.  (Utzitako argazkiak)
Susperregi, apaiz gehiagorekin.  (Susperregik utzitako argazkia)
Kepa Susperregi, Jose Gabilondo eta Patxi Aizpitarte apaiz lagunak.  (Susperregik utzitako argazkiak)

Gaur egungo herriko erretorea bata, Kepa Susperregi, erretore ohia bestea, Jose Luis Lekuona. Bi gizon, kargu bat eta hamaika bizipen. Parrokiko gorabeherez gain, asko dakite biek herriko gorabeheren berri.

1973tik hona biek bete dute parrokiko ardura. Lekuona 1973tik 1993ra bitartean egon zen Azpeitian, Susperegik Lekuonari hartu zion lekukoa eta ordutik lan horretan dihardu.

Goizeko 11:30ean parrokian, horixe da hitzordua. Susperregi ordurako bertan da, Lekuona beranduago heldu da, Donostiatik autobusean etorri baita –han bizi da–. Autobusetik jaitsi eta bizkor dator parrokia aurrera; “han datorren hori da”, dio Susperregik, begiekin jarraitzen dion bitartean. “88 urte ditu On Jose Luisek, baina oraindik ere bizkorra dago ”.

Iritsi da Lekuona. Parroki aurrean, ingurutik pasatzen diren azpeitiarrek gerturatu eta kasu egiten diote; jendeak oraindik gogoan du. Behin haiek agurtuta, parrokia barrura, ofizinara. “Hau nire lantokia izandakoa da. Denak etxera alde egin eta makina bat aldiz gelditu behar izan nuen nik hemen lanean. Hemen une gogorrak pasatutakoa naiz ni”, hasi du aitortza Jose Luis Lekuonak.

Azpeitira. Biek ere ondo gogoan dute noiz onartu zuten Azpeitira etortzea, data eta guzti. Lekuona Donostiatik, Bidebieta auzotik etorri zen: “Oraindik garbi-garbi akordatzen naiz gotzaindegitik nola deitu zidaten Setienek eta Isastik. Haien bulegoan, Azpeitira etortzeko proposamena egin zidaten. Nik galdetu nien: *‘Azpeitira?’ Eta ‘Azpeitia no es como tu piensas, eh’*, erantzun zidan Setienek. Baina ni Acción Catolican ibiltzen nintzen garaian hemengo neskekin ibili behar izan nuen, eta, hortaz, banuen hemengo berri. Azkenean etorri nintzen eta 20 urte pasatu nituen Azpeitian”.

Susperregik ere ez ditu ahanztekoak hemen bizitako lehen uneak: “Patxi Azipitarte eta biok orain dela 21 urte etorri ginen hona. Lehenengo laguntzaileak izan ginen. Sanjuandegira joan ginen biok. 1987an ekin genion ‘katekisia’ emateari, Juanito Goikoetxea Arroara eraman zutenean. Karitasen ere hasi ginen. Gu Lekuonarekin-eta hilean behin baino ez ginen biltzen”.

Lekuonak gogoan du zergatik etorri ziren: bera eskean ibili zelako. 56 urterekin etorri zen, eta gazteekin lan egiteko gazteen beharra sentitzen zuen. Hutsune hori betetzeko asmoz etorri ziren Susperregi eta Aizpitarte: aurrena apaiz egin berria eta bigarrena oraindik ere egin gabe.

Biak ere ongi gogoratzen dira Esklabetako bilera batekin. Susperregi, Lekuona, Aizpitarte eta Setien (ordungo gotzaina) elkartu ziren 1985eko ekainean Esklabetako sarrerako gela batean. Hura zen Aizpitarte eta Susperregi herrira etorriko zirela-eta egindako lehen bilera. Han gauza bat utzi zien garbi Lekuonak: umeekin egin beharko zuten lan, baina umeekin baino lan gehiago izango zuten gurasoekin. Ume, guraso eta gazteekin hasi ziren lanean, beraz.

Eta ongi bete zuten biek ere gazteekin lana. Beraiek gazteak izanik, azkar egin ziren herrira, eta lagunak ere erraz egin zituzten; hasieratik saiatu ziren Azpeitiko giroan sartzen. “Hemen hasi ginen gu lanean, ilusio handiarekin. Etorri eta Sanjuandegi auzoan pisu batean jarri ginen Patxi eta biok bizitzen. Enparan kalean zegoen Euskaltegia eta euskarazko klaseak hartzen hasi ginen; baina, gehienbat, jendearekin topo egiteko eta. Euskaltegira de incognito joan ginen, ez genuen esan apaizak ginenik, baina uste dut bigarren egunerako konturatu zirela irakasleak eta gelakideek zer ginen. Gero Sanjuandegiko Festa Batzordean ere ibili ginen”, dio Susperregik.

Elizkizunak ere parrokietatik urrun, etxepe bateko lokal batean ematen hasi ziren Susperregi eta Aizpitarte, xume-xume. “Hona iritsi eta hilabete eta erdi edo bi hilabetera gure elizkizunak ospatzen ere hasi ginen. Sanjuandegiko etxe baten azpian izan zen hori. Han pare bat urte-edo egin genituen, jende asko inguratzen zenez bertara eta lekuz aldatu behar izan genuen. Gero, 1987an hasi ginen Esklabetan meza ematen”.

Baina meza emateko lekuaz gain, arropetan ere izan zuten berezitasunik hona iritsitakoan gazteek. “Meza ematean erabiltzen den jantzi zuri luzea, ‘alba’ deitzen zaiona, beti janzten genuen, baina horren gainetik eramaten den bufanda modukoa, ‘estola’ ez genuen jantzi denboraldi batez. Baina denbora gutxiko kontua izan zen. Hori jantzi gabe bi hilabete-edo pasatuko genituen. Azaroa eta abendua izango ziren”, dio Susperregik, erdi barrezka.

Gazte izatearen freskura ekarri zuten Aizpitartek eta biek. Seminariotik atera eta beraientzat garrantzitsua zen hura, besteekin konpartitzeko gogoz etorri ziren lehen lana betetzera. Gero, denborarekin, azaltzen omen dira zailtasunak eta konpromisoak.

Une zailak. Lekuonari “une zailak” bizitzea tokatu izan zitzaion; politikoki, sozialki, ekonomikoki... Francoren diktadura garaian iritsi zen herrira, baina, hala ere, “trantsizio garaiak zailagoak eta gogorragoak” izan ziren harentzat. Gau asko pasatu zituen Lekuonak lorik ezin gabe, leihotik zelatan; elizan itxialdiren batean zeudenak eta guardia zibilak zelatatzen.

“Akordatzen naiz behin etxe aurrean 80 bat neska-mutil bilduta zeudela. Udaletxera joan omen ziren lehenik lekua eskatzera baina han ez zieten utzi, eta orduan elizara. Gauean, hamaikak aldera etorri ziren builaka” Imintzioak egiten ditu. “Ez zait behin ere ahaztuko etxeko atera nola hurbildu zitzaidan 14-15 urteko mutil gazte bat builaka. Nik isiltzeko esan nion. Gero beste bi mutil etorri ziren eta haiek egin ziren taldeko arduradun eta zer nahi zuten azaltzen hasi zitzaizkidan. Mutil gazte hark builaka segitzen zuen eta horrelaxe esan nion: ‘Hi, isil adi, eh? Hi lehen ere lan gutxi egindakoa-eta haiz elizan’. Itxialdia egin nahi zuten eta akordioa egin genuen: nik sartzen utziko nien, baina elizan sartu gabe ibiltzea eskatu nien. Nik etxea zainduko nuen eta guardia zibilak etortzen baziren-eta, hauei ez nien utziko sartzen, aurre egingo nien. Eta horrelaxe izan zen. Gau hartan ez nuen lorik egin, ezta pentsatu ere. Gau osoa leiho batetik begira pasatu nuen. Eskerrak, guardia zibilik ez zen etorri”.

Baina egun hura zortekoa, ia salbuespena izan zen, behin baino gehiagotan egin behar izan baitie aurre guardia zibilei Lekuonak. “Galdezka etortzen ziren, ea zertan ari ziren, zein zeuden barruan... Beti esaten nien hango arduraduna neu nintzela eta han ez zela gertatzen ezertxo ere. Beti borrokan ibili behar izaten zen. Horrelako egoera zail asko bizi behar izan nituen eta horregatik da hemen bizitakoa gazi-gozoa”.

Lekuonak dio jende askori egin ziela tokia elizan, “langile jendeari, itxialdiak egin nahi zituenari... Gero guardia zibilak etortzen ziren askotan, eta deklaratzera ere ez ginen gutxitan joan. Haiekin erdi borrokan ibili behar. Eta ni soldadutzan armadako ofiziala izan nintzen, pentsa!... Bai, neure bizitza abentura bat izan da, benetan”.

Susperregi herrira etorri zenean, 1985. urtea zen, baina orduan ez zuen erretore izatearen kargurik. 1993an hartu zuen postua, eta ez omen du une gogorrik pasatu. “Ez Lekuonak pasatu dituen bezalako uneak, behintzat. Niretzat hemen bizitako momenturik gogorrena Ikastolaren aferaren unea izan zen. Ez justu niretzat horrek ezer suposatu zuelako, herrian bertan zatiketa handia sortu zuelako baizik. Gainera, lan berrian hasi berritan ere harrapatu ninduen eta ez ziren une gozoak izan”.

Eta kargua. Lekuonari ere iritsi zitzaion Azpeitiko erretore uzteko unea eta orduan Susperregi jarri zen. “Ordurako ni bailarako arduraduna edo ‘alziprestea’ nintzen, eta bilera bat nuen gotzainarekin eskualdeko berri emateko. Hantxe egin zidaten erretore izateko planteamendua. Zazpi eguneko tartea eskatu nuen, eta denbora horretan Patxirekin eta konfiantzako beste apaizen batekin ere hitz egin nuen gai horretaz, erabakia hartu aurretik. Handik astebetera Patxi eta biok joan ginen berriro gotzainarekin hitz egitera eta planteamendua gertuagotik ezagutzera. Onartu egin genuen azkenean”, dio Susperregik, betiere pluralean hitz eginez. “Kargua nire gain gelditu zen, baina guk bion arteko konpromiso bezala bizi genuen ardura berria. Lanak banatu egiten genituen, eta ez zuen horrenbeste pisatzen”.

Gero, bizitzak, instituzioak, bestelako konpromiso batzuk ezarri dizkio bakoitzari. Gaur egun Aizpitarte Donostian bizi da eta Susperregi Azpeitian. Aurretik biak batera ibili ziren seminario garaian, baina ez zuten elkarrekin harreman handirik; Azpeitian egin ziren lagun. “Seminario garaian pisuetan egoten ginen ikasleak, eta Patxi eta ni hango urteetan ez ginen batera tokatu. Azken urtean biok eta beste hiru bat apaizgai elkartzen ginen gure ideiak-eta konpartitzeko, gure apaiz bideko kezkez hitz egiteko... Gero hona biok batera etorri ginen eta batera jarri ginen bizitzen. Elkarren babes eta lagun izan gara. Hasieran zailtasunak izaten dira eta bi izateak beti laguntzen du. Elkarrekin 14 bat urtean bizi izan gara, Patxi bikaritzara joan zen arte”.

Aizpitarteri bikario izateko proposamena egin ziotenean, Susperregirekin hitz egin zuen. “Ordura arte gauza denak elkarrekin hitz egiten genituen. Patxi ez egoteak gauzak egosteko orduan bakarrik egotea suposatu dit. Azken batean, guk 14 urtean elkarrengan konfiantza handia genuen, eta orain neurri batean bakoitzak bere ardura mundua bizi du, eta Patxi Donostian bizi da eta ni hemen, eta ezin dira gauza denak komentatu”.

Karguak berarekin izaten du pisua, eta kargu hori biren artean ematetik bakarrik ematera pasatu zen Susperregi, eta hor ere alde ederra nabaritu omen du erretoreak. “Kargu batek berez izaten duen kargaz gain, bakardadearen karga ere badu, bakarrik eramanez gero”.

PATXI AIZPITARTE (Beizamarra da eta Kepa Susperregirekin batera etorri zen herrira apaiz. Hemen hamabost urte pasatu ondoren, Donostiara joan zen bikario; horretan dihardu)

Benetako apaizak

Nire apaiz-lagun, erretore eta lankide izan diren Jose Luis Lekuonari eta Kepa Susperregiri buruzko iritzi laburra eskatu didate Uztarria herri aldizkaririk eta hauxe bururatzen zait bat-batean.

Biak dira pertsona sendoak, burutsuak eta jantziak, eta benetako apaizak. Biekin izan dut harreman estua eta ona, eta bietatik ikasi dut. Eta ez gutxi, gainera. Aurreko Gotzainak —Jose Maria Setienek— Azpeitira destinatu gintuenean Kepa eta biok 1985ean, ni apaizgaia nintzen oraindik eta beren alboan joan nintzen apaizgintzako lehen urratsak egiten.

Jose Luis izan genuen orduan erretore, eta harritzekoa zen haren argitasuna, hizketarako eta predikuak egiteko zuen erraztasuna, eta eliz nahiz gizarteari buruz egiten zituen analisi zuhur eta interesgarriak. Irakurle sutsua zen eta oso informatua egon ohi zen guztiaz: ez bakarrik teologiaz, pastoral gaiez edota eliz bizitzaz, baizik eta baita politika gaiez edo kirol kontuez. Oso ondo ezagutzen zuen Jose Luisek herriko jendea eta giroa, eta gogoan hartzen genituen haren iritziak. Bederatzi bat urtez izan genuen gure arduradun.

Keparekin, berriz, ordu asko konpartitu nituen Azpeitian igarotako 15 urteetan, eta, egia esan, konfiantza eta sintonia bikaina lortu genituen. Jendea berdin hurbiltzen zen batengana edo bestearengana, bai baitzekiten elkartasun handia genuela biok. Gertuko bizitza, harreman eta lankidetza honetatik ere asko ikasten du batek. Lehen baino gutxiago egoten gara orain, ni neu Donostian nagoenetik, elkarrekin, baina adiskide min jarraitzen dugu.

Beraz, eta bukatzeko, erreferentziazko pertsonak bihurtu dira Jose Luis eta Kepa niretzat, eta on egiten dit batarekin nahiz besterekin dudan harremanak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak