Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Apirila » 

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

MERTXE URRESTILLA eta MIREN ODRIOZOLA Lehen andereinoetakoak

"Lehen andereinoekin beranduegi akordatu dira"

Ihintza Agirretxe

Ikastola izan zen lehen tokian
Ikastola izan zen lehen tokian.  Mertxe Urrestilla —argazkian, ezkerrean— Zentenarioko etxepeetan hasi zen irakasle lanetan, Ikastolan. Miren Odriozola, berriz, Landeta inguruan zegoen Eskola Zaharrean. Argazkian, biak Arana auzoan Zentenarioko etxeen azpian ageri dira; hain zuzen ere, Ikastolak hasiera izan zuen tokian.  (Ihintza Agirretxe)
Mertxe Urrestilla, garai bateko ikasleekin.   (Mertxe Urrestillak utzia)

Mertxe Urrestilla 1968. urtean hasi zen Ikastolan lanean, Zentenarioko etxe azpietan. Ordurako pare bat urte ziren Kontxuelo Odriozola eta Mari Tere Garmendiak, besteak beste, Ikastola martxan jarri zutenetik. Urte asko pasatu dira, baina Urrestillak oraindik ere lan berean segitzen du; andereinoa da. Miren Odriozola, berriz, 1957an Landetan, auzoko eskolan hasi zen lanean,13 urte zituela, eta sei urtean aritu zen. Biak ere kasualitatez hasi ziren lan horretan, baina biei gustatzen zitzaien egiten zuten lana.

Eusko Jaurlaritzak erretiroa kobratzeko dituzten zerrendatan daude demokrazi aurreko irakasleak. Haien artean, azpeitiar batzuk; zuek, adibidez.

Miren Odriozola. Zerrenda horien kontua dela-eta nik ez dakit nola doan kontua. Hori Ikastolaren sorrerako kontu bat da, eta ni ez nintzen Ikastolako andereinoa izan. Nire ahizpak eman zuen neure izena, baina paperik ez dut sekula egin. Hori Ikastolako kontua da, eta gurea ez zen Ikastola. Nik euskaraz eta gazteleraz egiten genuen, eta ez naiz sekula ausartu joaten. Paperak-eta bidali izan dizkidate, baina gurea ez zen Ikastola, gurea auzoko eskola bat zen.

Mertxe Urrestilla. Nik egin nituen paperak, jakin nuenean. Ez dakit zerbait tokatzen zaidan edo ez.

Aitorpena al da?

Urrestilla. Jende batek egundoko lana egin du irakaskuntzaren alde. Ni Donostian ibili nintzenean ere, han askoz lehenago lanean hasitako jendea zegoen, eta orain, jendea erretiratzen hasi denean, kotizatu gabeko urte ugari dutela konturatu dira.

Odriozola. Nik uste beranduegi akordatu direla andereino haiekin. Andereino haiek gaurko ikastolen lehen haziak ziren. Eta oso berandu akordatu dira, eta, gutxienez, aitorpen bat merezi dute.

Noiz eta zer dela-eta hasi zineten lan horretan?

Urrestilla. Ikastola, Kontxuelo Odriozolak eta Mari Tere Garmendiak ireki zuten. Gero, Kontxuk umea izan behar zuela-eta, batzorde batek bidalita Donostian ikastaro bat egin ondoren Zentenarioko etxeetan hasi nintzen lanean. Urtebete praktikatan ibili nintzen Donostian eta iluntzetan klaseak jasotzen genituen; geografia, historia... 1967an Donostian hasi nintzen, eta hurrengo urtean hasiko nintzen hemen lanean, ikasturte.

Odriozola. Ni 1957an-edo hasi nintzen lanean. 13 urte nituen, eta Loiarte baserriaren ondoan zegoen Eskola Zaharra deitzen zitzaionean hasi nintzen. 11 urtera arte bertan ibilia nintzen neu, Trini Arratibel andereino nuela. 11 urterekin jaunartze handia egin eta Urrestillara joan nintzen. San Vicente de Paul-eko monjak ziren han, baina frantsesak ziren, eta frantsesa irakasten zuten. Gure amak frantsesa ikasteko bidali ninduen haiengana. Han nenbilela, 13 urterekin-edo Eskola Zaharreko andereinoak beste lan bat topatu eta alde egin zuen. Orduan, gure amarena joan zen esanez maiatza eta ekaina bitartekoa denbora laburra zenez, ea nik egingo nuen. Ni neska altua nintzen, baina 13 urte besterik ez nituen. Andereinorik topatzen ez bazen, denek etxean gelditu behar zuten eta gure amak egin-ahal guztiak egin zituen ni hasteko, eta horrelaxe hasi nintzen. Han Landetatik hasi eta ia-ia Elosiagarainoko baserri guztietako ume guztiak ibiltzen ziren. Gu ere zortzi anai-arreba ginen eta denak han ibiltzen ginen.

Bi hilabete haietakoa, beraz, esperientzia ona izan zen. Gerora ere segitu egin zenuen.

Odriozola. Eskatutako bi hilabeteak egin nituen. Gero Udaletik joan zitzaizkidan, esanez umeen gurasoak oso gustura zeudela nirekin eta, mesedez, jarraitzeko. Gure amak animatu egiten ninduen eta niri ere gustatu egiten zitzaidanez, eskola bilakatu zen Gerraundiko, gure etxeko ganbara. Neguan, berogailurik ez genuen, eta orduan klasea eman eta ondoren, beste denbora pixka batean, umeak sukaldera berotzera bidaltzen nituen; horrela ibili behar izaten genuen.

Orduan jasotzen zenuten diru zatia ez zen asko izango.

Odriozola. Nik Udaletik hiru hilabetean behin 273 pezeta kobratzen nituen eta umeek bakoitzak 6-8 pezeta ordaintzen zuten hasieran, gero pixka bat igo egin zen. Udalak ordaintzen zuenak bere horretan segitu zuen. Hiru hilabetetik behin etorri eta Altamirak ordaintzen zidan.

Urrestilla. Ikastolan ere ez zen asko kobratzen. Ez naiz akordatzen zenbat kobratzen genuen, baina gauzak egiteko orduan gure arazorik handiena dirua izaten zen.

Euskaraz erakustea zenbateraino zen arazo, traba...?

Odriozola. Gurean gurasoek umeek erdaraz ikastea nahi izaten zuten. Baina batzuetan euskaraz idazten eta irakurtzen irakasten genuen. Gainera, euskarazko testurik ere ez asko garai hartan. Tituludun maestrek ez zuten etorri nahi izaten, huskeria ordaintzen zitzaielako. Horretaz gain, orduan titulua zutenetatik oso gutxik zekiten euskaraz. Nik Elosiagara tituluarekin etorri zen bat ezagutu nuen, eta hark negar egiten zuen; berak ez zien umeei ulertzen, eta umeek ere ez zioten ulertzen berari.

Urrestilla. Gu hasiera-hasieratik dena euskaraz irakasten hasi ginen. 1968an hasi nintzen eta pare bat urte ziren Ikastola martxan jarrita zegoela. Elizaren babesean ireki zen. Eskola parrokiala zen. Ez genuen pentsatzen horrelako bolumena hartuko zuenik ikastolen kontuak. Orduan arazo guztiak diruari lotutakoak ziren eta dirua nondik atera pentsatzen zen. Pedagogia aurrerakoia genuen, eta, egia esan, gurasoek egundoko lana egin zuten.

Zer irakasten zenuten?

Urrestilla. Orduan beharrezkoena zena erakusten zela esaten zen. Orain ere, azken batean, gauza bera erakusten da.

Garai zailak izango ziren, ezta?

Urrestilla. Ikastolara bisitan askotan etortzen ziren inspektoreak-eta, zertan ari ginen jakitera. Elizaren babesa genuen, orduan haiek hara joaten ziren eta gu aparte gelditzen ginen. Horrez gain, gurasoek lan handia egin zuten Ikastola aurrera ateratzeko eta hori pozgarria zen. Gurasoek apustu handia egin zuten garai hartan. Dena euskaraz ematen hasi ginen gu. Testurik ez zegoen euskaraz, eta ahal zen moduan erakusten genuen. Materiala geuk ateratzen genuen.

Denak emakumeak zergatik izan zinetela uste duzue?

Urrestilla. Orduan tailerretan lan asko zegoen eta gizon guztiak hara joaten ziren. Nik uste horregatik izan ginela denak emakumeak. Kooperatibak-eta orduantxe hasi ziren hemen eta nik uste horregatik izan zela.

Odriozola. Nik badakit Errezilen maisuak izan zirela, baina auzoetako eskoletan nik ezagutu ditudan guztiak emakumeak izan dira.

Baldintza txarretan hasiko zineten...

Urrestilla. Bai, ikastoletan ere oso gutxi kobratzen zen, ni 1968an hasi nintzen lanean eta 1979 arte Gizarte Segurantza kotizatu gabe dut. Orduan ez zen pentsatu ere egiten horrekin.

Odriozola. Orduan Gizarte Segurantza kotizatzekotan titulua zutenek kotizatuko zuten, eta ez dakit haiek ere kotizatu al zuten. Baina hor ibili ginen inork ez zuen kotizatzen, eta, gainera, ez genekien zer zen ere.

Zuena bokazioa zen orduan.

Odriozola. Bai, nik uste baietz. Niri behintzat, tokatu egin zitzaidan. Esan egin zidaten, gustatu egiten zitzaidan eta horrelaxe hasi nintzen.

Urrestilla. Orduan jendeak ez zuen asko ikasten. Nik batxillergoa bukatu nuenean ez nekien zer egin, magisteritza ikastea nahi nuen baina azkenean etxean klase partikularrak ematen hasi nintzen.

Odriozola. Ni frantsesa ere irakasten aritu nintzen. Monjetan ikasi nuen Urrestillan eta gerora pare bat laguni ematen aritu nintzen.

Urrestilla. Bailara honetan garai hartan ez zegoen magisteritzako titulua zuenik. Tituludunak etorri izan ziren, baina gehienbat, gauzak sinatzeko garaian tituludun bat behar zelako izan zen hori.

Odriozola. 20 urte egin baino lehen burua berotu zidaten eta andereino izateari utzi egin nion nik. Nik beti izan dut ikasteko gogoa eta, horrelaxe, batxillergoa ikasten hasi eta eskola utzi egin nuen. Eskola berririk ez zuten egin, nahiz eta gurasoak ibili ziren kexaka eta. Niri egundoko pena eman zidan, umeei-eta karinoa hartua bainien ordurako, baina batxillergoa ikasi nahi nuen eta dena ezin nuen egin. Orduan jendea kalera etortzen hasi zen. Gero pare bat hilabete-edo egon nintzen beste eskola batean, baina gehiago ez naiz aritu lan horretan.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak