Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Apirila »  Tortilari buelta

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Tortillari buelta

Enekoitz Esnaola

Pilotari profesional zela leuzemia zeukala esan zioten Etxenagusiari. 27 urte zituen. Bestelakoak izan dira haren azken 15ak

Denbora
Denbora.  Joxe Mari Etxenagusiak dio elikadura makrobiotikoa segitu nahi duenak, sukaldean pazientzia hartu behar duela, janariak prestazeak denbora eskatzen duelako. Argazkian, etxeko sukaldean. Errezildarra da bera eta Azpeitian bizi da.  (Ihintza Agirretxe)

Niri leuzemia nuela esan zidatean. Hori, goiz batean, eta ingresatzeko arratsaldean ospitalean. Baina kotxea hartu eta Frantziara joan ninduan, Saint Gaudens herrira, Rene Levi-rengana. Eta hantxe pasatu nitian zortzi hilabete, segidan, sendatu arte.

Orain dela 15 urte gertatu zuan hori, apirilean. 27 urte nitian eta sei urte neramatzaan pilotari profesional bezala. 21 urtetik 24 arte ondo moldatu ninduan, arazorik gabe. Maila onean, gainera. 24 urte nituela Joxean Tolosaren kontra buruz burukoan jokatzera iritsi ninduan, final-laurdenetan. 22-15 galdu nian, Eibarren, baina ni, oso gustura. Ondo ari ninduan. Baina orduantxe hasi zuan nire kalbarioa. Gaixotasunagatik.

Hepatitis A neukala esan zidatean. Eta hepatitis A harengatik zenbat, eta urtebete egon ninduan jokatu gabe. Hiru hilabeteko baja espero eta urtebete... Bista jaitsi egin zitzaidaan eta fisikoki ez ninduan osatu. Jokatzen hasi, hasi ninduan, baina partiden bigarren partean ezin nuela igartzen nian. Gaseosak bezala, indarra galdu egiten nian, nerbioa galdu. Igual egon 15-10 irabazten baina nik banekian ez nuela irabaziko; kontrarioak ere bazekian hori. Ez nian estelar askotan jokatu 24 urtetik 27 bitartean. Mediku batekin eta bestearekin ibili ninduan, petrikilo batzuekin ere bai, baina ezin osatu.

Ohiko azterketa medikua pasatzera joan ninduan goiz batean, Donostian, globulo gorriak baxu nituela esan zidatean orduan ere, baina baita hau ere, lehen aldiz: odola koagulatzeko arazoak nituela. Leuzemia. Eta arratsaldean joateko ospitalera. ‘Ospitalera?’, neure artean. Hartu kotxea eta Frantziara, arratsalde berean. Pirinioetan zagok Saint Gaudens, Tarbesetik gertu samar; Andorratik urruti ez.

Justu hamar egun lehenago izana ninduan han, eta harremana banian egina, beraz, Levirekin. Gazteleraz ere badakienez, deitu egin nioan, banindoala. Apirilaren 19a zuan, 1991koa. Dozena bat egun lehenago jokatu nian neure azken partida. Eta abenduaren 23an itzuli ninduan handik.

Izan ere, nik ez nian nahi medikamendurik eta halakorik. ‘Ni neu izorratu nauk eta neuk osatu behar diat’, esaten nian. Buelta eman behar nioan gorputzari, neuk. Ordu artean besteek bezala jaten nian, baina gertatzen zuan pilotan izerdi asko botatzen nuela, gero azukre asko hartzen nuela eta genetikoki ahultasuna nuenez... Berez puntako kirola ez duk ona, eta neu behar bezala ez zainduta, ba arazoak.

Elikadura aldatu zidaan Levik, den-dena. Elikadura makrobiotikoa ezarri zidaan. Ekitaldeko filosofia segitu beharra nian, derrigorrean. Batez ere, zerealak jan behar, nire elikaduraren %70: arroza, artoa, zekalea...; zopak ere bai. Beste %30, berriz, potajea, berdura, arrain pixka bat...; haragi gorria batere ez, haragi txuria oso-oso gutxi, inoiz igual (azken 15 urteotan oilaskoa dozena bat aldiz, antxumea edo arkumea ere bai).

Hori atzerakada sortzen zidana elikadurak! Ezin jan, baina jan egin behar. Orduan 94 kilo ninduan, eta lau hilabetean 25 kilo galdu nitian; 69ra. Eta 1,94 neurtzen diat... Hezurretan nengoan. Baina barruko toxina guztiak bota nitian. Garbitzen hasia nengoan. Eta gero hasi ninduan pisua irabazten. Gaur egun 76-77 kilo nauk.

Osatzen ari nintzela, neu seguru egon arte ez nian nahi etortzerik. Berdin zitzaidaan Frantzian zenbat denbora pasatu; neska-lagunak laguntzen zidaan. Bestela, ez duk han gauza handirik egiten: sukaldean erakusten ditek eta heuk, praktikatzeaz gain, teoria ere ikasten duk ekitaldeko filosofiaz; azken batean, horri denari logika topatzeko. Horretaz gain, paseo batzuk egiten nitian, parajeak ere ederrak direlako. Ping-pongean ere jokatzen nian.

Zortzi hilabetean horrela. Eta herrira. Sendatuta. Oraindik segitzen diat elikadura horrekin. Emazteak ere bai. Baita gure bi seme-alabek ere. 15 urte hauetan ez diat aspirina bakar bat ere hartu beharrik izan.

Baina aitortzen diat ez dela erraza elikadura hau segitzea. Saint Gaudensera mila erako jendea joaten duk, eta, bai, han daudela segitzen ditek segitu beharrekoa, baina gero itzuli etxera eta betikoan erortzen dituk. Gizarte eredu honek bultzatzen hau horretara. Makrobiotika ez duk medizina, baizik eta, azken batean, filosofi mota bat, bizitzeko modu bat, eta hori diziplina handiz segitu behar duk. Pentsa, zelulak birsortzeko edo zelulei buelta emateko zazpi urte behar dituk; prozesua luzea duk, ez duk nahikoa pixka bat egin eta bale.

Baina zaila duk. Interes asko zaudek. Medikuntzatik hasita. Munduko enpresarik handienetakoa duk medikuntza. Eta gogorra duk esatea, baina haiek gaixoak behar ditiztek. Bai, gaixoak. Eta lasai, gaixoak egongo dituk gizarte eredu honekin, beti, eta gero eta gehiago. Interes ekonomikoa duk nagusi gaur, eta azkar prestatutako jakiak jaten ditiagu. Hor zaudek etxalde handietan hazitako oilaskoak, berotegietako berdurak, arrainak ere haztegietan hazten hasi dituk etengabe, behiak-eta ere nola puzten dituzten, bolleria hori dena... 20 urtera arazo larria izango duk osasuna. Hemen jendeak pentsatzen dik gaixotasun garrantzitsu edo larri bat badu, hori Jainkoak eman diolako dela. Jainkoak eman? Ez, norberak ematen edo kentzen ziok bere gorputzari, eta gaizki jateagatik-eta gaixotasun ugari zagok. Materialismoa nagusitu duk eta jatean ere oinarrizko baloreak galdu ditiagu. Produktu kimikoak ditiztek jakiek!

Azken batean, gizarteari beste buelta bat eman behar zaiok, bestela ez goazak leku onera. Pentsatzen diagu munduaren jabe garela eta mundua jango dugula. Bai zera! Munduak jango gaitik”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak