Bat hirutara
Pacific blue
Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin
Kotxeak, isunak, aparkalekuak...; buruhauste bat baino gehiago sortu dizkiete gazteei. Oraingoan, herrian gai horien inguruan gertatzen diren kontuez aritu dira Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin
Etxe Zuriko patroia. Ieeee!! Autoa isleta gainean duten guztiak mugi daitezela, hemen dituk-eta uniformedunak boligrafoa eta papera astintzeko prest.
Xabier. Hau duk izorratu beharra, hau! Lanera joan aurretik ordu laurden ziztrin bat izaten diat kafea hartzeko eta hori ere popatik hartzera. Banoak agudo, tragedia gauzatu aurretik.
Haizkurgi. Ea oraingoan porru eder bat sartzen dioten. Dagoeneko bazeramatzak hamar bat isun hilabete honetan eta oraindik ere ez duk eskarmentatu.
Mikel. Hemendik bi pausora bizi duk eta, hala ere, autoa hartu behar. Konturatu al haiz gero eta gizenago dagoela? Ez diat ulertzen zergatik hartzen duen beti autoa, hamar minututan herri osoa oinez zeharka daitekeenean. Begira niri, bestela: aste osoan autoa ez diat mugitu ere egiten, beti oinez ibiltzen nauk.
Haizkurgi. Et, et, et, ez hadi izan ahoberoa. Ondotxo dakik larunbat gauero autoan ateratzen haizela kalera, alkoholez itsututako neska gazteren bati etxe-laguntza gozoa egiteko esperantzarekin.
Mikel. Aurpegi luzea zekarrek, oraingoan ez dela libratu ematen dik. Nork sinatu dik autografoa oraingoan, Rubia-k ala Koletas-ek?
Xabier. Hau ez sinestekoa duk! Isleta-n autoa gaizki nuela eta zubi gaineko espaloi gainean aparkatzeko esan ez zidatek ba! Zer da hau? Lege hauste bat beste lege hauste batekin konpondu? Hemen behar duguna aparkatzeko lekua duk, eta paperarekin eta boligrafoarekin pairatzen ari garen jazarpen eroa bukatu. Ez diat ordaintzen autoaren urteroko zerga, gero isunez josi nazaten!
Haizkurgi. Arkauten instrukzioa egitera joaten hasi direnetik iparra galduta zebiltzak gure udaltzainak. Isunak jartzen azkar ikasi ditek baina herriko trafikoa zuzendu beharrean kaleetan kaosa areagotzeko ohitura ditek, herritarron haserrea sortuz.
Mikel. Trafikoarekin herrian dugun arazoaren oinarrietara joan behar diagu, beste inori errua bota baino lehen. Inor jarri al da kontatzen zenbat auto dagoen Azpeitian daukagun biztanle kopuruarekin alderatuta? Okerrena, ordea, auto asko egoteaz gain, bakoitzak berea mugitu behar izaten duela duk, ogia erostera joateko edo kafea hartzeko. Eskerrak Kutxillos-en gasolindegian beherapenak ditugun urte osoan, bestela...
Xabier. Nire kontu korrontea ez duk inozoa eta ederki konturatzen duk autoari erregaia botatzen diodanean, baina zer nahi duk ba nik egitea? Oinez edo bizikletan ibiltzea baino askoz erosoagoa duk autoz hara eta hona ibiltzea.
Mikel. Hirea gogorra duk gero! Ez al haiz ba hi lehenengoa izaten herri aurrerakoi baten alde apustu egitean? Azkenean, dena gure esku zagok. Herrian oinezkoentzako lanak egiten ari direla aprobetxatuz, geuk ere lan mental bat egin behar genikek, eta bizikletan edo oinez ibiltzeko ohitura hartu. Horrela, trafikoaren arazoa arinduko genikek eta kutsadura nabarmen jaitsi. Hirea bezalako joera egoistekin azalduko duk, bai, gure herria berriz ere Euskal Herriko herririk kutsatuenen indizearen gailurrean.
Haizkurgi. Bizikletarena oso ideia ona iruditzen zaidak. Baduk telesail bat telebistan, Pacific Blue, eta bertan poliziak kulotea jantzita eta bizikleta gainean gaizkileen atzetik aritzen dituk. Gure herriko udaltzainentzat telesail hori eredugarri izan zitekek, baita TAOko txartel makinei erasotu dieten gaizkile ankerrak harrapatzeko garaian ere. Hala, bizikleta gainean, erasotzaileak errazago harrapatzeko modua izateaz gain, herriari itxura modernoagoa emango ziotek, paketea markatu eta koleta lau haizetara zabalduz.
Xabier. Hi, nahikoa duk! Herrian bizi dugun egoera hau ez duk txantxetan hartzeko modukoa. Bizikleta herri barruan sustatzea utopikoa duk Azpeitia bezalako herri autozale batean, eta autoak hor zaudek, ez ditik haizeak eramango. Gelditzen zaigun irtenbide bakarra, aparkaleku gehiago egitea duk eta, jakina, trafikoa arintzeko lege araudia ondo aplikatuko duen Udaltzaingoa. Izan ere, egia esan, ez zagok herrian legerik Beixama jubilatu zenetik; Beixama eta legea gauza bera zituan...
|