Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Apirila »  Iritzia »  Etxe bat nahi dut

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Etxe bat nahi dut

Xabi Borda

Behingoagatik bai! Behingoagatik, denok irabazi dugu! Zorionekoak gu! Betiko garaileak, berriro garaile irten dira (ez nuen gutxiago espero). Berdinketa sinatu nahi zutenak gustura dira. Eta jokatu aurretik, partida galdutzat ematen genuenok ere irabazi egin omen dugu. Beraz, denok gara garaile. Non eta, etxebizitzaren norgehiagoka zailean, gainera. Biba gu!

Egia aitortzen hasita, gauza batzuez ezer gutxi dakit. Beste batzuez, berriz, ezer ere ez. Horien artean jarriko nituzke etxebizitzaren eta hipotekaren gaiak. Propietate kontuak ez dira inoiz nire ikasgai kuttunenak izan. Oinarrizkoa baino ez dut ulertzen: daukanak badauka eta ez daukanak ez. Etxebizitzarenean ere gauza bera: ordain dezakeenak etxea du, besteek ez.

Baina aurreko hartan, Madrazo jaunaren irribarreak itxaropen txiki bat piztu zidan: *“Hoy hemos ganado todos, y sobre todo han ganado los jovenes”*. To, etxe bat emango al didate? Eta ni, bizitza osoa gurasoenean ematera kondenaturik nengoelakoan. Lurzoruaren Legea, guztiok irabazle bihurtu gaituen miraria. Eskerrak eman beharko zaizkizue, beraz, politikan horrelako jokaldi bikaina burutu duzuen Ronaldo eta Ronaldinhoei. Zuek gabe ezin.

Gurasoenean. Ondo zaintzen naute gurasoek. Oraindik. Beharrizan lehenenak beteta ditut: janaria hozkailuan, aterpea behar denean. Aspaldi utzi zioten larunbat gauean etxera itzultzeko ordua ipintzeari. Beraz, zertarako alde egin? Ez naiz kexatzen, gustura bizi naiz gurasoen etxean. Eta beharko.

Baina hartuko nuke txoko bat hor nonbait. Besterik gabe, tarteka ezkutatzeko. Gurasoen etxean hain lasai egin ezin daitezkeen gauzak ere badirelako. Gustura biziko nintzateke gaur hemen, bihar gurasoenean eta etzi auskalo non.

Behin, denbora nuen egun batean, kalkulu komiko batzuk egiten ausartu nintzen: zenbat denbora beharko nuke aste-erdiko lan batekin pisu nano bat ordaintzeko? Zenbaki borobil bat irten zitzaidan: hiru bizitza! Eta hori, dirua beste ezertan gastatu gabe. Hau da, baraurik eman beharko nituzke hiru bizitzak. Argirik eta urik gabe; hiru bizitza arropa berarekin.

Udalaren papera. Berehala galdu nuen, ordea, nuen itxaropena. Madrazo jaunak Eudel aipatu bezain pronto. Gero, udaletxeen izenean hitz egin zuen batek moztu zidan pisu txikiaren ametsa. Alai zegoen gizona, nabari zuen; udalek orain arte izan ez dituzten eskumenak lortu omen dituzte. Akabo!

Nire kezka eta etsipena, beharbada, ezjakintasunaren ondorio izango dira. Beharbada, Udalak orain arte eskuak lotuta izan dituelako daude herriko 5.000 etxebizitzetatik 1.000 inguru hutsik. Beharbada, Udalak orain arteko legeekin prezioen gorakadari eutsi ezin izan diolako balio dute hemengo etxeek ondoko herrikoek baino milaka euro gehiago. Beharbada, gu inozoak izango gara.

Badakit erru osoa ez dela Udalarena izango. Zer esana izango dutela konstruktore eta promotoreek. Bestelako enpresek. Baita banako espekulatzaileek ere. Ziur naiz, etxebizitzen salneurrien gorakada ulertzeko, eragiketa sinple eta linealek ez dutela balio. Ekuazio diferentzialak eta algoritmo transbertsalak aplikatu beharko direla. Baina konfiantza beste parametro batzuetan neurtzen da. Eta barkaidazue, baina Udalak gai honetan (ere) ez dit konfiantza handiegirik eskaintzen.

Konfiantza, ez da inolako lege eta dekreturekin eskuratzen. Konfiantza, etxea bezala, baduzu edo ez duzu. Irabazi egiten da, edo galdu. Eta iruditzen zait, Madrazo jaunak uste zuenaren kontra, hemen ez garela denok garaile. Gure Udalak, behintzat, ez du oraindik nire konfiantzarik irabazi.

Etxe bat erostea pentsatzeak txistea izateari uzten dioenean, agian, orduan hasiko naiz zuengan sinesten. Edo bertako gazteek alboko herrietara ezinbestean migratu beharrik ez dutenean. Edo etxe hutsak betetzen (biziarazten) direnean. Bitartean, ez.

Adreiluak adreiluaren prezioa berreskuratu arte, gurasoenean jarraituko dut bizitzen. Derrigor. Eta pisu txikiarekin amets egiten. Eskerrak, guraso onak tokatu zaizkidan. Eskerrak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak