Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Apirila »  Iritzia »  Idaztearen abentura

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Idaztearen abentura

Koldo Aldadur

Esperientzia gertatzen ari da Uztarriak eskanitakoa, bai horixe. Psikoterapia saioetara joan beharrean sudur puntan jarritako dena idatzi eta aurrera. Merkeagoa, goxoagoa.

Pentsatu bezala, “sudur puntan jarritako dena” eufemismo bat besterik ez da. Herri honetan –Azpeitian, Euskal Herrian– ezin da edozer gauzataz hitz egin. Bakoitzak jakingo du nongo lokatzetan ez den inoiz sartuko, eta bere lera zein maldatan behera bota, baina badaude gai batzuk, nola esan, ez ukituta hobe.

Adierazpen askatasuna askoren ahotan dabilen honetan, egin dezagun zerrendatxo bat eta gero bakoitzak ken ditzala zerrendarako egokiak ez direnak. Pako Aristik bota zuen behin hiru gauza zirela ukitu ezinezkoak: Jainkoaren eskua, Indiako behiak eta... Hirugarrena? Beno, berdin da.

Zerrenda. Hasi aurretik, umorearekin hartu, mikaztu gabe.

Ez da komeni sarri itsutzera eraman gaituen Azpeitia herri euskalduna dela dioen iritziari buruz idazterik. Mitoa?

Ezin da ozen aipatu, gauden egoera politikotik ateratzeko askok egindako oker historikoak onartu beharko ditugula. Guk ere bai?

Su-etena alde batek bakarrik iragarri dela eta txondorraren barruan oraindik suak dirauela. Ez beza hego haizeak indartu bakean dagoena.

Nola esan publikoki ez gaudela erabat ados ordezkariek hartzen duten hainbat erabakirekin?. Azken finean, guk eman baikenien nahi zutena egiteko baimena. Botorik eman ez genuenok, berdin?

Nola onartu nahiago dugula alaba edo semearentzat baserritar jator bat kanpotar belarrimotz, hezurbeltz bat baino? Eto’o ez bada, behintzat.

Herrian Gaztetxea eskubide bat izan arren, derrigorrezkoa bada, zergatik zabaldu behar dugu nahiago dugula beste muturrean balego etxe ondoan baino?

Ezin esan, ozen eta garbi, ekonomiaria eusten dion lantegiak behar lukeena baino askoz gehiago kutxatzen duela, Azpeitian Gipuzkoan beste edonon baino birika arazo handiagoak ditugula.

Nork gogoraraz dezake independentzia eta sozialismoa uztarri berean izan zirela urte askotan? Euskadi eta... zer?

Gizonezkooi ez zaigu komeni gauzak gehiegi aldatzerik. Zerbait aldatu al da ba?

Homosexualen ezkontzak moda hutsean geratzeko arriskua dutela oinarri errebindikatzailea baztertuta. !Viva los novios o las novias!

Zezenketetara doazenek —herri honetan gutxiengoa—, eta garai batean Coliseumera joaten zirenek antzera gozatzen dutela ustezko menpekoaren sufrimenduarekin. Hori ere tortura izango da!

Azpeitiar guztiei ez zaiela sokamuturra gustatzen. Zergatik ez 24 orduko saioak egin?

Gure kaleak drogaz beteta daudela eta ez garela gai izan gai honi irtenbide duin bat emateko.

Uztarrian azaltzen diren iritzi artikulu denek ez dutela eman beharreko interes mailarik ematen.

Aitortu beharra al dago sagardotegiak “lapurretan” ari direla, Goenkale euskaraz bakarrik dela aguantagarria, lotsa ematen digula batuaz mintzatzea, Ikasberriko suspensos zero ahokada galanta izan zela, danborradarako kantinerak topatzea gero eta zailagoa dela gazteak ohartu direlako hotzetan luzitze hori ez dela hain plan polita, albokoa ez dela gogoko dugun bakarra... Atheticek eta Realak horrela jarraitzen badute Bigarren Mailan bukatuko dutela, umeak batxilergoa egitera urrutira bidaltzen ditugula bertan egiteko gauza ez direlako, ikastolen gerra egoera erridikulo samarra izan zela, kontaitzak ba! Horiek aipa daitezkeenak!

Uztarria bezalako aldizkari batean idaztea guztiok bizi beharko genukeen esperientzia da. Erakusten du auzokoekin ondo antzean ibiltzeko, ez zaiola esan behar entzun nahi ez duena. Zer azaldu eta zer gorde. Tregua politikoaz gain, geure buruari ere tregua eman beharko geniokeelakoan nago.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak