|
|
|
Lanari lotuta
Oihana Elduaien
Medikuntza du pasio eta ofizio Karmelo Loinaz azpeitiarrak. Lanari lotuta, Madrilen bizi da, baina ahal duen bakoitzean etortzen da
|
|
(Karmelo Loinazek utzitakoak)
|
|
|
|
(Karmelo Loinazek utzitakoak)
|
|
Madrilen 20 urte daramatza dagoeneko Karmelo Loinaz azpeitiarrak. Medikua da bera. Medikuntza ikasketak bukatu zituenean espezializazioa egitera joan zen Espainiako hiriburura, 12 de Octubre ospitalera. “Espezializazioa bukatutakoan hemen egun bakar bat gehiago egiteko asmorik ez nuen; alegia, 5 bat urte egitekotan etorri nintzen. Baina 20 urte eta oraindik hemen nago!”. Bertan geratzeko erabakia hartu zuen, lanari lotuta. Espezializazioa egin ostean 12 de Octubren bertan geratu zen lanean duela bi urtera arte. Geroztik Alcorcon ospitalean dihardu, zerbitzuko buru gisa. Familia ere osatu du han, eta hango bizimodura ohitu bada ere, ahal duen guztian etortzen da erroak bota zituen herrira.
Azpeitia eta Madril zeharo desberdinak dira, ikusi batean. Kostatu zitzaion Loinazi hango bizimodura ohitzea. “Ni ohituta nengoen ikastera-eta toki denetara oinez joatera. Hemen, ordea, beste distantzia batzuk daude, eta pixka bat kostatu zitzaidan
horrenbeste kotxe eta trafikora ohitzea”. Hala ere, denborarekin denera egiten omen da gizakia. “Zer erremedio!”.
Bizimodua erabat desberdina da hiri handi eta txikietan. Dena den, Loinazek garbi zeukan hiri handi batera joan nahi zuela.
“Espezializazioa egitera hiri handi batera joan nahi nuen. Dudan egon nintzen Bartzelonara joan edo Madrilera etorri, eta azkenean Madrilera etortzea erabaki nuen”. Hirietan bakoitza bere erara ibiltzen da, eta ez dira herrietan bezala bizilagun guztiak ezagutzen. “Auzokoak ezagutzen ditugu, eta haiekin oso ondo konpontzen gara, baina ez du batere zerikusirik herri batean egin dezakezun bizimoduarekin. Horretan ez dago dudarik”.
Bizimoduak bizimodu, Euskal Herrian, Espainian, Japonian eta Ameriketan jendeak antzeko dudak dituela dio. Japonian eta Ameriketan ere ibili baita Loinaz, lanera joanda. “Bakoitzak bere lana du eta bere mundua. Denak desberdin bizi gara. Hala ere, eguneroko gauzetan denean ere nahiko antzekoak gara. Beste nazioetan-eta bolada luzez egon izan naizenean, hori ikusi dut”.
Kanpotarrek arazorik ez. Madrilen kanpotarrak ondo hartzen dituztela dio, eta bera ere halaxe hartu zutela. “Madril oso hiri irekia da, kanpotik etortzen garen jendearentzat. Hemen bizi direnen erdiak ere kanpotarrak dira, eta, beraz, etorritakoei ez zaie kanporratei bezala begiratzen, ez dira desberdin ikusten”.
Euskal herritarrak, gainera, oro har “nahiko ondo ikusita” daudela dio. Hori bai, denean bezala, aurrean nor duzun ikusi eta hari nola hitz egin jakitea garrantzitsua da, arazorik ez izateko. “Jende zelebrea ere topatzen duzu, denean moduan, baina ez da gehiengoa”.
Madrilen errotuta al dagoen galdetuta, ezetz erantzuten du azkar Loinazek. Aldaketara erraz ohitzen da, eta prest dago berean lana eskaintzen badiote, berriz ere lekuz aldatzeko. Baina hori ez da hain erraza.
Trasplanteak-eta egitea du lanbide, eta hori Madrildik kanpora egitea ez da erraza. Behin lan horretan hasi eta gustua hartuz gero, zaila da beste nonbaiten lekua aurkitzea. “Lan horretan segitzekotan hemen jarraitu beharra daukat, momentuz beste aukerarik ez baitut”. Bestela, etorriko litzateke, beregatik. Orain, ordea, ez du bere iritziak bakarrik kontatzen: “Emaztea ere medikua dut, eta hasteko, biok izan beharko genuke lana toki berrian. Bestalde, umeak ere koskortu dira, eta haiek ere badute zeresanik”.
Hiru hilean behin-edo etortzen da. “Ikaragarri botatzen dut faltan horko jendea. Familia eta lagunak. Hemen ere baditut lagunak, baina horiek ez dira inoiz izaten txikitan egindako lagunen parekoak. Haiek dira betiko lagunak, eta hemen falta ditut. Horregatik, joaten naizen bakoitzean gustura egoten naiz, hona etortzeko alfergurarekin-eta. Gainera, beti oporretan joaten naizenez, orduan eta gusturago!”.
M-11koa. Mediku gisa, gaixoekin “distantzia” izaten saiatzen diren arren, 2004ko matxoaren 11n gertatu zena gogorra egin zitzaion Loinazi. Trenetan jarritako bonbak eztanda egiten hasi zirenean, lanean zegoen. Gogorra izan zen denentzat. “Komunikabideetan esaten hasi zirenean konturatu ginen gertatzen ari zenaz”. Madrileko beste ospitale batzuetan urgentzietarako dispositiboak jarri zituzten, eta Loinaz eta beste profesional batzuk haietara joan ziren. “Egunero izaten ditugun kirofanoko lanak bertan behera utzi genituen, odola gordetzeko-eta. Larrialdietakoak baino ez genituen egin”.
Zauritu gehiegi gabeko ospitalera joatea egokitu zitzaion, “hogeitaka batzuk” zeuden, eta gaitzerdi. “Guretzat ez zen batere kargarik izan. 300 oheko erietxe bat da gurea, eta ez zuen batere pisurik izan. Beste batzuetan askoz karga handiago izan zen”.
Horrelako egoerei emozionalki buelta ematea ez da oso samurra, distantziak distantzia. “Gu ohituta gaude zaurituak hartzen, baina hura bereziki zaila izan zen, ez zelako ohiko kasua. Hasieran inork ez zekien ondo zer gertatzen ari zen, zurrumurruak bai, zaurituak zirela, hildakoak zirela... Gero, orduak pasatu ahala jakin genuen zer mailako tragedia zen, eta zer gertatzen ari zen”.
Medikuntza Pasioa. Medikuntza du pasio Loinazek. Lana gustura egiten du. “Guk lan asko egiten dugu, baina gustura egiten dugu. Ez ditugu kontatzen sartzen ditugun orduak-eta, asko gustatzen zaigulako gurea. Hori alde handia da lana egiteko”. Gaixo bat sendatzea lortzen dutenean, pozarren geratzen dira. Horixe delako beraien egitekoa eta helburua: “Jendeari laguntzea”.
Baina dena ez da polita. Batzuetan ez da gaixoak sendatzerik izaten. Frustrazioa sentzitzen dute horrelakoetan. Baina sendatzea lortzen ez dituzten gaixoen artean bi motakoak daudela azpimarratzen du. Gaur egun sendaezinak diren gaixotasunek jotako eriak daude, alde batetik. “Kasu horretan, gaixoak ahal den sufrimendu gutxien pasa dezan ahaleginak egiten dituzu”. Entzutea, laguntzea eta sintomak arintzea asko eskertzen diren ekintzak dira, kasu horietan behintzat.
Bestaldean daude, gaixotasun sendagarriak izan arren, konplikazioak sortu eta gaixoa sendatzerik lortzen ez diren kasuak. “Hori oso gogorra izaten da”. Baina distantzia izaten saiatzen dira. “Geu gaixo edo senide bezala ikusten hasiko bagina, ezingo genuke lanik egin”. Eta ezin lanik egin gabe egon. Lanari lotuta bizi dira. Medikuntza dute pasio.
|