Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Martxoa »  Gurasoen babesean

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gurasoen babesean

Kepa Urbieta eta Ainitze Oruesagasti

Txinatik, Bulgariatik, Kolonbiatik eta Hondurastik adopzioan umeak ekarri dituzten gurasoen esperientzia: hasieran astuna, gero gozoa

Mamen Saldaña, Intza Ruo Weirekin.  (Ihintza Agirretxe)
Jaione Valverde, Aitor semearekin.  (Ihintza Agirretxe)
Izaskun Badiola, Alejandrarekin eta Angelarekin.  (Ihintza Agirretxe)
Elizabet Gezalaga, Isaacekin.  (Ihintza Agirretxe)
Esther Larrañaga, Gizarte Politikako diputatua. 

Familia bat osatzeko nahiak muga guztiak apurtzen ditu. Bestela, galdetu Mamen Saldañari, Jaione Valberderi, Izaskun Badiolari eta Elizabet Gezalagari. Lau ama horiek, adopzioan ekarritako umeak dituzte: Intza Ruo Wei Txinatik, Aitor Bulgariatik, Alejandra eta Angela Kolonbiatik, eta Isaac Hondurastik.

Zaila ez baina konplexua izaten da ume bat adoptatzea, haur bat adoptatu duten familien hitzetan. Izan ere, prozesua luzea izaten da eta zergatiaren arrazoietako bat honakoa da: Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak, Espainiako Ongizateko Ministeritzak eta atzerriko gobernuaren organuak hartzen dute parte; kasu askotan, nazioarteko erakunde laguntzaile batek ere bai, eta, azken batean, administrazio ugari dira.

Gipuzkoako Foru Aldundian Gizarte Politikako Sailak jorratzen du adopzioen gaia, eta, hain zuzen, azpeitiar bat da saileko diputatua: Esther Larrañaga.

Ume bat adoptatzeko egin beharreko lehenengo gauza, Foru Aldundira jotzea da, Larrañagak dioenez. “Bertan esaten diegu zein pauso eman behar dituzten. Aurrenekoa, derrigorrezko ikastaro batean parte hartzea izaten da; adopzioaren lege gaiak eta psikologia eta hezkuntzako alderdiak ezagutuko dituzte. Ondoren, gomendio gisa, atzerriko herrialdeek eskatzaileei zein baldintza jartzen dizkieten ezagutzeko hitzaldi batera joan behar izaten dute”.

Egiten diren adopzio eskaera guztiak, “familia baten beharra duten umeak dituzten herrialdeetara zuzentzen dira” Foru Aldunditik. Herrialde asko dira era horretako egoerak dituztenak. “Bakoitzak bere ezaugarriak eta baldintzak jartzen ditu, eta oso aldakorrak izaten dira, ezegon- kortasun politikoa eta soziala duten herrialdeak izaten direlako ohikoenak. Horrek eragina du, azken batean ziurtasun falta eragiten duelako”.

Foru Aldundiaren eginkizuna ez da bukatzen adopzio tramiteetan. “Aipatutako informazioa eta hezkuntza emateaz gain, garrantzitsuena den Egokitasun Agiria ematea da gure lana. Hortik aurrera ere, behin umea Gipuzkoan dagoela, egokitzapena ondo egiten doala egiaztatzeko jarraipena egiten dugu”, dio Larrañaga Gizarte Politikako diputatuak. Jarraipen horien bidez umeek izandako bilakaera aztertzen dute.

**MAMEN SALDAÑA**

“Umeak, aurretik nituen hutsune asko bete dizkit”

Mamen Saldaña eta bere senar Karmelo Goenaga, Intza Ruo Weiren gurasoak dira. Intza, jatorriz Txinakoa da eta hilabete honetan urtebete beteko da Azpeitira ekarri zutenetik. Saldañak-eta hasieratik garbi zutenTxinatik adoptatu nahi zutela umea. “Arazoak genituen umeak edukitzeko. Ernalkuntza bidez umea izaten saiatu ginen baina ezin eta adoptatzea erabaki genuen. Konfiantza handiena ematen zigun herrialdea zen Txina”, dio Saldañak. Adopzioko tramiteak egiten hastear zirela, Txinak bere mugak itxi zituen, hegazti gaitzagatik, eta ezin izan zen umerik adoptatu herrialde hartatik. “Hilabetera Txinak berriro ireki zituen mugak, baina gero Gipuzkoako Aldundiak itxi zituen”.

Duela hiru urte pasatxo hasi ziren adopzio prozesuarekin. “Behin gauzak martxan jarri zirenean, hitzaldi batera joan ginen. Hitzaldian atzeraka botatzen zaituzte. Baina garbi baldin badaukazu adoptatu egin behar duzula, horrek ez zaitu botako atzera”, dio amak. “Behin umearen asignazioa eginda, argazkia eta txosten bat bidaltzen dute: nola dagoen zainduta, nola bilatu zuten... Intza harrerako familia batekin zegoen”.

Orain urtebete joan ziren Saldaña eta senarra Txinara alabaren bila. Umea hartu zuteneko uneak gogoan dauzka: “Umeak negar asko egin zuen, eta guk ere bai. Momentu hunkigarriak izan ziren, oso onak. Haurra eskuetan genuela, ondo zegoela ikusi genuen. Orduan 10 hilabete zituen. Intzak bizkarrean-eta mantxa du eta ematen zuen jipoituta zegoela. Gu orduan kexatu egin ginen, baina mantxa asiatikoa zela esan zigutenean lasaitu egin ginen”.

Bizia alaitu dio. “Umeak, aurretik nituen hutsuneak bete dizkit eta bizia alaitu dit. Guk Txinako izena mantendu egin diogu Intzari, nahiz eta esan ziguten mutilei jartzen dioten izena dela: Ruo Wei (indar handiko pertsona). Irailean umea txinerako mandarin dialektoa ikasten hasiko da”.

Saldaña eta Karmelo Goenaga, Anichi, Txinako jatorriko haurrak adoptatu dituzten gurasoen elkarteko kide dira, “eta laguntza lortu dugu bai elkartetik, baita gure aurretik esperientzia hau bizi duten jendearengandik ere”.

JAIONE VALVERDE

“Bi urte hauetan Aitorrek asko aurreratu du”

Jaione Valverdek-eta orain dela bi urte ekarri zuten semea Azpeitira, martxoan. “Baina tramitazioarekin hasi ginela bost urte eta erdi izango dira”. Ez da erraza.

Semea, Aitor, bulgariarra da jatorriz, eta bi urte zituela ekarri zuten. “Guk orduan umea nondik ekarri lehentasunik ez genuen, baina une hartan Bulgaria nahiko ondo ari zen asignazioekin eta Ekai erakundearekin harremanetan jarri ginen. Nola funtzionatzen zuen gustatu zitzaigun”, dio.

“Lehenengo Foru Aldundian informatzen zaituzte, eta zer tramitazio egin behar den esaten dute. Psikologoen test-ak pasatu behar dira, eta gizarte laguntzaile batekin ere egon ginen. Laguntzailea etxera ere etorri zen gure ingurua zein zen jakitera. Gero dokumentazio eta informe ugari bete behar izaten dira. Nahiko latosoa izaten da”, uste du Valverdek.

Adopzioak egiteko orduan, herrialde bakoitzak bere legeak ditu. “Guk bi bisita egin genituen Bulgariara. Lehenengoa, umea ezagutzeko, eta bigarrena, jasotzeko. Aurretik asignazioa iritsi zitzaigun, eta umearen txosten bat jaso genuen”. Valverde eta bere senarra, txosten hori jaso eta hamar bat egunera umea ezagutzera joan ziren. “Bulgarian bost egun egin genituen, eta umearekin egun batean bi orduz egon ginen. Lehenengo inpresioa ederra izan zen. Haurra umezurtz-etxean zegoen eta gu hara joan ginen. Han zer aurkituko beldurra neukan baina nahiko inpresio ona jaso nuen”.

Handik bederatzi hilabetera joan ziren biak Aitor jasotzera. “Denbora tarte hori luzea egin zitzaigun. Bigarren bidaian beste bost egun pasatu genituen, eta gero etxera”.

Azpeitira etorri eta lehenengo egunak “nahiko gogorrak” izan ziren. “Gabezia asko dituzten umeak dira, eta babes eta laguntza handia behar dute. Hasieran egundoko kasketak harrapatzen zituen, atentzioa emateko ahal zuena egiten zuen”.

Zikomotrizitate eta maitasun gabeziak antzematen zizkioten. “Beti pertsona helduekin egon nahi izaten zuen. Lehenengo egunetan besarkatu eta muxu eman eta eman ibili zen. Bi urte hauetan umeak asko aurreratu du”.

IZASKUN BADIOLA

“Ikusiko orduko besoetara etorri zitzaizkigun lasterka”

2002an hartu zituzten etxean Angela eta Alejandra (5 eta 4 urte) Izaskun Badiolak eta Gregorio Zabaletak. “Guraso izango direnen urteen arabera, adin jakin bateko umeak egokitzen dira”, esaten du Izakusun Badiolak.

Angela eta Alejandra kolonbiarrak dira sortzez. Handik ekarri zituzten, familia handitzeko erabakia hartu eta gero. “Lehenengotik, berdin zitzaigun nondarrak izan. Denborarekin informatuz joan ginen eta esan zigutenez, Kolonbia adopziorako aproposa zen, gauzak txukun egiten zituztelako, eta hori garrantzitsua zen”. Beste arrazoi bat ere egon zen tartean: “Han gazteleraz hitz egiten denez, elkar ulertzea errazagoa izango zela pentsatu genuen”.

Erabakiak hartzea zaila izan ohi da askotan eta familia handitzea ez da hutsaren hurrena, baina batzutan ezusteko laguntzak izaten dira: “Bai edo ez erabakitzen ari ginen garai horretan, irratian Ekairi buruz hizketan ari zirela entzun genuen. Animatu ginen eta asko lagundu ziguten, nahiz eta, hala ere, norberak paper kontu asko egin behar”. Dena dela, gauzak oso ongi joan zitzaizkien. “Tramitazioa luzea izaten da normalean, paper asko bildu behar izaten direlako, dokumentazioak-eta tarteko, baina gure kasuan alde horretatik ez genuen arazorik izan, bi ume hartu behar genituelako, eta horiek izango zuten adinarengatik ere (hirutik seira bitartean) errazagoa egin zitzaigun guztia”.

Kolonbiaraino joan ziren bila eta ez zuten luzerako utzi bi alabekin egoteko aukera, joan eta hurrengo egunerako esku artean zituzten eta. Tramitazio guztiak bukatu bitartean han egon ziren. “Bogotara ailegatu eta hurrengo egunean umeak hartu genituen. Aurrez prestatuta joaten zara, akaso hasieran erraza ez dela izango esaten dutelako. Dena ondo, ezin hobeto joan zitzaigun. Ikusi orduko besoetara etorri zitzaizkigun lasterka, papi eta mami esanez. Bertan 23 egun pasatu genituen, epaiketak eta gainontzekoak bukatu artean”.

Azpeitira etorrita, gurasoen ezusterako umeek eskolarako grina erakutsi zieten, eta ez zuten lan handirik izan lurralde eta kultura berri batera egokitzeko. “Gure asmoa Gabonak pasatu ondoren eskolara bidaltzea zen, baina eskolara noiz joan behar zuten galdezka hasi zitzaizkigun hasieratik. Halaxe eraman genituen eta baserritar jantzita Olentzero kantatzen bukatu zuten Gabonetan. Oso ume irekiak dira”.

ELIZABET GEZALAGA

“Askotan diot nire igual-iguala dela”

Elizabet Gezalagak lehen ere familian halako kasua izan zuen (osaba adoptatua) eta ez zaio batere arrotza egiten ume bat adoptatzea. Ezta bikote gabe egin izana ere. Betidanik garbi izan duena bete besterik ez omen du egin: Isaac Gezalaga Urrestilla, Hondurasen jaioa, etxera ekarri.

Gezalagak lankide baten bitartez bideratu zuen prozesua. “Laneko batek bi ume ditu Hondurastik ekarriak. Hari galdetu, abokatuaren zenbakia hartu eta Foru Aldundira joan nintzen, zer egin behar nuen jakitera”.

Bete beharreko eginkizun guztiak laster batean egin bazituen ere —tartean, psikologoaren “galdera mordo” bati erantzun—, patxadaz joan zen prozesua. “Foru Aldundiko paperak eta halakoak segituan egin nituen baina gero hiru urte egon behar izan nuen haurra izan arte. Hondurasen ere proba batzuk pasatu behar izan nituen”. Bitarte horretan bi bidaia egin zituen Gezalagak Hondurasera; lehenengoa, probak pasatzeko eta, bide batez, aurrenekoz umea ikusteko, eta bigarrengoan, Isaac ekartzera. “Bizitzako esperientziarik txarrena izan zen. Hasierako lau egunak negar eta negar pasatu zituen. Normala zen, umeak urtebete zeramalako harrerako etxe batean, eta hara ohitua zegoen. Behin irribarrez hasi zenean, ordea, kito! Beti barrez. Ez nituen egun asko egin han”.

Beste edozein amak bere seme-alaba bezalaxe maite du Isaac txikia amak: “Isaac ezin dut gehiago maite. Ahaztu egiten zait nigandik ez dela jaio. Askotan diot nire igual-iguala dela. Neurea da ekarri dudan momentutik. Lehen gustura bizi nintzen, eta gauzak beste era batera ikusten ditudan momentu honetan, ezin gusturago bizi naiz”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak