Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Martxoa »  Iritzia »  Parte zaharra

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Eta beste

Parte zaharra

Maria Jesus Aranburu

Herri gehienek bezala badu gureak ere bere parte zaharra. Azpeitiko historia handia edo txikia bizi izan duena eta urteetako eraginez hainbat aldaketa jaso izan dituena. Zaldiak, karroak, bizikletak eta kotxeak jendearekin batera bizi izan dira eta ondoren autobusak eta kamioiak.

Gezurra dirudi gure kale estu horietatik Guipuzcoana autobusak edo ‘Martzialeko’ kamioiak pasatzen zirela pentsatzea ere...

Parte zaharreko kaleetan jolas ugari egin dugu bertan bizi izan garenok ,eta plazuelan, ‘monumentuaren’ inguruan, makina bat ordu pasatu gaztetako zenbait kontu eta istorioak kontatzen! Orduan ez zegoen liburutegi publikorik, ezta ludoteka edo gazte lekurik ere, eskolatik atera eta debereak egin, aurretik edo ondoren, eta bokadiloarekin kalera! Zenbat jolas! Harrapaketan, baloiarekin, tortoloxarekin...; gaur, ordea, jolas asko gal ez daitezen liburuetan jasotzen dira. Pasatutako denborak ez dira bueltatzen, ezta komeni ere! Ez behintzat, ber-berak.

Hala ere, gaurko haurrek jolas gutxi egiten dute kalean, denek dute denbora bete-betea, eskolako lanekin, extraeskolarrekin... Etxe berriak egiten diren inguruetan, ordea, saiatzen dira parkeak eta berdeguneak ipintzen eta, horrela, bertako umeak eta gazteak tarteka, bertan biltzen dira.

Parte zaharrean ezin da berdegunerik atera baina kaleak oinezkoentzat izango dira! Beraz, berrikuntzarekin bikote gazteak bertan bizitzen ipiniz, aukera berria izango da. Txikiteoa ia bukatu da, gauez arimarik ez da kaleetan eta aurrerantzean umerik ikusiko ote dugu jolasean?

Eta ametsetan jarraituko bagenu? Plaza ere kotxerik gabe ikusteko aukera izango al dugu?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak