Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Martxoa »  Iritzia »  Pio, pio

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

Pio, pio

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

Oraingoan ehizaz eta hegaztien gaiaz ariko dira hiru gazteak. Honela laburbildu dute beraiek artikulua: “Pim, pam, pum! Hegaztiak ehizatu, hipokondria sustatu eta Xabier gaixotu!”

Mikel. Horrela ez zagok jarraitzerik! Astea joan, astea etorri beti, aurpegi zurbil horrekin. Parranda gutxiago egiten hasi beharko diagu ba, ez dauzkak-eta hamazazpi urte!

Xabier. Egon hadi ixilik, ohetik jaiki ezinda ibili nauk eta lau egunean ondoezak jota. Telebista ikusi eta janari garbia janez igaro ditiat azkeneko egunak. Arroz zuri lehorra eta oilasko paparra izan duk nire menua. Hori duk aspertzea, hori!

Haizkurgi. Hire gaixotasun hori bazekiat nik zer den, aurreko asteburuan harrapatu huen legatzaren biharamun latza. Gibelak ere bere mugak ditik; hirearekin behintzat, pate onik ez ditek aterako.

Xabier. Zuek eta zuen betiko leloa. Jakizue ba, aurreko larunbatean goizeko ordubata baino lehen etxean nintzela. Uso-jana izan genian Caza y Pesca Ollagorra elkartean; Kali genian sukaldari. Afalostean ez ninduan ongi sentitu eta alkohol tantarik probatu gabe joan ninduan etxera.

Mikel. Hik dauzkak potroak, hik! Kaliren kuadrilako Pitti eta Armax Azkuek ekarritako usoak jatea baino nahiago diat astebeteko baraualdia egitea. Haiek erotuta zeudek, moteil. Lepoa jokatuko nikek ibai bazterrean hilda aurkitutako edozein hegazti jaso eta eurek bota dutela esateko gai direla. Uste baino larriagoa izan zitekek hire kasua, hegazti gripea ote duan ere pentsatzen hasia nauk...

Xabier. Ez ezak txantxetan ere esan horrelakorik! Azken egunotan nahikoa ‘paranoia’ izan diat hegazti gripea dela eta ez dela. Telebistan beste konturik ez zagok eta hori gutxi ez balitz, leihotik begiratzen nian bakoitzean Urola ibaian dauden ahate malapartatu andana ikusten nian. Gainera, ahate batzuen jokaera ez zuan batere normala. Ezin diat ulertu nolatan bihurtu den azpeitiarren denbora-pasa berria birus eramaile potentzial horiei jaten ematea. Ez al da inor konturatzen ugaldu eta ugaldu ari direla? Nork kontrolatzen du neurrigabeko ahate ejertzitu hori? Zer gertatuko da Azpeitira hegazti gripea etortzen bada?

Haizkurgi. Ez hadi memeloa izan. Garbi zagok bai, azken egunotan telebistan esandako guztia irentsi duala. Hi bezalako ‘gaixo paranoikoen’ kontura berriz ere aberastuko dituk Europako farmazi enpresa boteretsuak. ‘Hegazti gripea’ esaten den gaixotasuna ez duk gaur goizeko kontua. Urteetan hor egon duk eta ez duk aparteko ezer gertatu. Oraingo honetan, ordea, munduko hedabide nagusiek gaiari eman dioten oihartzunak izugarrizko psikosia sortu dik. Ez zekiat zer gertatzen den gaur egungo kazetaritzan baina zirudik bi agentzi nagusik kontrolatzen dutela munduan sortzen den informazio guztia. Hedabide txikiek, agentzia horiek saltzen dieten informazioa soilik ematen dutela zirudik, masak kontrolatzeko aparteko egoera! Dena den, muntaia honetan gauza bakarra zagok garbi: eroa izan behar dela Pittik ‘ehizatutako’ eta Erremenek lumatutako usoa jateko.

Mikel. Haizkurgik arrazoi dik, hegazti gripearen kontu hau izugarri puztu ditek. Gogoratu bestela, behi eroen kasua bat-batean nola itzali zen. Orain ere behi eroak egongo dituk, pertsona eroak dauden bezala, Xabier (kar, kar, kar...), baina lasai asko joaten gaituk sagardotegietara, txuleta bikainak dastatzera, hezurra zuritu arte.

Xabier. Zuen hitzek ez naitek lasaitzen. Are gehiago: kopeta gero eta beroago sentitzen diat, ziur sukarra dudala. Banoak bihar bertan ospitalera H5N1 birusaren proba egitera. Bueltan udaletxetik pasatuko nauk eskakizun garbi batekin: ehizatzeko baimena duten astakilo guztien zerrenda, publiko egitea. Batzuen hobby odolzaleak ez dik beste guztion osasuna, musutruk, kolokan jarriko. Ehiztariak arrisku faktorea dituk, birusaren eramaile potentzial garbienak eta ehiztari ez garenok eskubidea diagu arriskuaren ondoan gauden edo ez jakiteko. Eta, bide batez, osasun sailak bidal ditzala begirale batzuk herriko elkarte susmagarrietara, legea betetzen duten edo ez ikustera. Ez nikek nahi maskarila baten beharra izaterik kalera irtetzeko.

Mikel. Hik maskarila ez, hik behar duana segurtasun elastiko bat duk; agudo, gainera.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak