|
|
|
Libre
Aireportuak
Olatz Prat
Äireportu handi batean hegaldiaren zain eta bakarrik ordu asko pasatu behar izan dut noizbait eta ez naiz aspertu. Askorako eman dezakete zazpi orduk horrelako leku batean. Gorbatadun gizonak alde batetik bestera, kartoi pusketan izen ezezagunak, ilusioa aurpegian daramaten motxiladunak, negarrez gelditu den bihotz hautsi hori... Irudimena martxan jartzen zait horrelakoetan. Jendeari begiratu eta haien historia pertsonala eraikitzen jartzen naiz, begiradak, janzkerak eta jarrerak begiratu eta pistak batzen.
Adibidez, garbiketan diharduen emakume beltzarana hegoamerikarra da, 40 urte, aurpegi serioa eta zaharkitua. Nekatua dago. Lan hobea nahi luke baina horixe da aurkitu duen onena. Batera eta bestera dabil, zakarrontziak husten, erretzaileen gelako hautsontziak garbitzen, sandwich plastikoak lurretik jasotzen... hitzik egin gabe, inori begiratu gabe.
Beste adibide bat. Nire aurrean eserita dauden neska-mutilak ezkonberriak dira, seguru. Irribarretsu daude, eskutik askatu ere egin gabe. Neskak eraztunari begiratzen dio, gero mutilari, gero berriz ere eraztunari, eta hasperen bat. Karibe aldera joango dira ziurrenik, neskak hamaka batean dagoela antzezten du, edari fresko bat edaten imajinatzen du bere burua, eguzki epeletan. Mutilak irribarre urduri bat egiten dio, zerura begira, goiko hortzekin beheko ezpainari eutsiz.
Irudimenik behar ez denean. Baina batzuetan ez dago irudimena landu beharrik. Batzuetan, toka daiteke pertsona horietako batek kontatzea bere istorioa. Idaztera nioan artikuluaren gaiaz hitz egin nionean, gertatutakoa kontatu zidan lagun batek.
Istorio politak. Lagun hori eta bere anaia New Yorkeko aireportuan zeuden, aspertu samar, ordu batzuk zeramatzaten jada han. Berriketan zeudela, bizkarra emanda zegoen gizon batek nongoak ziren galdetu zien gazteleraz, bi lagun horiek ere gazteleraz hitz egiten entzutean. Azentuagatik kubatarra, aurpegiko zimurrengatik 75 bat urte. Horrela, hitz egiten hasi ziren, zerk eraman zuen bakoitza han egotera eta abar. Elkarrizketak luze jo zuen.
Dirudienez, gure pertsonaia erbesteratu bat zen. Castroren iraultzan parte hartutakoa, 1953ko uztailaren 26 Monkadako kuartelari eginiko erasoan egona, Batistaren aurkako altxamenduaren hasiera izan zen eraso hartan. Baina, handik urte batzuetara, 1961ean –eta hemen dago koska–, Kotxinosko Badiako erasoan estatubatuarren aldean ere parte hartu zuela esan zien, “*Playa Girón, sí señores, allí estaba yo*”. Castrok hura atxilotzea lortu zuela eta CIArekin kolaboratzeagatik kartzelara bidali. Nire lagunak haiekin kolaboratzearena egia al zen galdetu zion, baina gizonak irribarre baten atzean egia ezkutatu nahian ezetz zioen buruarekin.
Jakin-mina. Lagunek batekoa zuten mahukan, ordea, eta historia zirraragarri hari buruz gehiago jakiteko aitzakia ezinhobea. Mutilek esplikatu zioten euren herenaitona, Juan Arechabala, Kuban urte askoan egondakoa zela, Ron Arechabala enpresaren sortzailea zela –Castroren erregimenak nazionalizatutakoan Havana Club bihurtu zena– eta Castroren garaian jasotzen zituzten etengabeko mehatxuak eta erasoak zirela eta, ondorengoek Kubatik alde egin behar izan zutela.
Ezezaguna lagun egiten denean. Agureak ulertu zuen 16-17 urteko mutiko haiek jakingura zutela, Kuba eurentzat zerbait berezia zelako. Ez zion inolaz ere kalterik egingo haiei egia esatea, “*al fin y al cabo ya qué más da*”, zioen.
Esan zien baietz, CIArekin jardun zuela eta damutzen zela, neurri batean behintzat, Fidelen erregimena kubatarrentzat gero eta gogorragoa izan baitzen ordutik aurrera. Urte pilo hura kartzelan pasatzeak Castrorenganako gaitzespena handitzea besterik ez zion ekarri. Horrek emandako barne indarrari esker, azkenean kartzelatik alde egitea lortu omen zuen gizonak eta Floridara joan omen zen bizitzera.
Batek baino gehiagok esango duzue ezezagunekin hitz egitea arriskutsua dela, eta egia da kasu askotan horrela gertatzen dela. Baina zenbat ote dira aireportuetan, autobus geltokietan edo okindegian bertan galdu ditugun istorio zirraragarriak?
|