Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Martxoa »  Iritzia »  Merezi du

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Merezi du

Koldo Aldadur

Behin ere pentsatu al duzue egoera baten aurrean hartzen ditugun jarrerak eta erabakiak, besteak beste, urteetan pilatutako bizipenen ondorio logikoak besterik ez direla?

Jaiotzerako susmatutako epeltasun bustia, jaiotzean isuritako lehen malkoa, amaren usain goxoa, umetako kontraesanak, nerabearoko barne borrokak, maitasuna, gorrotoa, lagunak eta etsaiak, familia, eskola, elizaren eragina, esango dutenaren beldurra, erantzun zehatzik gabeko galdera itogarriak... Eta beste hamaika bizipen heltzean sartu eta, horra hor, gu geu, egoera bat aurrrean. Askoren ustez, egoera politiko interesgarrian gaude, nahiz eta hitzak ez duen, momentuz, atzetik gustura ikusiko genukeen ondoriorik. Momentuz.

Irratia jarri, telebista piztu, lagunekin bildu, egunkariak zabaldu eta beste konturik ez. Nahia, irtenbideren baten nahia.

Eta horretan hara nola etorri zaidan burura komunikabideek gugan izan dezaketen eragina norberaren jarrera erabakitzerakoan hain garrantzitsua den une batean. Ofizioari afizioa, itxuraz.

Eskuartean ditut Sofres A.M. enpresak ateratako azken urteari dagozkion telebista audientziak. Ondo zehaztuak portzierto, publizistak zehatz jakin behar duelako bere produktua nori, noiz eta nolako kopuruan iristen zaion. Honela dio iazkoari dagokionak. Euskadiri buruz ari da soilik, arren kontutan izan: ETB1 %5. ETB2 %18,4. TV1%15,9. TV 2 % 5,6. A3 %17,6. T5 %27. Gainontzekoak (Cuatro, lokalak...) % 10 pasatxo.

Ondorio bezala pare bat kontu. Bat, euskaraz entzuten dugun telebista-informazioaren ehunekoa oso baxua dela eta, bi, azken hiru urtetan gora egin dutela atzerriko kateek. Bale.

Egunkarietara joko bagenu, telebisten atalean ikusitakoa mantendu edo, agian, handitu egingo litzateke. Euskadin gehien irakurtzen diren egunkariak ABC ospetsuaren anaia probintzianoak besterik ez dira. Kolore, eskela, herrietako kronika eta herrialdeko futbol taldeari eginiko segimenduak bere zentzua du: egunero-egunero naftalinaz betetako Madrilgo bulegoan sorturiko ideiak gure barruan iltzekatzea. Zinez, lortzen dute! Irratietako zenbakiak ez pentsa askoz hobeak direnik egoerari irtenbide justu bat eman nahi diogunontzat.

Arerioak. Eta hemen kalte egiten digutenak eta kalterik egiterik ez dutenak bereizi beharra dago. Jimenez Losantos, Herrera, Mila... zaunka handiegia egiten duten zakurrak dira. Lurra lehorra den herrialdean guru orojakileak bailiren entzuten eta irakurtzen dituzte baina hemen hain da handia darien kiratsa, negargureaz gain eragin txikia dutela gugan. Arriskutsuak besteak dira.

Gaur neuk entzun edo irakurritakoak, eta oraindik bazkalostea besterik ez da: “Zortzi metroko olatuak Zumaian, Espainian azken hamar urtetan ikusi diren handienetakoak”, “San Sebastian eta Madril inoiz baino gertuago izango dira Talgoari esker....”, “kutsatutako hegaztiak Espainiara udaberrian etor daitezke....”, “Osatarrak, David Etxeberria eta abar Espainiako txirrindularirik hoberen artean dira aurten Saizen aginduetara”. Eguraldiaren mapa, argazkietako manipulazioa, tonoa... Gure borondatea deusezterainoko mailukadak.

Hauxe da eta ez beste bat dugun komunikabideen mapa, ulertu beharrekoa hurrengo hilabetetan biziko dugunak ulertzeko, nondik saiatuko diren pentsatzeko. Horien eskuetan uzten badugu, gure jarrera derrigorrez duina izan behar duen irtenbidearen atarian ez da gauza onik izango.

Iruditzen zait Azpeitian jendeak pentsatzen duela errealitate hori ez dela berea. Euskadi Irratia entzun, Goenkale ikusi, euskaraz hitz egin eta bapo bizi. Politikoentzat politikokeriak eta botoa eman nuenez, utz nazatela bakean bizitzen. Nire irudipena besterik ez da. Askoren helburua zen seme-alabei bake justua uztea. Orain da garaia norberak barruan duena plazaratzeko. Umetan jasotako laztenei kasu handiagoa eginez eta, akaso, hainbat ohitura aldatuz. Merezi duelakoan nago.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak