|
|
|
Burutik beherakoa
Maite dut
Jose Luis Otamendi
Non sortu ez zegoen geure esku. Non bizi, berriz, batzuk aukeratu egiten dugu, nolabait. Azpeitiarra naiz eta ez nago harro. Maite dut nire herria, bera bakarrik ez maite izateko beste. Maite dut, beste edozein herriren jiteko den heinean. Badakit, hemengo gara, ezaguna dugu jendea, kaleak... Sentimenduak, esperientziak zainetan txertatu eta estu lotzen du horrek bat. Azpeitiartasunak ez dakar zeruko igurtziaz edertuta egotea, hala ere; kontrakoa ere ez. Ez dakit gaitza neure begiarena ez den. Sarri antzean, ikusten ditudan hedabideetan Azpeitiaren gehiegizko betekada dagoen inpresioa daukat. Zerikusia izango du herri eta eskualdeko komunikabideen zabaltzeak. Mesede handia datorkio euskarari hortik, baina Burgosko asto baten arrantza albiste bihurtzen bada norbaiti San Inazioren martxa gogora ekarri diolako, badugu zerekin kezkatu. Nire irudipena areagotu egiten dit euskarazko munduak: prentsa, irratia, kultura, kirola... Hori azpeitiar pila! Hain onak ote gara denean? Ez harritu gero, umeak handitan azpeitiar izan nahi dutela esaten hasten badira bazterretan...
Bailara hau euskaldunen fabrika da. Hori bada euskara eta Euskal Herria zein flako dagoen erakusgarri. Eta azpeitiar izate goitik behera begiratzeko horrek, badu konplexutik.. Nik hartzen diot halako nano-nazionalismo tankera. Azken aurreko kukurruku harroa. Baina lasai, ez da azpeitiarron akatsa soilik.
|