Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Otsaila » 

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

ISRAEL ARKONADA euskaldun berria

"Azpeitira etorri eta euskaraz bizitzea lortu nahi nuen"

Ihintza Agirretxe

  (Ihintza Agirretxe)

Urte eta erdi darama Israel Arkonada barakaldarrak Azpeitian bizitzen. Euskara ikastera eta euskaraz bizitzera etorri zen hona eta, egia esan, ongi bete du bere eginbeharra. Izan ere, Uztarriarekin lasai eta ongi hitz egin du euskaraz.

Zer dela-eta etorri zinen hona?

Ni Barakaldokoa naiz, baina ez dut inongo arazorik lana medio edozein lekutan bizitzeko. Euskara ikasten ari nintzen eta Azpeitian lagunak nituenez, hasierako ideia urtebeterako etortzea zen, baina dagoeneko urte eta erdi daramat. Nire ideia, euskaraz ikastera etortzea baino gehiago, euskaraz bizitzea zen. Barakaldo edo Bilbon euskara ikasteko aukera badaukazu, baina ezin da euskaraz bizi, eta nire helburua euskaraz bizitzea zen.

Zergatik erabaki zenuen euskaraz ikastea?

Nire buruarekin konpromiso bat hartu nuen; alde batetik, maila pertsonalean, eta bestetik, politika mailan. Ni ezker abertzaleko militantea naiz, Euskal Herrikoa eta Barakaldokoa naiz eta horretaz harro nago, baina ez nekien euskaraz eta jakin behar nuela sentitzen nuen. Eguneroko bizimoduan ez nuen inongo arazorik euskara jakin gabe bizitzeko, baina barruko behar bat nuen. Eta hori dela-eta euskaraz ikasteko konpromisoa hartu nuen.

Noiz hasi zinen ikasten?

.16 urterekin hasi nintzen militantzian eta orduan ekin nion euskara ikasteari. Euskaltegian ikasi nuen, baina gero segituan galdu nuen, egun osoan gazteleraz hitz egiten nuelako. Orain bi urte konpromiso handiagoa hartu nuen. 25 urterekin serio hartu nuen eta Arantzako AEK-ko barnetegira joan nintzen. Ordurako oinarria banuen, baina ez zen oso sendoa. Han hiru astez egon eta bueltan Azpeitira etorri nintzen. Hemen pisu bat alokatu nuen eta ordutik hemen naiz.

Nola gogoratzen dituzu Azpeitira etorritako lehen egunak hizkuntza aldetik?

Orain askoz hobeto sentitzen naiz euskaraz hitz egiten, baina nahiko urte gogorra izan da. Hona egundoko gogoarekin eta indarrarekin etorri nintzen, eta egundoko kolpea hartu nuen. Barnetegian asko aurreratu nuela uste nuen baina Azpeitian gaizki ikusi nintzen. Lagunekin-eta euskara batuan ongi moldatzen nintzen; ez banuen ulertzen, tarteka gazteleraz ere egiten zidaten pixka bat. Gero kaleko jendeak hika egiten zidan, ordea, eta nahiko gogorra izan da.

Azpeitian bizimodua euskaraz egiten duzu. Eta hemendik kanpo?

Ni saiatzen naiz toki denetan euskaraz egiten, baina ez da erraza. Adibidez, Barakaldoko lagunena joaten naizenean ez da hain erraza. Orain 10-15 urtetik duzun lagun batekin euskaraz hitz egiten hastea ez da hain erraza, nahiz eta laguna ere euskalduna izan.

Nabaritzen al duzu zure euskara mailak hobera egin duela?

Bai, orain askoz erraztasun handiagoa dut euskaraz hitz egiteko orduan. Hemen mintza praktika egunero egiten dut; niretzat barnetegi intentsibo bat da Azpeitia. Gauzak askoz errazago ulertzen ditut orain. Hala ere, hitz egitean nabaritzen dut aurrerapenik handiena.

Euskaraz ez dakiten azpeitiarrei zer esango zenieke?

Nik etorkinen artean eta azpeitiarren artean desberdindu egingo nuke. Biek jakin beharko lukete, baina azpeitiarra izan eta euskaraz ez egitea ez dut ulertzen. Artzek zioen bezala: “Euskara ez da galtzen ez dakitenek ez dutelako ikasten, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Nik uste beste herritarrekiko errespetu falta handia dela, Euskal Herrian bizi gara eta Azpeitia bezalako herri batean errespetu falta izugarria iruditzen zait euskaraz ez hitz egitea. Etorkinekin ez gara ari gauzak ongi egiten eta hori instituzioetatik bideratu beharko lukete; integrazio horretan euskara beharrezkoa dutela sentiarazi behar zaie.

Euskararekin hartuta duzun konpromiso horretan zein da hurrengo helburua?

Nire ustez, pausorik handiena eman dut. Urtebetean euskaraz ikasteko konpromisoa hartu nuen eta gutxi gorabehera bete dut. Hemendik aurrera ere bide horretatik jarraitu nahi dut, eta gero eta erdara gutxiago erabiltzea da helburua. Hori bai, hika pixkanaka erabiltzen ikasi nahiko nuke, ze Azpeitian...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak