Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Otsaila »  Guardia zibilen itzalpean

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Guardia zibilen itzalpean

Miren Garate

Urteak dira Guardia Zibilak herrian egoitzarik ez duela; hala ere, hainbat azpeitiarrek gogoan dituzte bertan bizitako bizipenak. Eraikina botatzera doaz

Joxe Aranburu 'Txata'.  (Ihintza Agirretxe)
Ramon Goenaga.  (Ihintza Agirretxe)
Asensio Zubillaga.  (Ihintza Agirretxe)
Ińaki Alkorta 'Kontras'.  (Ihintza Agirretxe)

Arte eta Diseinua eskola, Argazki Elkartea edota Uztarriaren egoitza izan da azken urteotan. Hala ere, oraindik, Guardia Zibilaren kuartel zaharrarekin lotzen dute herritarrek eraikina. Izan ere, 40 urte pasan egon ziren bertan, 1935etik 1980 ingurura.

Altzari fabrika egiteko asmoarekin egindako eraikina zen, baina laster joan ziren hankaz gora asmo haiek. Hala, 1935ean subastatu ziren kuartel zaharreko obrak. Ignazio Urangaren proiektua aukeratu zuten. 19.549 pezetako aurrekontua zuen eta hainbat baldintza hartu behar izan zituen kontuan. Besteak beste, guardia zibilen etxeak bi solairu, sarrera eta ateentzat sala bat, armentzat beste bat... izan behar zituen.

Makina bat azpeitiar egon zen bertan atxilotua. Eraikina laster bota egingo dute, eta herritarren bizipenak jasotzeko unea da.

“Kuartela bota eta bakea izango da herrian”

Joxe Aranburu kuartelean atxilotua egondakoa

Guardia Zibilaren kuartelean “paliza ederrak” hartutakoa da Joxe Aranburu Txata. “Bi aldiz eraman ninduten kuartelera. Lehenengoan, Landetako dozena bat lagunekin; arrazoia zein izan zen ere ez dakit, pentsa”, dio. Handik hilabete gutxira eraman zuten bigarrengoz, beste lagun batekin batera. Duela 40 urte inguru izan zen hori, baina, hala ere, ondo gogoan ditu han bizi izandakoak, batez ere, bigarren aldi hartakoak.

“Izarraitz azpian tentsio handiko kableak daude eta erdi-erdian ikurrin bat agertu zen. Antza, ikurrin hura guk jarri genuela pentsatu zuten, eta horregatik etorri ziren gure bila”, dio. Etxera joan zitzaien Guardia Zibila eta kuartelera eraman. “Nik garai hartan Martxialenean egiten nuen lan, garabi baten, eta ordubietan sartzen nintzen; horregatik, Guardia Zibilaren despiste bat aprobetxatu eta lasterka alde egin nuen lanera”. Lanera joan eta ordubete pasatzerako etorri zitzaion lantokiko pertsonal-burua, bi guardia zibil zain zituela harreran eta jaisteko garabitik esanez. Txatak, ordea, ezetz. “Nik, ez nintzela jaitsiko esan nion eta orduan guardia zibilak beraiek sartu ziren barrura; beharko jaitsi, pistolak atera zizkidatelako!”. Jaitsi bezain pronto, eskuburdinak jarri eta kuartelera eraman zuten. Baina ohi baino bide luzeagoa egin behar izan zuen hara iristeko: “Martxialenetik hasi eta Zelai Luzen gora, anbulategi paretik eraman ninduten, herritar guztiei nola neramaten erakustearren”. Hurrengo orduak ere ez ziren gozoak izan Txatarentzat. “Sekulako pasada eman zidaten, batez ere zapladak, haiei ez niela barrerik egingo esaten zidaten. Aupegia guztiz handituta alde egin nuen handik”. 22:00ak aldera utzi zioten ateratzen eta, harrezkeroztik, han ingurutik pasatzen den bakoitzean gogoratzen ditu une haiek.

Guardia zibilek herritik alde egin zutenean sekulako poza hartu zuela esaten du, eta haiek erabilitako eraikina botatzeak ere ilusioa egiten diola: “Kuartela, bota eta bakea”.

“Etxe hori gure amarentzat negar egiteko arrazoia zen”

Ramon Goenaga kuartelean atxilotua egondakoa

Guardia Zibilaren kuartela izandakoa Ramon Goenagaren aitonak egin zuen, beste bazkide batekin batera, altzari tailer bat jartzeko asmoz. Baina, bukatu eta gutxira, Espainiako Gerra Zibila etorri zen (1936), eta udal frankistak kendu egin zion lantokia Goenaga sendiari eta beste bazkideari, “abertzaleak” izateagatik. Ondoren, Guardia Zibilari saldu zioten eraikina, bertan kuartela jartzeko. Baita jarri ere. Aitonaren ilusio guztiak zapuztu zituen erabaki hark. Eta, aitona bezalaxe, biloba Ramon ere gorriak ikusitakoa da eraikin hartan bertan.

Hainbat aldiz eraman zuten kuartelera guardia zibilek. Baina bada aldi bat inoiz ahaztuko ez duena. “Behin, galdeketa egiten ari zitzaizkidala, nire arreba ikusi nuen kuarteleko leihotik. Trenetik zetorren, Donostiara joan zelako bere ezkontza eguneko jantzia hartzera. Nik barruan eduki nituen sentimenduen koloreak deskribatzerik ez dago. Handik hiru egunera ezkondu behar zuen eta gurasoen zilarrezko ezteiak ere orduantxe ziren. Ni ezkontza aurreko egunean sartu ninduten kartzelara”, gogoratzen du Goenagak.

Frankismoko azkeneko urteak ziren, tentsio handiko garaiak. “Edozeini edozer akusazio egiten zitzaion; hango buruak espediente bat bete behar izaten zuen eta askotan ez genuen jakiten zergatik eraman gintuzten ere”.

Lauzpabost aldiz gehiagotan ere eraman zuten Goenaga kuartelera. “Behin goizeko ordubiak aldera etorri ziren lau guardia zibil beste lau txakurrekin. Gainera, horietako bat Pepe Hijo Puta izenaz ezagutzen genuena zen, herri guztiak ezagutzen zuen kuarteleko okerrena izateagatik. Etxekoentzat eta norberarentzat oso esperientzia gogorrak izaten dira horrelakoak”. Eta behin, kuartelera eramandakoan ere, egoera ez zen askoz samurragoa izaten. “Han barruan ez zen egoten ez hanka eta ez buru. Egun hartan zuten umorearen araberakoa izaten zen guardia zibilaren tratua; normalean, txarra. Ni neu ere ederrak hartutakoa naiz”, esaten du.

Kuartel zaharreko eraikina bota egingo dutela jakiteak sentimendu kontrajarriak sortzen dizkio Ramon Goenagari. Izan ere, aitonak lantoki hark aurrera egitearren egindako lan guztia pikutara joango da eraikinarekin batera; baina, era berean, “familiarentzat hainbesteko sufrimendua eta negar” ekarri duen eraikina eraisteak “poz” ematen dio. “Orokorrean poz handia ematen dit bota egin behar dutela jakiteak, bai niregatik eta baita ama zenaren oroimenagatik ere. Etxe hori amarentzat, negar egiteko arrazoia izan da. Aitonaz ere oroitzen naiz, eta hark tailer horretan izango zuen ilusioaz”.

“Salaketa bat nahikoa izaten zen bertara eramateko”

Asensio Zubillaga kuartelean atxilotua egondakoa

*Que feliz que seremos los dos; sin aceite, ni azucar, ni arroz; pasaremos más hambre que nunca; por culpa del seńor gobernador. Kanta hori abestea izan zen Asensio Zubillaga lehen aldiz kuartelera eramatearen arrazoia. Espainiako Gerra Zibila pasatu berria zegoen eta errazionamendua zegoen ezarrita. Gabonak iristen zirenean, ordea, ohiko kopurua bikoiztu egiten zuten. Baina urte batean, Comisario de Orden y Transportes*-ek kopuru bikoitz hori ematea ezinezkoa izango zela jakinarazi zuen.

Marrazketa eskolan ikasten zuen Zubillagak eta albiste hura jakitean kanta hura abesten hasi ziren denak. “Niri 80 gramo ogi ematen zizkidaten egunean, ileapaindegia nuenez ez bainuen tailerrean lan egiten (tailerrean zebiltzanei 160 gramo ematen zizkioten); nik, ordea, 08:10erako jaten nuen hura eta gero izugarrizko gosea pasatzen nuen egun osoan”. Hala, alkateak kanta haren berri izan zuen eta Zubillagari berehala joan zitzaion Guardia Zibila etxera, kuartelera joateko aginduz. “Orduan, salaketa bat nahikoa izaten zen norbait kuartelera eramateko”, kontatzen du. Hara joan eta komandante buruak ea zergatik abesten zuen hori galdetu zion, haserre. “Nik gose nintzela erantzun nion eta orduan, berriro horrelako zerbait egiten banuen, kartzelara eramango nindutela esan zidaten”, gogoratzen du Zubillagak.

Beste behin, berriz, udaletxe aurrean Hie Laborait Quinolum Laborare jarri zuen; hau da, ‘hor lan egin nahi ez dutenek egiten dute lan’ jarri zuen. Alkateak ez zuen ulertzen latina, baina apaizen bati esan zion itzultzeko, eta Zubillagari berriro joan zitzaion Guardia Zibila etxera bila. Kuartelera eraman eta galdera sorta bat egin ostean, kalera bidali zuten, baina beste zerbait eginez gero kartzelara sartuko zutela esanez.

Ez zuten berriro eraman, baina guardia zibilekin beste pasadizo batzuk ere izan zituen. Izan ere, eskolatik ere bidali zuten Zubillaga, Pelayoen txapel gorria janzten ez zuelako. “Aita errepublikarra zen eta guk ez genuen txapela janzten; horregatik, Maristen eskolatik bidali egin gintuzten”. Bestetik, handik urte batzuetara armategia jarri zuen eta ordutik urtero joan behar izaten zuen, legeak hala agintzen zuelako.

“Azpeitiko kuartelean ez zen egur handirik egoten”

**Ińaki Alkorta** kuartelean atxilotua egondakoa

Kuartelari dagokionean, bi aldi bereizten ditu Ińaki Alkorta Kontras-ek: Posada Informazio sarjentua etorri aurrekoa eta ondorengoa. Lehenengoan, guardia zibilak “beldurra sartzera” mugatzen zirela dio, eta, Posadaren garaietan, berriz, egoera “askoz gogorragoa” zela.

Sarri eraman zuten Kontras kuartelera. “Aberri hurrengo egunean jakinekoa izaten zen kuartelera eramango gintuztela, errutina bilakatu zen hura, jendea beldurtzearren”. Kuartelean galdeketa egiten zieten eta hara emandakoak “psikologikoki nahasten” saiatzen ziren. “Galdera ugari egiten ziguten, eta galdera batzuk errepikatu egiten zituzten, guk erantzun ezberdinak ematearren; hala ere, goizean emanez gero, gauerako etxean izaten ginen normalean”. Kontrasen iritziz, garai hartan Guardia Zibilak ez zuen egoera hain kontrolatuta. “Nik Beti Alain egiten nuen lan eta hara joaten ziren nire bila. Amak zein ordutan joan ziren esaten zidan; hurrengo egunean, nik, ordu hartan mandatu bat egitera joan nintzela esaten nien; atentaturen bat-edo egonez gero, orduan zuhurrago jokatzen zuten”. Baina Posada etorri zenean, 1973 inguruan, gauzak gogortu egin ziren. “Hark egoera gehiago kontrolatzen zuen eta errespetu handia jarri zuen herrian”, dio. Gainera, kuarteletik jendea Donostiako komandantziara eramaten hasi ziren, eta han “egoera latza” izaten zen.

Ińaki Alkorta ere eraman zuten Donostiara, eta Azpeitikoaren aldean “tratu gogorra” jaso zuen han. “Azpeitiko kuartelean ez zen egur handirik egoten eta Donostian sekulako beldurra pasatu nuen; Gipuzkoa osoko ehun lagunetik gora eraman gintuzten eta sarraskiren bat gertatzeko ez zen asko falta”, dio. Hala ere, Azpeitiko kuartelean ere “torturak” jasotakoa da. “Gogoratzen dut behin lehen pisura igo eta ur hotza bota zigutela, guztiz busti arte; ondoren, ateak zabaldu zituzten, gu korrontean egotearren. Beste batzuetan, berriz, korroan jartzen ziren guardia zibil guztiak, eta gu erdian sartzen gintuzten; horrela, ostikada eta bultzadekin guardia zibil batetik bestera ibiltzen gintuzten”.

Kuartel zaharra botatzeak ez dio iraganean pasatutakoa ahaztuaraziko Ińaki Alkortari. “Niri oraindik errespetua sortzen dit guardia zibilak kotxean pasatzen ikusteak. Hala ere, kuartel zaharra dagoeneko ez dut kuartel moduan ikusten eta, egia esan, berdin dit bota edo ez”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak