Eta beste
Tratu txarrak
Kepa Susperregi
Artikulua prestatzekotan nintzela jaso dut etxean Uxoa, Emakume Kristauaren Zentroak bidalitako adierazpena: “Emakumeari etxean egiten zaion indarkeria, bidegabekeria eta gaitz moral larria”.
Hau diote, besteak beste: “Etxeko indarkeriak gainezka egin digu.
Bidegabekeria hau zuzentzeko beharrezkoa dugu auzi hau gizartean sakon aztertzea eta bere arrazoiak, prebentzio eta konponbide neurriak zeintzuk izan daitezkeen eztabaidatzea. Arazoaren larritasuna zorrotz aztertu beharra dago”.
Fenomeno hori beste era batera hartu beharra dago: tratu txarrak ez dira gertakariak; ez dira halabeharrez gertatzen. Gaixo dagoen gizarte baten seinaletzat hartu beharra dago. Gaitzaren aurrean ezin gara begira geratu. Gaur ere, gizarteak sarritan zuritzen du emakumeen diskriminazioa, era sotilean burutzen den bereizkeria, eta emakumearen irudia itxuragabetzen duten manipulazioak ahalbideratzen ditu.
Elizak egin beharrekoak, berriz, hauek. Ebanjelioak utzi dio gizadiari ondare bat: emakumea eta gizona duintasun berezkoak direla. Hori gero eta gehiago barneratu behar du Elizak bere baitan eta gizartean zabaldu. Funtsezkoa da sentimenduen heziketa sano, gizatzaile eta askatzailea, maitasunaren jakituria du Elizak giza-harremanetan indarkeriara jotzerik ez dagoela erakusteko. Garrantzizkoa da biktimari entzutea eta gizonaren tratu txarrak egiten dion kaltea aitortzea. Erabakigarria da ahotsa altxatzea... Emakumearen aurkako etxeko indarkeria bekatu larria da oso, norbanakoarena, gizartearena. Premiazkoa da eliz-elkarteak eragileago izatea etxeko indarkeriari aurre egitean. Beharrezkoa da teologiaren berrirakurketa egitea, Jainkoaren begietara gizona eta emakumea duintasunez berdinak direla aitortuz.
|