Bat hirutara
Urrutiko intxaurrak hamalau...
Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin
Gazteen artean arazorik nagusietakoa da etxebizitza. Garestiegi daude. Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzinek gai hori izan dute orain hizpide: bat Azkoitira doala bizitzera, besteak ezin duela ezer egin...
Mikel. Haizkurgi, noiz egin behar digu hostokoa Azkoitia alde horretan erosi berri duan etxea estreinatzeko?
Haizkurgi. Zuek jarri eguna eta ordua. Hori bai, Lasantas luzearen kontu txanpaina. Gauzak nola dauden ikusita, ospatzeko modukoa duk etxe bat erosteko aukera izatea. Pena bakarra diat orain, ordea: nire seme-alabak xanoak jaioko direla...
Xabier. Ez duk egoera ederra, egia esan, baina hire hankagorrixek sikiera, behebarru bat izango ditek jolasean aritzeko. Nire egoera okerragoa duk, moteil!: 30 urte urruti ez eta gurasoen etxean apopilo oraindik ere. Gogoan diat nola gure alkate jaunak, kargua hartu bezain pronto, esan zuena: bere legealdia, babestutako etxebizitzen legealdia izango zela. Bera karguan dela, hirugarren urtea betetzera goazak eta antzu jarraitzen diagu oraindik ere.
Mikel. Ez urduri jarri, Xabier! Loiolako etorbideak banatzen dituen lur sailetan berehala aurkituko duk-eta horrenbeste desiratzen duan oasis hori.
Xabier. Aipatu berri duan inguruak, oasis-a baino gehiago, herriko ‘estolda’ gehiago zirudik. Batzuen alderdikeriak eta besteen enpresa interesek elkarren kontra talka egiten dutenean dirua dela medio, herriko gazteak izango gaituk, beti bezala, hautsitako plater guztiak ordainduko ditugunak. Zenbagarren legealdirako babes ofizialeko etxebizitzak?
Haizkurgi. Zergatik egoten dituk betieraikigarri diren edota eraikigarri egingo dituzten lur-sailak jabego pribatu boteretsuen esku? Baduk garaia Udalak bere politika aldatzeko. Hasteko, eraikitzeko aproposak diren lur sailak erosiz. Gero, lurrotan eraiki ahal izateko, inongo bitartekariren menpekotasunik gabe eta espekulazio iturri oro saihestuta. Nik dakidala, hau ez duk Chicago, ezta 30. hamarkada ere.
Mikel. Denok ezagun diagu Azpeitian bizi kalitate handia daukagula. Egia duk babes ofizialeko etxerik ez dela egin aspalditxoan, baina azken urteotan egin diren etxebizitza libre guztiak ziztu bizian saldu dituk, nahiz eta gehienak oso garestiak izan. Zer nahi duzue egoera honen aurrean egitea?
Xabier. Azpeitian, nik dakidala, ez duk inoiz babes ofizialeko etxebizitzarik eraiki: libreak, aldiz, zientoka. Gainera, entzuna diat eraikitzen den etxebizitzen %20 inguruk babestutakoa izan behar duela. Beharbada, lege hori atera zutenean, Azpeitiko Udaleko faxa matxuratuta egongo zuan, eta hori izango duk Azpeitian babes ofizialeko etxebizitzirik ez eraikitzearen arrazoia...
Haizkurgi. Laino batean bizi haizeala zirudik, Mikel! Egia duk Azpeitian egin diren etxe ponpoxo eta garesti guztiak berehala saldu direla, baina galdetu al diok heure buruari nork eta nola erosi dituen? Dirua duen jende askok, bigarren etxebizitza bezala erosi ditik eta beste gazte asko, berriz, bizitza osoa banketxeekin egindako zorrak ordaintzera kondenatuta gelditu dituk, ekonomiaren gorabeheren beldurrez gainera. Nik nahiago izan diat zor gutxiago egin eta
Azkoitia aldera joan etxea erosi eta bizitzera, nahiz eta bertan ‘zoratzeko’ arriskua izan.
Xabier. Azkoitiarrak xanoak direla esan ohi duk, baina aitortu beharrean gaudek haien agintariek sustatutako etxebizitza politika, guztiz biribila izan dela gure herrian egin denarekin alderatuta. Ondo zagok herria txukun mantentzea, edota biribilgune ikusgarriz hornitzea, baina aurretik garbi izanda zeintzuk diren lehentasunak... Azpeitiko gazteen etorkizuna eta, horrenbestez, herriarena, bermatuko bada, ezinbestekoa duk gu guztiok etxebizitza duin bat izateko dugun eskubidea errespetatzea. Zuriak, beltzak, ezkerrean zein eskuinean, babes ofizialeko etxeak orain!
|