Libre
Aitorlekua
Xabi Borda
Lehenengo artikulu hartan, txoko honi pulpito itxura hartzen niola esan nuen. Bada oraingoan, aitorleku bihurtu nahi dut. Konfesionario. Egin eta egin ez ditudanak kontatu nahi dizkizuet, premia larria sentitzen baitut horretarako.
Zer naizen ez badakit ere, gaizkile handi edo txiki, errugabe ez naizela behintzat, argi utzi nahiko nuke. Inork halakorik pentsatu baino lehenago, neuk esango dut ezetz, ez naizela mutil zintzo eta jatorra. Nire bekatuak, nire krimenak, zein diren jende guztiari azalduta lasaiago ibiliko naiz kalean. Baina ez pentsa bihotz zimiko batek bultzatu nauela honetara. Oso bestelakoa da kontua.
Nik, Xabi Borda Alberdik, aitortzen dut ez naizela beti bide zuzenetik ibili. Aitortzen dut, nik bota nituela zuen lantegiko leihoetara harriak, besterik gabe kristalak apurtzen entzuteko. Ni saiatu nintzen gure herria (eta ingurukoak) argirik gabe uzten; nork ez ditu gabonak gorrotatzen? Nik markatu nituen zuen autoak, inbidiaz. Nik lapurtu nizkizuen bizikletak, telefonoak... Nik moztu nituen
anplifikagailuaren kableak; ezin dut trikitixa jasan. Aitortzen dut aita sainduaz eta enparauez trufatu naizela (behin eta berriz). Pentsa daitezkeen guztiak (eta gehiago!) pentsatu ditudala zen-
baiten amez. Eta, azkenik, aitortzen dut barre egin dudala zuen denon lepotik; barre eta barre eta barre.
Baina ez dut barkamenik nahi, ez indultu, ez errukirik. Azken aste hauetako larritasunarekin amaitu behar nuen, besterik ez. Izan ere, beldurrak janda nengoen: norbait etor zitekeen etxera, nire ustezko errugabetasuna frogatu arte kartzelan itxaron beharko nuela esanez. Inork horrelako asmoak balitu, gera bedi bere etxean;
ez naiz errugabe, aitortu dut. Orain, lasai egingo dut lo.
Errugabe bat. Aurrekoan askatu zuten A. Ongietorri bat egin genion: besarkadak, musuak eta begi bizi-biziak. Indartsu irten zen laguna, sasoiko. Oilo-ipurdia egin zitzaidan, halako korapilo bat eztarrian. Zer esan, hitzak ahoan pilatzen badira?
Bere etorkizunak hartutako kolore berriak, gureak argitu zituen. Azkenean, itxaropena bazen zerbait: benetako ilusio bat. Burua lausotuta ez geunden hausnarketarako, pozak gainezka egin zigun. Nahikoa zen momentuarekin, ez genuen beste ezer behar.
Duela hiru urte sartu ziren gizon batzuk A.ren etxera, burua estalita eta armak eskuetan. Norbaitek haren errugabetasuna zalantzan ipini
omen zuen, eta eurekin eraman zuten. Epaiketa egin bitartean, itxaron egin beharko zuen. Kartzelan.
Eta horrela eman zuen esperoan ordu bat, gero beste bat... Eta munduak bira bat, eta gero beste bi. Epaiketa egin bitartean preso. Hiru urtez! Sumindu egiten naiz, gazte batek denbora horretan egin ditzakeen gauza guztiez pentsatzean. Nola eduki dezakete inor hiru urtez kartzelan zain, badaezpada? Zerk ahalbidetzen du hori?
Itxarondako eguna. Egun triste bat, euria ari du. Nekatuta iritsi naiz etxera iluntzean. Irratia piztu dut, berriak. Egin dute epaiketa, azkenean. Belarria irratira itsatsi zait: A. errugabe izendatu dute. Bibak eta gorak! Libre da gure laguna.
Aste batzuk igaro ondoren, ordea, buru lausotua apur bat argitu zait. Pozak, amorruari egin dio tarte. Galdera bat kaskezurrean kolpeka: nola itzultzen zaizkio gazte bati itxaroten emandako orduak? Nahikoa al litzateke karneteko jaiotze data apur bat mugitzea? Egia esan, badute horretarako ahalmena. Baina...
Gerora, beste kezka batzuk; urduritasun berri bat zainetan. Lasai bizi al daiteke errugabe bat, egunotan errugabetasuna frogatu beharreko zerbait denean? Eta frogatu bitartean kartzelan itxaron behar bada, adibidez hiru urte? Ezezkoan nago. Hortik nire hautua: deklara dezadan azkar neure burua errudun, inork nire errugabetasunaz duda egin baino lehenago.
Beraz, esan dizuet, ni ez naiz errugabe. Inork kondenatu behar banau, kondena nazala egindakoengatik. Nik ez dut kartzelara joan nahi, ez errugabe izan naitekeelako, behintzat.
|