Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Otsaila »  Iritzia »  Sustantziadorea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Sustantziadorea

Koldo Aldadur

Deskuido batean bizitza honen bukaeran dena delakoak, edo delakoek, emandako aukeraren truke curriculuma eskatuz gero, lanbidearen ataltxoan sustantziadorea izan naizela jartzea gustatuko litzaidake. Sustantziadorea, garai batean existitzen zen ofizio zahar eta polit hartan jardun naizela jarriko nuke gustura, hain zuzen.

Irudika dezagun gure herria duela 50 edo 60 urte. Igande goiza eta gosea, hotza bezalaxe, hezurretaraino sartuta. Eguerdi partean emakumeek –beti emakumeek– jarri dute eltzean ura irakitan, bertan barazkiren batzuk egosteko asmotan. Denak zain, igandeari bere izaera berezia emango dion sustantziadorearen zain hain zuzen, eta, halako batean, kale ertzetik, han azaldu da gure gizona bi eskuen artean hain preziatua den oiloa duela. Eta hasi da igandero herrian izaten den festa.

Oilo jabearekin tratua ez da erraza izaten, hark oso garbi duelako berak agintzen duela egoera horretan. Etxez etxe pasatuko da eta txakur txiki baten truke hamar segundoz mantenduko du oiloa uretan buruz behera sartuta. Txakur handi baten ordainetan, berriz, minutu erdia izango du barruan. Bat, bi, hiru...

Une Erabakigarria. Heldu da sustantziadoreak abildadea erakusteko momentua: gure gizonak oiloa uretan sartu bezain pronto, bere gustuku duen hizketagaia ateratzen saiatu da. Etxeko andrearekin hitz egiteari gustua hartu dio, oiloarekin ahaztu da eta hamar segundotako sustantzia eman beharrean ea luzexeago aritzen den, eta, ondorioz, daukan beroaren beroarekin beratu den hegaztiak mami zatiren bat askatzen duen eltzearen barrura.

Kontaketarako trebeziarik ez duenak salda urtsua izango du platerean. Berriketari trebeak, berriz, igandeko bataila txikia irabazteaz gain, salda sendoxeagoa izango du.

Sustantziadorearena benetan lanbide bat izan zen duela hainbat urte gure herrian, eta nik abantaila ugari topatzen diot lanbide horri: aste guztiko berriak jakiteko bide zuzena zen, jendea ezagutzeko modu bikaina ere bai, eta ondo mehetuta baina azkenean oiloa zeurea da. Horretaz gain, hainbeste atsekabetzen eta haserretzen gaituen papeleorik egin beharrik ez du eskatzen lanbide zahar horrek.

Kontu kontari. Baina benetan gustuko dudana, lehengo kontu zaharrak aurreko belaunaldian ahotik ezagutzea da. Ondo, astiro eta goxo kontatutakoak. Eseri lasai udaletxeko arkupeetako banku luzean eta neguko eguzki epeletan denborak goxatutako antzinako gertaerak gogoratzea gustuko dut. Zaharrak badoaz, eta Abitainera eramango dituzte umorez edo maliziaz, tristuraz edo alaitasunez bustitako pasadizoak, eta guk galdu egingo ditugu. Entzuteko ahalmena erabat galdu dugulako seguruenik. Norbait zerbait kontatzen hasi orduko handik nola alde egin pentsatzen hasten baikara sarritan.

Gure herrian berriketarako trebezia ikaragarria daukan biztanle ugari dago eta mila pasadizo elkarri pasatzeko. Niri berdin zait gezurraren sutan goxatutakoak diren ala ez. Berdin lehen ere entzunak ditudan ala berri-berriak diren, atzokoak edo duela ehun urtekoak diren... Nik gustura asko entzungo ditut.

“...gaualdea zen eta etxera nindoala han sentitu nuen Agustin kale aldera zihoala. Harrituta galdetu nion:

–Zer, ordu honetan kalera ala? Zer duzu, insomioa edo?

–Insomioa ez, ehun duro ditut poltsikoan gordeta...”.

Egia esango dizuet, nahiago dut horrelako sustantzia handirik gabeko gertaera bat, gaur eguerdiko albistegietako edozein notizia garrantzitsu bezain negargarri baino.

Hitzarekin oheratzeko garaia da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak