Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urtarrila » 

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Iñaki Segurola 'Orotariko Euskal Hiztegia'-ko lan taldekoa

"Hiztegiarekin kasualitatez hasi nintzen lanean"

Ihintza Agirretxe

  (Ihintza Agirretxe)
  (Ihintza Agirretxe)

.21 urte eta gero bukatu dute Orotariko Euskal Hiztegia. 21 urte horietan Iñaki Segurola azpeitiar filologo, idazle eta euskaltzain urgazleak zeregin horretan jardun du. Behin lan hori bukatuta, Uztarriak Segurolarekin hitz egiteko parada izan du.

Nolatan hasi zinen 'Orotariko Euskal Hiztegia'-rekin lanean?

Kasualitatez sartu nintzen. Nik 1984an bukatu nituen ikasketak eta orduan jarri zen martxan proiektu hau, Koldo Mitxelena, unibertsitateko eta Jaurlaritzako zenbait jenderen artetik. Nik orduantxe ikasketak bukatuta nituen eta unibertsitatean Mitxelena eta Ibon Sarasola izan nituen irakasle. Urte hartan ikasketak bukatutako bi lagun hasi ginen lan honetan.

Nolakoa izan da lan dinamika?

Normalean ezagutzen diren hiztegiekin ez du zerikusirik hiztegi honek; hemen hitz bakoitza historian nola ibili izan den azaltzen da, testuen bidez. XVI. mendetik XIX.a arte hitz bat nola, non eta zeinek erabili izan duen azaltzen da. Hasieran testu ugari ordenagailuan sartu behar izan genituen. Orain 21 urte testuak ordenagailura eskuz sartzen ziren; ez zegoen scanner-ik eta dena eskuz pasatu behar izan genuen. Hasierako bi urteetan ‘txinoen’ lana egin behar izan genuen. Hori eginda gero, guk material horien historia genuen eta hortik hasi ginen lanean.

Lan honetan zer ikasi duzu?

Ni unibertsitatetik, beste guztiak bezala, gauza batzuk ikasita irten nintzen; eskeleto edo base bat ikasita irteten duzu. Gero horrelako proiektu batean sartzen zarenean, ohartzen zara laurdenaren laurdenik ere ez dakizula. Orduan testu pilo bat irakurri eta ikasten hasten edo jarraitzen duzu. Guk zortea izan genuen Koldo Mitxelenarekin jarduteko aukera izan genuelako. Nik unibertsitatean, besteak beste, Mitxelena izan nuen irakasle. Sarasolak esan ohi du Mitxelena lan honen arkitektoa izan zela, berak aparejadore lana egin duela, eta guk hark erakutsitako bidea osatu dugula.

Mitxelena eta Sarasolaren lan metodoek aldaketarik izan al zuten?

Mitxelena lege zaharreko pertsona zen; katedratikoa, asko zekiena. Baina epeak, denbora... Hark ez zuen horrelakoetan pentsatzen. Sarasolak, berriz, injeniari mentalitatearekin egiten du lan. Mitxelenak edozein detaile txikirekin bi egun pasa zitzakeen. Niri, dudarik gabe, Mitxelena askoz gehiago gustatzen zitzaidan. Produktibismoaren eta filologi industrialetatik kanpo bizi zen hura eta hori askoz atseginagoa da, baina beti bezala diruak, epeek... agintzen dute.

Hasiera batean bost urtean zortzi liburuki egiteko asmoa zegoen. Azkenean 21 urte eta hamasei liburuki izan dira. Pentsatu baino aberatsagoa al da gure hizkuntza?

Kontua da, jendea pentsatu baino txarragoa eta eskasagoa dela aurreikuspenak egiten. Nik uste hori dela arrazoi nagusia. Lanean hasi nintzenean, Sarasolak niretzat bost urterako lana zuela esan zidan eta 21 urte pasatu ditut. Nik uste bost urtean ez dagoela ezer egiterik. Gero egiteko era ezberdinak daude, eskema modura egiten baduzu egin daiteke bost urtean, baina hitz bat hartu eta hitz horrek historian izan dituen agerraldi guztiak biltzeak lan asko du.

Hiztegiak lau milioi hitz ditu. Zein izan da hitz horiek sartzeko arau edo legea?

Guk ez dugu aukeraketarik egin. Guk harrapatutako dena sartu dugu, ez dago inongo aukeraketarik. Inongo garrantzirik ez duen hitz bat, testu batean bakarrik eta dudakoa bada ere, igual-igual sartu dugu.

'Orotariko Euskal Hiztegia'-ren hasierako helburua garai, toki eta mota guztietako euskal hitz ondarea biltzea zen. Lortu al duzue helburu hori?

Bai eta ez; kontuan izan behar da dena biltzea ezinezkoa dela. Guk historian testuen bidez —testu gehienen bidez– ikusten duguna bildu dugu. Hemen corpus osoa ez dago; XVII. mendeko gehiena egongo da, baina XX. mendeko guztia ezin da bildu. Orduan idatzizko iturrietan islatzen edo azaltzen den hizkuntza horren muina eta dezente gehiago azaltzen da. Baina hori ez da hizkuntza, hori hizkuntzaren eskeletoa-edo da. Gaur egunean, euskaraz esaten dena biltzea ezinezkoa da.

Egindako lanaren emaitzarekin gustura al zaudete?

Orokorrean gustura gaude egindako lanarekin. Lehen bost tomoak eskeleto bat dira eta gauza asko falta dira. Garai hartan menperatzen ez genituen gauza asko zeuden eta denborarekin gauzak gehiago lantzen joan gara (esapide mailak, azpiadierak...) eta gauza horiek falta zaizkie liburuxka horiei. Orain, hasierako bost liburukietan falta den informazioa biltzen ari gara lan taldearen zati bat. Paperean ez da argitaratuko, baina edizio digitalerako osatuko dugu.

.1981eko jardunaldi batzuetan euskal hiztegigintzaren plangintza orokor bat behar zela aipatu zen. Hiztegi "orokor, hiritartu eta espezializatuak" behar zirela esan zen. Hori betetzen ari al da?

Orotariko Euskal Hiztegia oinarrizko azpiegitura bat izango litzateke, bai lan linguistikoetarako eta baita beste hiztegiak egiterako orduan ere. Gaur egun Elhuyar hiztegia da erabiliena, nahiz eta orain lehia gogorra egingo dion Ibon Sarasolak ateratako Zehazki hiztegiak. Horien oinarrian Orotariko Hiztegia dago, eta beste hainbat gauza; hiztegi komertzialak egiteko balioko du. Gero Euskaltzaindiak Hiztegi Batua-ren presta-lan bezalako bat egiteko asmoa badu, euskara-euskara ateratzeko; hori Euskaltzaindiaren hiztegi ofiziala izango da. Nik uste proiektu horiek daudela, oraingoz, eta orduan aipatutako helburu horiek ari dira pixkanaka lortzen.

Orotariko Euskal Hiztegia nori zuzendurik dago? Izan ere, betidanik egin izan zaion kritika da, nahiz eta euskal hiztegia izan, hitzen definizioak gazteleraz eta frantsesez daudela.

Hori horrela izatearen arrazoia praktikoa da. Orain 21 urte Mitxelenak eta Sarasolak hitzen definizioak erdaraz ematea erabaki zutela da. 21 urte pasatu baditugu horrela egiten, euskaraz egitea otu bazitzaien orain 21 urte, gauzak nola zeuden kontuan hartuta, oraindik eta lan handiagoa eskatuko zuen. Eta, bestetik, Mitxelenak beti izaten zuen kontuan nazioarteko mundu hori, kanpoko ‘euskalari’ horiei begira ere izaten zen. Sarasolak noiz edo noiz esan izan du proiektu hau berriro planteatu beharko balitzateke, orduan baino zalantza gehiagorekin baina berriro horrela egingo lukeela. Nik ez. Gaur egunean gauzak eginago eta errazago daude, eta nik uste dut egin daitekeela euskaraz.

Askotan esan izan da oraindik orain menpekotasuna dugula geure hizkuntza geure baliabideen bidez ulertzeko...

Gaur egun ez, baina orain 21 urte bai. Garai hartan hiztegi mailan ere Kintanaren hiztegia bakarrik izango zen, gero Elhuyar izan dena orduan Kintanaren hiztegia izan zen. Nik uste zailtasun teknikoak eta Mitxelenak izan zuen kanpora begirako zera horrek markatu duela hiztegiaren ibilbidea.

Behin eta berriro aipatu duzue lan deskriptiboa dela eta ez normatiboa.

Horrek dagoena nola erabili izan den zehazten dela esan nahi du. Baina ez du araurik ematen. Dagoena agertzen du hiztegi honek.

Alde txarrak eta onak izango ditu horrelako hiztegi batek.

Ni naizen bezalakoa izanda, dena ona du hiztegi honek. Honek dagoena nola erabili den azaltzen du eta ez du ezer arautzen, ez du ezer ezartzen. Guk abantaila bat ere badugu: nik hamasei liburuki horiek guztiak irakurri ditut. Nik, gainera, bigarren liburukitik zuzenketak egin izan ditut, Mitxelena hil zenetik. Hau da, jendeak erredakzio lana egin du eta ondoren Sarasolak eta nik zuzendu eta gainbegiratu ditugu; beraz, hemen agertzen diren hitz guztiak senidetuta ditugu. Hortaz, niri hau komeni zait eta, gainera, badakit nola ibili behar dudan. Hiztegi hau, linguistika eta filologiaz dakitenek erabiltzeko hiztegi bat da. Hala ere, pare batek esan didate hiztegia nobela bat balitz bezala irakurtzen dutela.

Azkar-azkar

Hizkuntza. Ondoen umeek ikasten dutena.
Euskara. Izan nintzen umeak ikasitako hizkuntza.
Hitza. Hizkuntzaren hezur eta gezurra.
Ibon Sarasola. Euskal Filologian injeniari mentalitatea ezarri zuena.
Koldo Mitxelena. Maisua.
Orotariko Euskal Hiztegia. Bide luze eta zail bat.
Euskaltzaindia. Akademia bat, baina ni ez naiz akademia zalea.
Hiztegiak. Jendeak derrigorrez zabaltzen dituen liburuak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak