Gaztaina makina historikoa
Ihintza Agirretxe
Euskal Herriko gaztainak erretzeko makinarik zaharrena edo zaharrenetarikoa dago herrian
|
|
(Ihintza Agirretxe)
|
|
Negua, Gabonak, hotza, elurra, euria, sua... ez da, ez, panorama txarra gaztaina erreak jateko. Herrian bada horiek erretzeko makina berezi eta historiko bat. Euskal Herriko gaztaina makina zaharrenetarikoa da.
Orain 25 bat urte Santa Luzi egun batez erosi zuten makina hiru azpeitiarrek; Koldo Aldalurren, haren anaiaren eta lagun baten artean erosi zuten. "Zumarragako feriatik bueltan gentozela ateak irekita zituen lokal batean ikusi genuen. Gustatu egin zitzaigun, sartu eta hiruron artean erosi genuen", gogoratzen du Koldo Aldalurrek.
Ondoren, Azpeitiko plazan gaztainak saltzen hamar urtean ibili ziren. "Guk Eperraneko Joxe Antoniorekin tratu bat egin genuen. Guk gaztainei gatza botatzen genien, eta horren trukean Eperranekoak guri edaria ematen ziguten debalde", dio. Lan ederra omen da herriko errealitatea ezagutzeko.
Baina nola ote dakite makina Euskal Herriko zaharrenetarikoa dela? "Behin plazan geundela gizon bat hurbildu zitzaigun eta ea makina hori non egindakoa zen galdetu zigun. Guk ez genekiela esan genion. Berak esan zigun bera gasteiztarra zela eta makina ere hango enpresa batean egindakoa zela. Gainera, fabrika hark egindako lehenengo modeloa zela eta Euskal Herrian egongo den zaharrenetarikoa zela. Modelo bereko besteren bat agian, egongo zela, baina ez asko", gogoratzen du. Makinak 85 urte inguru dituela kalkulatzen dute.
Urtean behin. Baina plazan gaztainak erretzeari eta saltzeari utzi zioten, eta orain urtean behin ateratzen dute makina, Damaso Azkue auzoko bizilagunak elkartzeko. "Orain urte batzuetatik, urtero Santo Tomas inguruan Nekane dendakoak gaztainak merke lortzen ditu, guk makina atera eta erre egiten ditugu eta Oilo Soro elkartekoek sagardoa ateratzen dute. Aurten, Gaztetxekoek umeentzat jolasak antolatu zituzten; auzokide berriak dira eta pixkanaka auzora gerturatzen joateko bidea egiten hasi gara".
Enfermero bila. Aurtengoa egun tristea izan zen, ordea. Izan ere, makina puskatu egin zitzaien. "Makina gehiegi berotu genuen eta makinaren barrualdea hondoratu egin zitzaion. Orain konponduko duen ‘artista’ bat behar dugu", adierazi du. Ez du erraza ematen makina konpontzeak, baina norbaiti ideiaren bat etorriko zaiola eta konponduko dutelako ustean daude Koldo Aldalur eta.
"Orain urte batzuk lifting egin genion, Lanbide Hastapenekoen laguntzarekin. Lau hilabete izan genuen ‘ospitalean’, eta haiek esan zigutenez, zazpi kolore kapa zituen. Beraz, guztia lixatu eta mehetu ederra hartu zuen".
|