Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urtarrila »  Kooperatiben zeregina

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Kooperatiben zeregina

Ihintza Agirretxe

Antton Elorza, Maria Angeles Amenabar, Juan Joxe Bikendi eta Juan Luis Uria kooperatibetako ordezkariak, Domusako tailerrean.  (Leire Larrañaga)
Juan Luis Uria Domusako lehendakaria.  (Leire Larrañaga)
Maria Angeles Amenabar Zubiolako kudeatzailea.  (Leire Larrañaga)
Juan Joxe Bikendi Danonako lehendakaria.  (Leire Larrañaga)
Antton Elorza Lan Mobeleko lehendakaria.  (Leire Larrañaga)
Danona Kooperatiba martxan jartzeko paperak egindakoan, kideak Loiolan. 
Danonako sortzaileak kooperatibako paperak egin eta bazkaltzera joan ziren. 

Asko aipatu da MCCk 50 urte bete berri dituela eta. Azpeitian aspaldi sortu zen lehen kooperatiba; Obrera izan zen. Ordutik hainbat sortu dira. Gaur egun kooperatiben ideiak zalantzan jartzen dira askotan. Uztarriak herrian kooperatibek izan duten ibilbidea eta gaur bizi duten egoeraren berri jakin nahi du gertutik; horretarako Juan Luis Uria Domusako lehendakaria, Joxe Luis Bikendi Danonako lehendakaria, Maria Angeles Amenabar Zubiolako kudeatzailea eta Antton Elorza Lan Mobeleko lehendakaria bildu ditu mahai baten bueltan.

Nolakoa zen orain urte batzuk kooperatibismoaren mugimendua herrian?

Joxe Luis Bikendi. Nik gogoratzen dudana zera da: langileen egoera ez zela batere ona eta kooperatibena oso irtenbide ona zela. Aparte, mugimendu politiko handia zegoen orduan herrian, eta gure idealekin bat sozialismoa lortzeko asmoz-edo gazte asko sartu zen mugimendu horretan.

Arrasateko kooperatiben esperientzia ezaguna zen ordurako. Hemen hango eraginik nabaritu al zen?

Bikendi. Nik uste dut ezetz. Beti begiratzen diozu besteen esperientziari, baina nik uste dut norberak bere bidea ireki behar izaten duela, eta hemen ere horrela izan zen.

Maria Angeles Amenabar. Nik uste dut bakoitzak bere berezitasunak dituela, baina, azken batean, ideologikoki-eta Arrasatekoari segitu izan zitzaiola hemen ere. Erreferentzia, baterako edo besterako, beti han egon da.

Juan Luis Uria. Caja Laborala ere hor dago, eta horra ere begiratu beharra zegoen; izan ere, hark laguntzen zuen. Proiekturen bat zuenak, Caja Laboralari aurkeztu behar izaten zion, eta honi bideragarria iruditzen bazitzaion eta onartzen bazuen, *División Empresarial* deitzen delakora pasatzen zinen. Gero iristen ziren laguntzak.

Bikendi. Kooperatiben mugimendua eliza ingurutik edo apaizen bat tartean zela hasi zen. Eta, nik uste, hemen ere egongo zela, eta hori Arrasatetik etorriko zen.

Amenabar. Ni Danona eta Euskaldunaren sorrerarekin gogoratzen naiz, eta ez dut gogoan abaderik ibili zenik. Baina bi enpresa horien sorreran langile mugimendu handia izan zen.

Kooperatibak aztertzen zituztenek diote, hiru motibazio zituztela Arizmendiarrietak-eta: erlijioa, sozialismoa eta herrigintza. Hemen ere horrela izan al zen?

Bikendi. Kontuan hartuta Danonako zaharrek nola bizi zuten bizimodua, nik uste era berean edo antzekoan bizi zela mugimendu hori, eta orduan ideiak ere berak zirela.

Amenabar. Nik uste kooperatiben mugimenduan langile mugimenduko jendea hasi zela mugitzen, eta orduan beste aukerarik ez zegoenez, eliza barruko mugimenduak ere ibili ziren. Garai hartan elizak mugimendu asko babestu zituen.

Antton Elorza. Francoren garai hartan Euskal Herriko mugimendu askok edo gehienek bilatu izan zuten elizaren babesa; ikastolek, kooperatibek... Aukera bakarra edo bakarrenetarikoa hori zen nire ustez, mugimenduak aurrera egin nahi bazuen.

Gaur egun ba al dago alderik kooperatiba baten eta S.L. edo eta S.A. baten artean?

Bikendi. Beti egon diren aldeak daude orain ere. Kooperatiba baten irabaziak edo enpresa kapitalista batek sortzen dituen irabaziak bideratzeko garaian dago alderik handiena.

Uria. Kontuan hartuta kooperatibetan denek dutela zeresana, eta enpresaren gestio planean parte hartu dezaketela. Kooperatiba baten organorik garrantzitsuena batzarra da eta batzarretan pertsona bat boto bat da. Hortik beste organoak sortzen dira. Enpresaren egituraketan parte hartzen dute bertako langileek.

Elorza. Ezberdintasunik handiena parte hartzeko mailan eta moduan dago. Kooperatibetan gauzak erabakitzean-eta zeure eskubideak dituzu. Enpresa kapitalistetan ere zeure erara har dezakezu parte, baina ez da gauza bera. Kooperatibetan lana norberarentzat eta ingurukoentzat egiten da, eta besteetan nagusiarentzat, eta hori lanerako izaten den motibazioan ere oso ezberdina da.

Uria. Enpresetan, hilabetero zure diru saria jasotzen duzu. Guk, ordea, aurrerapen bat jasotzen dugu. Hau da, guk hileko dirusaria aurrerapen gisa jasotzen dugu. Gero, irabaziak badaude, eta bakoitzak egin duen lanaren araberako portzentaia jasotzen du.

Elorza. Irabaziak banatzen diren bezala, zorrak ere banatu egiten dira, ordea. Garai batean irabaziei soilik begiratzen zitzaion, eta kooperatibismoaren alde txarrak ahaztu egiten zitzaizkigun.

Amenabar. Kooperatibek pertsonarengan sinesten dute eta hori da garrantzitsuena nire ustez. Gure kasuan, irabaziak denentzat dira, baina konfiantza ere denengan dago. FQM modeloa eta horrelakoak izatea oso ongi dago, baina pertsonengan ez badago konfiantzarik, alferrikakoak dira gainontzeko gauza guztiak.

Domusa eta Zubiola ez dira euren sorreratik kooperatiba, gero egin ziren. Zein izan zen horretarako arrazoia?

Uria. Orain 26 urte sortu zen Domusa. Gero Teofilo Dominguezek enpresa hartu zuen. 1982an han lanean geunden 11 bat laguni S.L. egitea eskaini ziguten eta horixe egin genuen. 1999 arte S.A. izan ginen. Hasieran, lehen zegoen akzioduna (Teofilo Dominguez) eta beste 13 bat lagun izan ginen, baina 1999an, kooperatiba egin zenean, 80 bat bazkide sartu ziren.

Amenabar. Zubiolak 2006an 40 urte beteko ditu kooperatiba bezala. Lehen bi bazkide zituen: Zubizarreta eta Badiola. Haiek langile mugimendutik oso hurbil ibili ziren, eta horrelaxe egin zen kooperatiba.

Zentzu kooperatiboaren higatzea/gastatzea/urritzea aipatzen da sarri askotan. Krisi moduko bat dagoela ere esaten da kooperatibetako baloreetan.

Bikendi. Nik uste aldaketa bat izan dela gai horretan. Gu hasi ginenean, mugimendu handia zegoen politikan eta orduan gure adineko jende asko sartu zen mugimendu horietan. Ikusita kooperatiben ideiak gureekin bat egiten zuela, kooperatibak ere ondo ikusiak ziren. Gauzak ondo doazenean eta dirua irabazten duzunean, ordea, gauza asko aldatzen dira. Gaur ez da politika lehen bezala bizi.

Uria. Gizartean ere badago kezka hori eta, batik bat, langileek dute kezka. Askotan esaten da irabazi ekonomikoei lehentasuna ematen zaiela beste guztiaren gainetik. Kooperatibak sortu zirenean, gosea zela, gerra zela, nahiz eta politika kontuak izan leku guztietan, nik uste langileek lanerako orduan burua lanean gehiago zutela. Horrekin ez dut esan nahi oraingo gazteak ez daudenik lanerako prest. Baina lehen lana, lana zen, eta gaur egun lana bigarren mailako zerbait da. Lana behar da bizitzeko, baina orain ematen du lehendabizi bizi egin behar duzula eta gero lana. Domusan jendeak lan asko egiten du eta asko inplikatzen da. Ordu gehiago sartzeko-eta esanez gero, beti inplikatzen da jendea. Baina bestela, ez dut kezka handirik somatzen. Kooperatiben segurtasun horrek jendea lasaitu ere egiten duela uste dut.

Gaur egun nola bizi da kooperatibismoa? Kooperatibetara lanera doazenek ba al dute kooperatibista kontzientziarik?

Uria. Gaur egun kooperatiba batera lanera datozenek, hasieran ez dute kontzientziarik. Guk Domusan lan eske datozenei gure kooperatiba zer den azaltzen diegu. Nik uste hasieran kooperatibista izateko jendea gehien erakartzen duena lan finkoa izatea dela.

Bikendi. Gaur egun geure baitan kooperatibismoaren ideia kontrajarri asko ditugu. Norbait kooperatiba batean lanean hasteko lehen arrazoia lana ziurtatuta izatea bada, kooperatibismoaren idealetatik oso urrun gabiltza. Nik uste kooperatibismoan bere ideia eta idealekin sinetsi behar eta nahi badugu, gero praktikan jendea lanean beste edozein enpresatan ariko balitz bezala ibiltzen bada, ez goazela batere ondo.

Amenabar. Jendea gure enpresetara etortzen denean lan bila, ez dut uste kooperatibismoagatik etortzen denik. Nik uste jendea, enpresaren inguruan duen informazioaren arabera etortzen dela. Lagunen batek, ezagunen batek edo beste norbaitek enpresa horretako baldintzak eta beste hainbat informazio eman ostean hurbiltzen dira. Eta ez dira kooperatibismoaren inguruan dakitenagatik hurbiltzen.

Bikendi. Gaur egun dugun balore bakarra dirua da eta gainerako guztiak galtzen ari garela. Denok behar dugu dirua. Azken batean, kooperatiba ez dugu behar bizitzeko, baina dirua bai. Beste garai batean aurrera joateko elkartu eta kooperatibak egin zituzten, baina ideal haiek galtzen doaz.

Elorza. Kontzientzia soziala ere joan da galtzen. Gure garaia beste bat izan zen eta orduan guztia beste era batera bizi zen. Lehen alderdi politikoak, taldeak... askoz gehiago bereizten ziren. Gaur egun ez da orduan bezala. Eta kooperatibismoaren ideiak ere galtzen joan dira.

Danonaren sorrera

Juanito Odriozola, berriz, Danonako sorrerako kidea izan zen, eta oraindik ondo gogoan du nolakoak izan ziren hasierako urte eta une haiek: "Hasieran sei-zortzi laguneko taldea sortu zen, eta bilerak egiten hasi ziren. Niri bilerak egiten ari zirela esan, ideia gustatu eta horrelaxe hasi nintzen neu ere bileretara joaten. Mikel Letamendia, Anastasio Agirre, Domingo Orbea, Patxi Maizek... lideratutako mugimendua izan zen. Hasierako ideia, langileek bizi zuten egoerari buelta ematen saiatu eta bizimodua pixka bat hobetzen saiatzea zen. Danona sortu zenean 23 kide ginen, baina tailerra bukatu aurretik beste bi ere sartu ziren. Gurea puntu eta apartekoa izango zen. Ez zen abadeek sortutako edo mugitutako mugimendua izan. Obrera zen Azpeitian sortu zen lehen kooperatiba, ondo zihoan eta horrelaxe sortu zen Danona, eta gurekin bateratsu Euskalduna kooperatiba. Hasierako urteak errazenak izan ziren; egindako altzari guztiak saltzen ziren. Orduan kalitateari ez zitzaion orain bezala begiratzen, prezioak ere denentzako modukoak ziren. Lehen hamar urteak behinik behin, onak eta errazak izan ziren; hogei artekoak ere ez ziren txarrak izan. Hortik aurrera hasi zen beherakada. Lanean okerren jardun ginenean izan genituen irabaziak, eta lanean ondo hasi ginenean, berriz, enpresa maldan behera joaten hasi zen".

Zerrenda

Azpeitian kokaturik dauden kooperatiben zerrenda.

-Euskadiko Kutxa.
-Lurgintza Nekazari Kooperatiba.
-Zubiola.
-Ibai Eder Nekazal Kooperatiba Elkartea.
-Danona.
-Eroski.
-Urola Aholkularitza.
-Gurekin Kontatu Gureko Nekazal Kooperatiba.
-Cooperativa Viviendas Residencial SCL.
-Ekiz SCL.
-Landa Aholkularitza.
-Ikasberri Azpeitiko Ikastola.
-Lar Etxeko Altzariak.
-Lan Mobel.
-Caja Rural de Navarra.
-Ardi Gazta Kooperatiba.
-Hermano Garate Etxebizitza Kooperatiba.
-Euskaraz Kooperatiba.
Iturria: Iraurgi Lantzen

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak