Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urtarrila »  Iritzia »  Urte berria, asmo zaharrak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Eta beste

Urte berria, asmo zaharrak

Maria Jesus Aranburu

Lehenik, txoko honetatik zuekin egoteko aukera eman didatenei eskerrak eman nahi dizkiet, eta zuri irakurle, errespetu handiz, eskertu nire burutazioak irakurtzeko beta hartzen duzulako.

Gabonak pasatu ditugu, berriro ere eguneroko errealitatean sartzerakoan, panorama ilunean aurkitzen gara: negua, egun motzak, hotza, euria, izotza... eta egutegia zenbaki beltzez betea. Giro honek ematen digun ‘makaltasunean’ sarritan, egutegiari begiratzen diogu eta festei aurre egiteko prestatzen hasten gara. Sansebastianak, inauteriak edo elurretako irteerak, negua lehenago pasatuko ote zaigun pentsatuz.

Bitartean errealitateak bere erritmoa darama eta egunen joan-etorriak beste zenbait berri ekartzen dizkigu. Egunerokotasunean murgiltzen gara eta Urte Zaharrak bere azken hilabetean, hainbat egun bereziren bitartez, gordintasunez begien aurrean ipini zizkigun zenbait egoera, akaso ahazten ditugu.

Hies eguna, emakumeen aurkako indarkeria salatzekoa... eta abar luze bat. Horietatik guztietatik nik Euskararen Eguna berriro eskuratu nahi dut eta egun hartan bakoitzak izango zuen asmo berritua jaso. Zorionez, herri euskaldun batean bizi gara, gure hizkuntza asko erabiltzen dugu; hala ere, badira oraindik zenbait hutsune: zenbat irakurtzen edo idazten dugu euskaraz? Zenbat aldiz hitz egiten dugu gazteleraz aurrean dugunak ez dakiela pentsatuz? Zenbat aldiz betetzen ditugu erakunde desberdinetako paperak gazteleraz hobeto beteko ditugulakoan? Zenbat aldiz ikusten ditugu helduak haurrei euskaraz hitz egiten, beraiek euren lagunekin gazteleraz hitz egiten duten bitartean?

Har ditzagun asmo zaharrak eta urte berrian txertatu. Datorren Euskararen Egunean nola ote dugu denona den euskararen altxorra?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak