Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2006 »  Urtarrila »  Iritzia »  Chinatown

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bat hirutara

Chinatown

Xabier Aranburu, Mikel Aizbitarte eta Haizkurgi Uzin

Gabonetan 'pozak' eta 'zorionak' gailendu behar dutela irakatsi digute ume-umetatik, baina bestelako sentsazio ilunik ere nozitzera iritsiko denik ez da faltako aurten.

Mikel. Alaken, Alaken, a la pikula tun bailen... Gaur, bi aste luzeko oporrei hasiera eman zieat eta pozarren nagok aurtengo gabon zoriontsuez gozatzeko prest.

Haizkurgi. Erotu egin al haiz ala? Zer dute ba gabonek zorioneko?

Mikel. Gabonetan denok gaudek alai, familia giroan, aspaldiko istorio zaharrak entzunez eta guztiok elkarturik gabon kanta politak abestuz.

Haizkurgi. Hik deskribatu berri dituan gabon idilikoak, Disneyko filmetan soilik gertatzen dituk. Konturatuko haizen bezala, gabonetan kontatu ohi diren istorio guztiak buruz zekizkiat eta horregatik, erotu baino lehenago, haiengandik ahal den bizkorren ihes egiten saiatzen nauk, kalean dagoen parrandaren egarriz.

Mikel. Aitortzen diat familia guztiak ez direla igualak eta, beraz, alaitasuna eta poza ez dela berdin banatzen etxe guztietan, baina ez didazue uka-tuko hunkigarria ez denik Errege Egunean, goizean jaiki eta bezperan garbitutako zapaten ondoan opari mordoa ikustea! Egun hori noiz iritsiko nagok. Nik, badaezpada ere, nire errege kuttunenari —Baltasarri alegia— igorri zioat eskari gutuna. Zuek nori bidali diozue?

Xabier. Erregeek egin dezatela beraien lana, baina euren erresuman. Gure herrian opariak eta alaitasuna banatzen dituen bakarra gure Olentzero maitea duk. Euskal gabonak beste herrialdeetako gabonengandik bereizten dituen ikurra, Olentzero bere asto gainean mendian behera ikustea duk. Gainera, oso kuriosoa iruditzen zaidak nola ume askok, ‘errege beltza’ duten kuttunen, kontutan izanda urte batzuk geroago zenbaitek beltzik ikusi nahi ez dutela inguruan. Umetan Baltasarrek opari eskasak ekartzen zizkielako izango duk, akaso!

Haizkurgi. Zer Olentzero, zer Baltasar eta zer erregeondo! Gabonen inguruko tradizioa pikutara zoak! Izan ere, aurtengo opariak ez dituk etorriko ez mendi aldetik, ezta urruneko basamorturen batetik ere. Ekialde urrunean baduk herrialde handi bat, eta, herensugeak ahotik sua botatzen duen bezala, ‘opari’ mordoa iristen duk handik gure etxeetaraino.

Mikel. Zer esan nahi duk horrekin bihozgabe horrek?

Haizkurgi. Ez ezak inozo aurpegi hori jarri! Nola esplikatuko hukek bestela, soinean daraman jaka dotore horren jatorria? Teknologi berrien abantailak aprobetxatuz, Internet bidez, edozein merkatura iristeko parada diagu gaur egun. Horrela, preziorik onenean eta erosotasun osoarekin edozein produktu erosteraino iristen gaituk. Galde iezaiek Azpeitiko dendari txikiei bestela, gabon inguruak, urteko egunik oparoenak izanda salmentarako, zenbat saltzea espero duten aurtengo honetan. Izan ere, herri erdiak egin ziek dagoeneko bere esakaria ‘errege txinoei’, gutun elektronikoa baliabidetzat hartuta. Zein da gure herriko dendari eta saltzaile txikien etorkizuna aurrerantzean, Txina bezalako merkatal zentro erraldoi baten aurrean?

Xabier. Garbi zagok gabon ospakizunen inguruko tradizioek itzulipurdi galanta jasan dutela. Familia giroan ospatzen zuan festa erlijioso bat izatetik, kontsumo eta gehiegikeriaren erresuman bihurtu duk. Batetik, umeak eta helduak, opari eta jakirik onenekin ere ezin konformatuz, aldamenekoarekiko bekaizkeriz jota. Gazteak, aldiz, festa eta parranda egarriz, afari legea egin ahala kalera azkar, urtea alkoholetan blai ekiteko prest. Hori gutxi izango ez balitz, zenbait gazte majadero gainera, Pomez Harria buru dutela, kalean edozein txikizio egiteko prest, petardo arriskutsuak lehertzetik hasita, gabonetako argi koloretsuak puskatzeraino.

Mikel. Gabonetan sartu berri gaituk eta ez diat inorekin haserretzeko asmorik. Norberak jakingo dik urte osoan zehar egin eta egin gabe utzi duena. Horrregatik zuei guztioi eskanita kanta zoragarri hau: Din Dan Don, Din Dan Don Eguberrion...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak