Libre
Txitxarak dantzan
Koldo Aldalur
Nahiz eta berezko zentzua erabat galdu duten gabon festak ia gainditu ditu-gun, oraindik atzealde inguruan dantzan susmatzen ditut hipokresiak berarekin duen ezintasunak sortu ohi dizkidan txitxarak.
Kontsumismoaren eredu bihurtu diren festen atarian ginela irakurri nuen guipuzcoanismoa eta, bide batez, espainolismoa gehien bultzatzen ari den egunkarian: herrialde honetako biztanle bakoitzak, batez beste, eta adinari erreparorik egin gabe, 60 euro gastatzen omen ditu Gabonetako loterian. Harro, oso harro ote zioen iruditu zitzaidan: gipuzkoarrek badute diru hori horretan xahutzeko; beraz, ederki bizi gara. Edo horrelako zerbait.
Baina politikan bezala gai horietan ere eremua zenbat eta zabalago hartu ulertezinagoa egiten denez, etxe ondora ekartzea izango da egokiena zenbakien itsasoan ito ez gaitezen. Ea, Azpeitian 13.500 lagun bizi gara gutxi gorabehera. Ondorioz, abenduaren 22ko loterian 810.000 euro, ia 140 milioi pezeta bota ditugu. Lotsaren aztarnarik gabe. Harro.
Batu eta batu. Segituko al dugu zenbakiekin? Espainiako administrazioak aitortu duenez, saritan % 70 banatzen dute. %30 beraientzat gordetzen dutela, alegia. 810.000 eurotik 243.000 euro estatuarentzat. 42.000.000. pezeta. "Mila esker bihotz-bihotzez ekarpentxoa egin duzuen guztiori" esatea bakarrik falta zaie.
Jarraituz gero, erabat frijituko naizenez, zenbakiak utzi eta jo dezadan espekulazioetara. Beno, zer egin dezake auzoko hiriburuko gobernuak gure herriak hain bihotz onez eman dion diruarekin? Perkala ezagututa ez dago burmuinari estutu handia eman beharrik. Ezkutuko dirua tentagarria denik ez didazue ukatuko.
Aukerak. 1. Audientzia Nazionaleko epaileak, nerabe aroko andregaiaren bularrak bailiren, igurtzi eta igurtzi euroen laztanak erabat goza ditzan arte. Fiskalak ere aginaldorik gabe ez utzi, badazpada, makrosumarioetatik eta epaiketa arruntetatik inor zutik atera ez dadin. Norbaitek deklarazio garrantzitsuren bat egin nahi badu, hari ere eskupeko zabala.
.2. Sansebastianetan txorimalo batzuk bidali hain erakarpen ederra egin duen herrira, herritarrak norekin, non, nola eta zertan dabiltzan azter dezaten. Eta argazki eta guztiz bada, soldata bikoiztu. Diruagatik ez dadila izan. Ez behintzat orain, poltsa betea dugunean.
.3. Diru laguntza berezi bat ezarri komunikabide zintzoen zuzendariei, irratsaio, tertulia eta orri bakoitzean azpeitiarrek garbi izan dezaten, besteak beste heuren laguntzari esker, herri honen eskubideak ez daudela zapalduta eta konstituzioaren altzoan baino epelago ez direla inon izango.
.4.Nahiz eta munduan dirurik ez den egiten duten lan eskerga ordaintzeko, eskupekorik gabe gelditu behar ez duten besteak, gure morala eta duintasunaz arduratzen den hainbat foro, elkarte eta pertsona zehatz. Gaueko telepredikadore sasi-liberalak barne.
.5. "...eta horrela bizi ohi gera sortuz ta sortuz gure aukera, atsedenik hartu gabe...". Barregurarik ez. Eta hau gabonetako zozketa ezagunari dagokionez. Baina... eta lotoa? Eta primitiba? Eta itsuena? Eta euro ez dakit zer?
.6. Sermoi moduko hau idazten hasi naizenean ohartu naiz oraingoan ere berandu gabiltzala okerra zuzentzeko, garaia joan dela, eta zertxobait bueltan etorri zaionaren poz ulertezinak txitxarak dantzan jartzen dizkidan une honetan uste dut zerbait gehiago egin daitekeela arlo honetan ere. Ez dakit, noizean behin elkartu erasoari nola kontra egin erabakitzeko edo antzeko zerbait. Edo ur sakonetan sartu, propio, pentsa-tuz zer egin daitekeen Azpeitia bezalako herri batean 42.000.000 pezeta gehiago izango bagenitu. Solidaritatean murgiltzea saririk gustagarriarena dela sinesteraino. Zaldi herrenaren entrenatzailearen garaipen ametsa. Eta esnatzen ez garen bitartean bapo ibiliko dira batzuk gure hipokresiari esker.
.7. Eta amesgaizto honetan Silviok zioen legez, sugeak irentsiko gaitu.
|